Maddi TXINTXURRETA
TOLOSAKO INAUTERIAK

Tolosa lehertzeraino sartu da festan

Tolosa inauterietan murgilduta dago atzoz geroztik. Ostegun Gizeneko txupinazoarekin kolore-eztanda egin zuen festak, eta ez du etenik izango datorren asteartera arte. Luze dirudi, baina motz sentitzen da gero. Patxi Amianok azken urtea izan du inauterietako alkate gisa, eta lekukoa pasatu zion Ainhoa Onsalori, hurrengo aldietarako.

Plaza Zaharra leporaino bete zen atzo eguerdian, inauteriei hasiera eman zien txupinazorako. Ostegun Gizena kolorearen eguna da, txilabena, eta koloretan sartu zen Tolosa festan.
Plaza Zaharra leporaino bete zen atzo eguerdian, inauteriei hasiera eman zien txupinazorako. Ostegun Gizena kolorearen eguna da, txilabena, eta koloretan sartu zen Tolosa festan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Alde Zaharreko Korreo kaleko Maritxu dendaren erakusleihoak, koloretako txilabekin, Ataungo Talogileen postu hutsezinak, txosnak, Alcatraz barraka arrakastatsuenaren argiek, pankartek, telebista kamerek eta irratiko mikrofonoek eta, batez ere, Udal Txistulari Bandaren Inauterietako zortzikoak iragarri zuten: Tolosa inauterietan da.

Ostegun Gizena ez da mozorrotzeko eguna, koloretako txilabak janzteko eguna baizik, ahalik eta deigarrienak, kuadrillako kideren bat galduz gero, urrutira ikusi eta erraz identifikatzeko modua ematen dutenak. Beti izaten da “guiriren” bat -“guiriak” izan daitezke, lasai asko, Arrasatekoak-edo-, baina astegunak, festaren hasierak, tolosarrenak izan ohi dira. Gaurtik aurrera beteko da Gipuzkoako herri hau Euskal Herri osoko jendearekin.

Bero zen giroa asteazkenetik ostegunerako gauerditik, Vista Alegre txarangako kideek orduan bota baitzuten lehen txupina Triangulo plazan. Baina eguerdiko hamabietako ekitaldian lehertu zen festa. Garaiz iritsi ez zirenak Plaza Zaharra gurutzatzeko lanak izan zituzten, kuadrilla gazteenak bizi ibili baitziren txupinazoa gertutik ikusteko lekua hartzen.

Plaza leporaino bete zen eta, itxuraz, bete-beteta dira tolosarrak ere. Europako Parlamenturaino iritsi omen da notizia: herriko inauterietako agintarietako asko «gizenegi» omen daude haien ardurak egoki betetzeko, nabaritzen omen da herriko kiroldegia, Usabal, zenbait hilabetez itxita egon dela -hitzarmena lortzeko borrokan ari dira langileak- eta Tolosan edozein aitzakia dela ona jan-edanarekin ospatzeko.

Kabi Alai elkarteak izaten du urtero Ostegun Gizeneko txupinazoa gidatzeko eta saltsa eta umorea jartzeko ardura, udal korporazioaren paperean sartuta, eta atzo ere berak hartu zuen Estrasburgoko legebiltzarrean ernatutako kezkak Tolosako herritarrei helarazteko ardura.

Hala, aditzera eman zuen Europako Parlamentutik hiru mediku etorri zirela Tolosara, eta agertu ziren osasungintzako profesionalak Plaza Zaharreko jende saldoaren aurrera, udaletxeko arkupetara, antzerkia egitera.

Barrez erantzun zuten herritar gehienek, baina izango da irudia bortitza egin zitzaionik ere, umorea -eta lodifobia- zerk zedarritzen duen hausnartuz: alkate eta zinegotzi guztiei banan-banan gerri bueltak neurtu zizkieten medikuek, eta erabaki zein dagoen karguan jarraitzeko moduan eta zein ez. Zenbat eta kilo gehiago, orduan eta ahalmen gutxiago herriko erabaki garrantzitsuenak hartzeko, itxuraz. Herritar guztiak ere gonbidatu zituzten dantza egitera, «plaza pare bat zentimetro» jaitsi delako.

Antzerki horrekin ondorioztatu zuten Patxi Amiano alkateari jubilatzeko ordua iritsi zaiola. Udaletxetik aitortu zuen legegintzaldi «luzea» izan dela, eta «beste norbaitek» egin behar duela aurrera bere partez. Horrela, datozen urteetan Ainhoa Onsalok hartuko dio lekukoa inauterietako alkate gisa; kargu hau hartu duen lehenengo emakumea izango da.

AIZ ORRATZ, KUTUNEN

«Azterketa medikoak» bukatuta, udaletxeko balkoira igo ziren 2024ko inauterietako txupinazoko protagonista guztiak, eguerdiko hamabiak iritsita. Pleno aretoko balkoira irten aurretik urduri ziren Aiz Orratz-Veleta elkarteko kideak. Kabi Alaik elkarte hau izendatu zuen inauterietako «kutun» eta berak zuen, beraz, festa handia hasiko zuen suziria botatzeko ardura.

Haurren parte hartzea bultzatzeko azken 50 urteetan egin duten lana eskertu nahi izan diete Aiz Orratz-Veletakoei. Izan ere, 1960ko hamarkadara arte haurrek ez zuten lekurik Tolosako inauterietan, eta elkarte hau izan zen umeen danborrada antolatzen hasi zena, lehenbizi, eta, urte gutxi batzuk geroago Haur Jaialdia Leidorren. Umeen inauterietako gogoak bizitzeko egiten da festa hau, festa lehertu baino aste batzuk lehenago, erraldoiek eta txarangak lagunduta.

Lehenengo arnasbeheratu, gero sakon arnasa hartu, eta jendaurrera atera ziren elkarteko kideak: «Tolosarrak! Gora Veleta! Gora Tolosa! Gora inauteriak!»

“Pun!” egin zuen txupinak, eta salto jendez betetako plazak. Musika hasi zen ozen, haizeak lagundu zuen konfetia hegan mantentzen, karameluak kamisetak tiratuta harrapatu zituzten haurrek, txarangako kideek hartu zituzten musika-tresnak... Asteartera arte, mozorroek, musikak, koloreak, irudimenak eta umoreak hartuko dute herria, etenik gabeko festan.