Ion GARATE
Interview
MIKEL GONZALEZ
Futbolari ohia

«Realak sendotasun handia erakutsi du etxetik kanpo ere»

Azken bost denboraldiak Zipren eman ostean, etxera itzuli da Mikel Gonzalez (Arrasate, 1985), jada erretiroa hartuta. Hamabi denboraldi egin zituen Realeko lehen taldean, Bigarren Mailan zein Txapeldunen Ligan jokatuz. Realaren egonkortasuna, arlo guztietan, jo du taldearen bolada onaren oinarritzat, GARArekin izandako solasaldian.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Kolore guztietakoak bizi izan ditu Mikel Gonzalezek Realeko jokalari gisa. Maila galtzearen ardura Lehen Mailara itzultzearekin askatu zuela onartu dio GARAri, igoera hori bere une kuttunetakoa bilakatu zela. Egonkortu da Reala Europan eta hori gakoa iruditzen zaio arrasatearrari PSGren aurka lehiatzeko orduan. Old Trafforden jokatutakoa da Gonzalez, duela hamar urte, Txapeldunen Ligako multzoen fasean, eta oraingo Realak Europan jokatzeko eskarmentu handiagoa daukala onartu du.

Urte batzuk badaramatza talde txuri-urdinak Europan, Kopa bat ere irabazi du, joko maila oso ona eta egonkorra erakutsiz. Non uste duzu dagoela gakoa? Imanol, jokalariak, harrobia...

Nik uste dut denen batura dela. Ulertzen dut taldeko buru Imanol dela eta erantzukizun handia dauka egiten ari diren lanarekin. Bai organigramarena, bai jokalariekin... Jokalari gazte asko igotzen dabiltza, baina ez soilik igotzen, mantentzen urteetan eta sekulako maila ematen. Oso ondo hitz egiten du jokalariez ere, eta kanpotik datozen horiek ere errendimendu ona ematen dabiltza. Oso orokorra da dena, ezin dut ezer berezirik ere aipatu, ez nago barruan ere eta kanpotik ikusita oso egonkor ari dira eta metodologia ona jarraitzen dabiltza.

Txapeldunen Liga jokatutakoa zara, duela 10 urte, 2013-2014 denboraldian. Laugarren amaitu zenuten ligan. Zer oroitzapen dituzu?

Oroitzapen oso onak dauzkat. Bertan egonda, oso aurkari gogorrak egokitu zitzaizkigun multzoen fasean. Puntu bat lortu genuen eta sentsazio txarrak dauzkazu, inoiz ez zoaz irudi polita ematera bakarrik. Baina, oro har, oso oroitzapen politak dauzkat urte hartakoak, bai eta aurreko urtekoak ere. Futbol-zelai politak ezagutu, zaleak ere edonora gerturatzea... oso polita da.

Manchester United bezalako talde baten aurka ere aritutakoa zara. Nolakoa da horrelako talde handien aurka jokatzea?

Daukadan oroitzapena da horrelako taldeek partida asko jokatu dituztela. Oso ondo dakite zer den kanporaketa bat, oso ondo menderatzen dituzte egoerak. Une kritikoetan pultsazio horiek jaistea eta jakitea zein partida jokatzen ari zaren oso garrantzitsua da. Realeko jokalariek ere badakite zer den hori, ez dira Europan hasiberriak, guri gertatu zitzaigun moduan. Lau urte jarraian daramatzate urtero Europan jokatzen; beraz, eskarmentu hori ere badaukate.

Nola uste duzu prestatu beharko litzatekeela Reala PSGri aurre egiteko?

Ba, ez dakit. Oso ondo dabiltza partidak prestatzen. Ez ditut PSGren partida asko ikusi, baina imajinatzen dut aurrean daukaten abiaduran oinarrituta jokatuko dutela, dauzkaten jokalariengatik. Luis Enrique ezagututa ere baloiari garrantzia emango diote, baloi jabetza eta kontraerasoko oreka hori. Baina seguru ni baino hobeto jakingo dutela barruan daudenek [barrez].

Lehen partida Parisen izango da, bigarrena Anoetan. Joanekoan emaitza txukun bat lortuz gero, zure ustez Anoetan aukera izan lezake kanporaketa gainditzeko?

Bai. Kanporaketan bigarren partida etxean izatea, zure jendearen aurrean eta sendo egonda, oso garrantzitsua da. Hala ere, Realak oso emaitza onak lortu ditu etxetik kanpo ere eta sendotasun handia erakutsi du. Horrek nahikoa konfiantza emango die.

Txapeldunen Ligan aritutakoa zara, baina baita Bigarren Mailan ere. Non dituzu oroitzapenik gozoenak?

Igo ginen egunean. Anoetan igo ginen Celtaren aurka, oso berezia. Poztasuna baino lasaitua hartu genuen. Jaitsi ginenean ere hor nintzen eta zama handi bat kendu nuen gainetik. Niretzako egunik emozionanteena izan zen.

Sekulakoa izan behar du maila galdu, Bigarren Mailan aritu, mailaz igo eta Txapeldunen Ligan jokatzera iristea.

Oso modu azkarrean pasatzen da dena eta ez dizu ematen denbora hausnartzeko. Oso oroitzapen onak dira eta oso azkar igaro ginen Bigarren Maila batetik Txapeldunen Liga jokatzera.

Futboletik erretiroa hartuta, zer moduz bizi da bat?

Ongi. Irailean Arrasatera itzuli nintzen; ez nabil futbol munduan. Badaukat asmoa probatzeko. Gustatuko litzaidake nire burua aldagelaren beste aldean ikustea.

Parisko partidarako pronostikorik?

1-2.