FEB. 14 2024 VILLABONA «BORTIZKERIA POLIZIALAREN» AURKA Tolosako kargari buruzko «azalpen argiak» eskatu dituzte Villabonan «Animoak, babesa eta maitasuna» adierazi zion Villabonako herriak Ertzaintzak Tolosako inauterietan egin zuen kargaren ondorioz erietxean den 16 urteko gazteari. «Biolentzia poliziala» salatu zuten haren senideek prentsaurreko jendetsu baten bitartez, eta astelehen goizaldean gertatu zenaren inguruko «azalpen publiko argiak» eskatu zituzten. Herritar andanaren babesa izan dute senideek, Villabonan eman duten prentsaurrekoan. (IAndoni CANELLADA | FOKU) Maddi TXINTXURRETA VILLABONA Asaldatuta utzi ditu Villabonako herritarrak joan den astelehen goizaldean 16 urteko herrikide bat larriki zauritu zuen Ertzaintzaren kargak. Galdera gehiegirekin eta, beraz, erantzunak exijituz elkartu ziren horietako ehunka udalerriko Berdura plazan senideek egin zuten agerraldian, Poliziaren «biolentzia neurrigabea» salatzeko. Biktimaren aitak hitz egin zuen: «Ez da bidezkoa. Bada garaia gauzak aldatzeko». 19.00etan batu zen billabonatar andana, Ertzaintzaren jaurtigai batek jota begia larriki zaurituta duen 16 urteko herrikideari eta haren senideei babesa adierazteko. Gaztearen aitak hitz egin zuen, bere «haserrea» agertzeko eta semearen osasun egoeraren gaineko azken berriak emateko. NAIZ Irratiak atzo goizean aurreratu zuen bezala, ebakuntza eginda behar zuen gazteak, baina begiaren ingurua handituegi du horretarako, eta hantura apaldu arte ez dute operatuko. 12-15 puntu artean eman dizkiote betazalean eta bekainean, erretina alde batetik askatuta dauka, eta begiaren barrualdean odolbildua eta sendaezina den lesio bat, aitak jakinarazi zuenez. Atzo beste senide batek NAIZ Irratian zehaztu zuenez, gazteak begia erabat itxita du eta «sustoa gainetik kendu ezinean» dago. Argitu zuen ez dirudiela begia galduko duenik, baina kostako zaiola ikusmena berreskuratzea. Dena ondo bidean, bihar ebakuntza egitekotan dira medikuak, eta horren ostean jakingo dute «zer ondorio izango dituen» jasotako kolpeak. Prentsaurrekoan, aitak foam balak erakutsi zizkien hedabideei eta herritarrei. «Hauek dira nire semea jo zuten jaurtigaiak. 16 urte ditu, ez da bidezkoa. Bada garaia gauzak aldatzeko; asko aldatzeko, gainera», esan zuen. HIRU ESKARI Aitaren adierazpenen ostean, hainbat eskaera egin zituzten Villabonan bildutakoek. Hasteko, Tolosan gertatutakoaren inguruan «lehenbailehen azalpen publiko argiak» ematea galdegin zieten ordezkari publikoei, ez baitituzte askitzat jotzen Ertzaintzaren jarduera justifikatzeko orain arte eman diren azalpen apurrak. «Entzun dugun aitzakia bakarra liskar bati amaiera eman nahi ziotela izan da», kritikatu zuten. Oldartu zirenean, agenteek «inongo segurtasun neurririk bermatu gabe» kargatu zutela salatu zuten; beraz, inauterietako gau batez ertzainei kargatzeko agindua emateko ardura nork izan zuen jakin nahi dute, eta dagozkion ardurak hartu behar dituela aldarrikatu zuten. Bestalde, nabarmendu zuten horrelako egoera bat ezin dela berriro errepikatu eta, ohartarazi, «borondatea» izanez gero ezar daitezkeela horretarako bermeak. «Herri honek ondo daki zer den Ertzaintzaren biolentzia jasatea; festa giroan neurrigabeko erabakiak hartzeak ondorio atzeraezinak izan ditu sarri. Ez al dute azken urteetan ezertxo ere ikasi? Garaia da aski dela esateko, nahikoa dela esateko. Nazkatuta gaude», agertu zuten. Erietxean den gazteari herriaren «animoa, maitasuna eta babesa» helarazi zioten, eta deialdi baten berri eman zuten. Larunbat honetan mobilizazioa egingo dute, 12.00etan, Tolosako Triangulo plazan. «KARGATZEA ZEN ONENA» Gertatu zenari buruz, astelehenean GARAri emandako testigantza berretsi zuen NAIZ Irratian elkarrizketa eman zuen senideak. Gaztea eta bere lagunak kalez kale zebiltzan, inauteri giroan murgilduta, eta Poliziaren lehenengo oldartze bat entzutean korrika hasi ziren. Bigarrenean sentitu zuen kolpea eta «seko erori zen lurrera». Hiru mediku-txosten ditu familiak orain arte, eta horietatik bitan aipatzen da pilota batek eragin ziola zauria billabonatarrari. Ertzaintzak bi aldiz jo du familiarengana. Lehenengoa telefono dei baten bidez izan zen, astelehen goizean. «Zer moduz zegoen galdetu ziguten», zehaztu zuen senideak “Haria” irratsaioan. Dei horretan, agente batek esplikatu zien Tolosako kale horietan «liskar» batzuk zeudela eta pentsatu zutela «kargatzea zela onena». «Guri harrigarria egiten zaigu hori, igande gauean Tolosan zenbat jende mugitzen den jakinda», aipatu zuen familiartekoak. Astelehen eguerdian, bestalde, ertzain batzuk gerturatu ziren erietxera, berriro ere biktima «nola zegoen jakiteko» asmoz eta ikerketa abiatuko zutela jakinarazteko: «Beraien esku zegoen guztia egingo zutela esan ziguten». Arratsaldean mediku forentsea pasatu zen erietxetik zauritutako gaztea ikustera. UDALEI ESKER ONA Horrez gain, Tolosako zein Amasa-Villabonako udalei esker ona adierazi zien senide honek. «Gurekin harremanetan jarri dira biak», nabarmendu zuen. Andu Martinez de Rituerto eta Beatriz Unzue Tolosa eta Villabonako alkateek, hurrenez hurren, gertatutakoa ikertzeko eskatu zuten astelehenean bertan. ��ZORIONAK��Los sindicatos de la Ertzaintza Erne, Esan y Sipe felicitaron a los agentes que se abalanzaron sobre el