GARA Euskal Herriko egunkaria
TXAPELDUNEN LIGA

Izarren eta printzeen arteko amets «ahaztezina»

Printzeen Parkean jokatzea ez da txantxa. Printzeen Parkean jokatzeak izarren artean aritzea dakar, eta izarren pare aritu zen Reala kale izkinatan zein Parisko estadio entzutetsuan. Realzaleak festa gogoz agertu ziren partidaren atarikoan, baina lehiatzeko kemena inoiz ahaztu gabe. Emaitza on bat lortzea posible zela sinetsita zeuden.

Ezkerreko argazkian, realzaleak kantari, Parisko “meeting point” gunean; alboan, Realeko jarraitzaileak Printzeen Parkean. Lerro hauen eskuinaldean, zale txuri-urdinak, Eiffel Dorrearekin argazkia ateratzen. (GARA - REAL SOCIEDAD - Miguel MEDINA | AFP PHOTO)

Txapeldunen Liga, Parisen, Printzeen Parkean, Paris Saint-Germain... Hitz handiak dira, bai behintzat euskal ikuspegitik. Realak izaera bat eraiki du aurten Europako txapelketa gorenean eta horrek suposatzen duen konfiantzarekin, baina batez ere txikitasunaren apaltasunarekin, 2.000 zale inguruk lur hartu zuten Parisen, herenegun eta atzo. «Xalalalalalala Erreala, xalalalalalala Erreala...» kantuak, “Txurdin” orkestrako gidari dela, eta beste hainbat animo abestik girotu zituzten Parisko zirrikituak, kale izkinak zein realzaleentzat egokitutako ‘meeting point’ gunea.

Gehienak trenez iritsi ziren, Hendaiatik Parisera. Baziren hegazkina hartzeko hautua egin zutenak ere, bai eta autokarabanarekin egonaldi luzexeago bat egiteko aukera probestu zuenik ere. Reala zen aitzakia nagusia, baina bidean Mickey Mousekin ere gurutzatu zen Orioko familia hau, semearen ilusioa bikoiztuz.

Ilusioa agerikoa zen kolore txuri-urdina soinean zeukan edonorengan. Askok egin zuten Realaren garaipenaren aldeko pronostikoa. «0-3, Oyarzabalen gol batekin, eta berak ez badu jokatzen, Take Kubok», esan zuen, NAIZ Irratiko mikrofonoan, bezperan Mickey Mouse agurtu eta bart Printzeen Parkean izarren artean amesteko prestutasuna zuen gazte oriotarrak. Japoniarrak 2029ra arte berritu du Realarekin eta zale askok bere golarekin amestu zuen Printzeen Parkera sartu aurretik.

Izarren artean jokatzeak baikortasuna puztea dakar, oso zaila dena apur bat errazago ikustea, eta sentipen hori errealitatearekin ere kolpatu zen. Berdinketa ontzat ematen zuten gehienek, hiru aste barru kanporaketa Anoetan erabaki ahal izateko.

«Gutxienez berdinketa bat» ateratzea ona litzatekeela onartu zuen Ivan Paredesek, duela 20 urte Argentinara joandako donostiarrak. Semearekin batera Pariserako bidaia egin zuen, partida handia ikusi eta ondoren, beste bi astez, Euskal Herrian barrena egonaldia egiteko. Semea, «argentinar-argentinarra eta %100 realzalea» baikorrago agertu zen.

IDENTITATE TXURI-URDINA

Futbolak sentimendu ugari mugitzen ditu, onerako zein txarrerako. Izateko modu bat da askorentzat, oinordekoei helarazten zaien sentimendu bat -Ivan Paredesek bere semarekin egin bezala-. «Garrantzitsuak ez diren gauza horietatik garrantzitsuena da futbola», esan zuen Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak. Futbolaren bueltan gertatzen dena pintzekin hartu behar da, erlatibizatu egin behar da, baina unean unean, Txapeldunen Ligako ereserkia entzutean, saihetsezina da azalean oilo ipurdia agertzea. Eta hori ere konprenitu egin behar da, konprenitu egin behar den moduan Argentina edo Puerto Ricotik zuzenean Parisen lur hartzea PSG-Reala partida ikusteko, zure txikitako taldearen hitzordu historikoan bertan egoteko.

Horrelako partidekin oroitzapen asko biziberritzen dira, barnean mimo handiz gordeta ditugun txikitako sentimenduak azaleratzen dira. Realak orain arte jokatu dituen Txapeldunen Ligako demak -Denoux, Jagoba Arrasate edo Natalia Arroyo entrenatzaile zirela-, 2004an Olympique Lyonen aurka jokaturiko final zortzirenetako kanporaketa, aurkari beraren aurka 2013an atariko fasea gainditu izana -ondoren multzoen fasean kamuts aritzeko, Mikel Gonzalez futbolari ohiak GARAri onartu bezala, sentimendu gazi-gozoak eratu zituena- eta, noski, nostalgikoago jarriz gero, 1983an Europako Kopan Reala finalerdietan ikusteak sortu zuen harrotasuna. Bada partidatzar horiek guztiak bizi eta Parisen beste oroitzapen handi bat batu zuenik ere, sentimendu txuri-urdina bizitzaren gurpila bilakatuta.

KONFIANTZA OSOA

«Ahaztezina izatea» leloa aukeratu zuen Realak Parisko partidarako, baloiaren bueltan, azken finean, oroitzapenak iltzatzen baitira eta horren inguruan mugitzen gara. Tabernetako berriketaldien muina dira oroitzapenak, bai eta atzo, partida handiaren aurretik, sortu ziren hizketaldietan ere. Eta oroitzapen horiek presente edukitzeak, nondik gatozen jakiteak, futbolaren gorabeherez kontziente izateak, eramaten du ikuslea futbolaz eta bere taldeaz disfrutatzera. 2013an milaka zale joan ziren Manchesterrera, multzoen fasean, bere bihotzeko taldea Old Trafforden jokatzen ikustera, estadio handi eta mitikoan. Emaitza on bat ateratzea zaila zela jakitun -bai eta multzoen fasea gainditzea ere-, baina bertan, Realarekin batera, oroitzapen berri bat eraikitzeko ilusioz.

Atzo Parisko kaleetan antzematen zen sentsazioa zen, zailtasunak zailtasun, Reala gai ikusten zutela, benetan, PSG bezalako transatlantiko bat mendean hartzeko. Arestian aipatutako emaitzak, baikortasunak puztuta bazeuden ere, errealitate izan zitezkeela sinetsita.

«Reala errespetu handiz hartzen dute beste taldeek ere, eta hori oso polita da», adierazi zuen, bestalde, Maialen Zelaia jokalari ohiak, partida jokatu bezperan. Izan ere, Reala ez dago Txapeldunen Ligan anekdota soil bilakatzeko, hamar urtean behin jokatzen duen txapelketa batean zenbait talderen artean agertzeko. Urratsa egin nahi du, presentzia izan nahi du, oihartzuna izan nahi du, «ahaztezina» izatea bilatzen zuen atzo, emaitzaz harago joanda.

Zubietaren zigiluaz asko hitz egin da Europan zehar, Txapeldunen Ligako multzoen fasea lehen postuan eta porrotik gabe gainditu ondoren. Izaera bat eraiki du Realak, jokatzeko modu bat, kemen txuri-urdina, Imanol patroi eta Oyarzabal kapitain direla. Eibartarra, min hartuta egon arren, zaleen ahotan ibili zen egun osoan. Zaleek bere itzulera desio zuten, Realaren izaeraren ordezkari gisa. Silva deialdian «gonbidatu» bezala sartzeak ere esanahi handia dauka, Mikel Labakak Tuteran aipatzen zuen «izateko modu» horretan. Printzeen Parkean elkartu ziren 2.000 zaleentzat ahaztezina izan zen atzokoa.