GARA Euskal Herriko egunkaria
AEB-KO PRESIDENTEAREN ADINA ETA MEMORIA

Bidenen etxeko agiri sekretuak ikertu dituen fiskalak lurrikara politikoa ekarri du

Robert Hur fiskal bereziak Joe Bidenen etxean agertutako dokumentuen ikerketaren berri eman du, 388 orrialde baino gehiagoko idazki batean. Funtsean, auzibiderik ez irekitzea proposatu du fiskalak, baina horretan geratu beharrean, lurrikara politikoa eragin du Etxe Zurian, oso memoria txikiko gizon zahar gisa deskribatuz Amerika Estatu Batuetako presidentea.

(Manderl NGAN | AFP)

Donald Trumpek berak nahi bezalako bozak zituen Nevadan ostegunean: hautagai bakarreko «caucus»-a. Era berean, Washingtonen Auzitegi Gorenak Coloradoko erabakia aztertu behar zuen, buruzagi errepublikanoa boto-paperetatik kanpo uzten zuena, eta Moskun Tucker Carlson kazetari trumpistak Vladimir Putinekin elkarrizketa zeukan. Gauza larriren bat gertatu behar zen Trumpek eta bere inguruneak protagonismo osoa ez hartzeko.

Inork gutxik espero zuen Barack Obamaren presidenteorde zela Etxe Zuritik eramandako dokumentuek ondorio larririk izatea Joe Bidenentzat. Ez presidentea edo demokrata delako; Trumpen presidenteorde izandako Mike Penceren kasuan ere, deskuiduan etxera eramandako agiriak izan ziren tartean, eta ikerketa amaitzean, Justizia sailak inputaziorik ez egitea erabaki zuen. Nolabait, Trumpek egindakoaren larritasuna agerian uzteko kasuak ziren: oharkabean dokumentu sekretuak eramatea, larria izanda ere, ondorio judizialik gabea izan ohi da gertatutakoaz jabetu eta Justiziaren esku geratuz gero. Izan ere, atzerago ere, dokumentu sekretuak gordetzen Hillary Clinton «guztiz arduragabea» izan zela esan zuen 2016an James Comey FBIko buruak; eta lege-urraketa ugari izanda ere, fiskal batek ez zuela gaia auzitara eramango esan zuen.

Funtsean, Robert Hur fiskal bereziaren ikerketaren emaitza Biden eta Trumpen jarreren arteko desberdintasuna agerian jartzea zen: ez dokumentu kopuruan, haiekiko jarreran baizik. Bidenek -edo Pencek- agiriak agertu bezain laster Artxibo Nazionalei eta Justizia Sailari deitu zien bitartean, Trump gezurretan eta ezkutaketan ibili zen. Eta, bai, hori esaten du txostenak. Baina askoz gehiago ere bai. Ikerketan zehar Bidenek erakutsitako memoria falta, esaterako, behin eta berriz nabarmentzen du Trumpen eskutik iritsitako -baina kasu hau ikertzeko Bidenen Justizia idazkari Merrick Garlandek izendatutako- fiskal bereziak.

Epaiketarik egiterik ez dagoela ondorioztatzen du Hur-ek, baina Bideni buruz honako irudia ematen du: «Epaiketa batean, berari egin genion elkarrizketan egin zuen bezala aurkeztuko litzateke Biden jauna epaimahaiaren aurrean, asmo oneko eta oroimen eskaseko adineko gizon jator bat bezala».

PRESIDENTEAREN MEMORIA «NABARMEN MUGATUTA» DAGOELA DIO HURREK,

eta Bidenekin izandako elkarrizketaren adibide ugari jartzen ditu: «Ez zuen gogoratzen noiz izan zen presidenteorde, elkarrizketaren lehen egunean lehen agintaldia noiz amaitu zen ahaztu zuen («2013a bazen, noiz utzi nion presidenteorde izateari?»), eta elkarrizketaren bigarren egunean agintaldia noiz hasi zen ahaztu zuen («2009an, presidenteordea naiz oraindik?»)». Urrian izan zen elkarrizketa, eta Bidenen abokatuek argudiatu dutenez, ezin izan zuen behar besteko arretarekin egin, Israel eta Gazako krisiaren ondorioz munduko buruzagiekin kontaktuan zegoelako etengabe.

Atentzioa ematen duten aipuetako bat da Bidenek ez zuela gogoan noiz hil zitzaion semea (2015ean). Berehala irten zen erantzutera, haserre. «Nola arraio ausartzen zara?», esan zuen teleprompterrean zeukan testutik begirada altxatuta. «Galdera egin zidatenean, neure artean pentsatu nuen, ‘ze arraio, hau ez da euren kontua’», esan zuen. «Ez dut behar inork gogorarazterik noiz hil zen», erantsi zuen emozioz. Gero, beste behin hanka sartu, eta Abdul Fatah al-Sisi-ri Mexikoko presidente deitu zion, Egiptokoa deitu beharrean.

Hur-en testua kaltegarria da oso presidentearentzat, ezin uka. Errepublikanoek behin eta berriz erabiliko dute Bidenen zilegitasuna higatzeko, zalantzarik ez. Hauteskunde-urtea da, eta dena arreta bereziarekin begiratzen da. Baina bederatzi hilabete falta dira. Bestalde, gordin eta askorentzat era mingarrian adierazita ere, bolo-bolo dabilen zerbait jartzen du mahai gainean. Bidenen onarpen maila baxua da, boto-emaileek berarekiko duten errezelo handiena adinagatik da.

Ekonomiak gora edo behera egin dezake, baina adinak ibilbide bakarra dauka, aurrera beti. Biden ez da gazteago egongo, 82 urte betetzear izango da azaroko hauteskunde egunean. Bere kanpainak adinaren errezeloari aurre egin beharko dio, sinesgarritasunean irabazteko. Baina aldatzerik ez dagoen parametro bakarra dela jakitun, eta herritarrek oztopo nagusia adinean ikusten badute, AEBetako ekonomia ondo dagoen seinale ere izan liteke.