GARA
LEZO

«Gazteon eskutik», Ernairen udaberriko ekimena, martxoaren 29tik 31ra Lezon

«Gazteon eskutik» ekimena aurkeztu zuen atzo Ernai Gazte Antolakundeak Lezon. Bi eguneko egitarau politikoa, aisialdi eskaintza eta musika jaialdia uztartu dituzte, eta egun pil-pilean dauden gaien inguruan hausnartzeko tartea hartu nahi dute: «Gazteok egina, gazteontzat».

Ernaik Lezon aurkeztu zuen, atzo, udaberriko ekimena.
Ernaik Lezon aurkeztu zuen, atzo, udaberriko ekimena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ernai Gazte Antolakundeak “Gazteon eskutik” ekimena antolatu du. Martxoaren 29tik 31ra izango da, Lezon. Herrian bertan egin zuten atzo goizean aurkezpena, eta egitarauaren berri eman zuten. Horrekin batera, «martxoan udaberria gazteen eskutik loratuko» dela iragarri zuten, eta dei egin zioten euskal gazteriari aurkeztutako ekimenean parte har dezan.

Adierazi zuten hilabeteak direla Euskal Herria «martxan» dela, eta orain gazteak «lehen lerroa hartzera» doazela, «gazte udaberria» datorrela. «Gazteon egoera azalduko dugu, baina ez hori bakarrik, horri aurre egiteko proposamen konkretuak eta alternatibak loratuko dira hurrengo hilabeteetan».

INDEPENDENTISTEN TOPAKETA

«Urteroko gazte independentisten topalekua» izango da Lezokoa Ernaiko kideen esanetan. «Lokatzetan sartuko gara, eztabaidatuko dugu, lan egingo dugu, zikinduko gara eta denon artean gure neurrira egingo den herria errealitate bihurtuko dugu Lezon», azaldu zuten aurkezpenean, eta gazteen bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaldu zein egoerarentzako alternatibak sortzeko «borroka ziklo oso bat irekitzeko anbizioa eta indarra» dutela gaineratu zuten gazte antolakundeko kideek.

«Gazteok izango gara protagonistak, historia kontatu eta egingo dugunak», ohartarazi zuten eta horretarako «egitarau zabala» antolatu dutela nabarmendu. Egitarau politikoa, aisialdia eta musika jaialdia uztartuko dituzte bi egunez. «Gatazka eta eraikuntza feministak, bizitza duinen aldeko udaberria, Palestina, etorkizuna, gazte eszena musikala zein pornoa izango ditugu mintzagai» zehaztu zuen Ane Alava bozeramaileak.

“Negu Hurbilak” filmaren proiekzioa, “marianito pintxada”, “Tiro al fatxa”, zumba, Tattoo txokoa, bakarrizketak, escape rooma... ere izango dira.

GAUEKO ETA EGUNEKO EGITARAUA

Hitzaldi eta mahai-inguruen artean, “Italiaren itzalpetik herrien askatasunera”, “Guk utipikook... zer utopia?”, “Oholtzatik iraultzara?”, “Herrialde katalanetako ikasle greba aztergai” eta Peio Otxandianok argitaratu berri duen “Begirada” saiakeraren ingurukoa izango dira Lezon.

«Herri bat dantzan» jartzeko helburua ere badute, eta horretarako, azaldu zuten «belaunaldi berri bati» eskaini diotela oholtza: Hofe, Belako, Ganibet, Mafalda, Eire, Azken Sustraiak, Ithaka, Zilibito Rekords, Amooma, Xiberoots… izango dira beste hainbaten artean beraien musikaz iluntzeak girotzen.

Bestalde, eguneko argiaz gozatzeko egitaraua ere prest dute jada; besteak beste, drag showak, gazte bazkaria, bertso saioa, Porrotxen ikuskizuna eta sortzaileen azoka azpimarratu zituzten, baina zabaldutako egitarau osoan beste hamaika proposamen ere biltzen dira.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri daudela gogorarazi zuten. Bibe.eus atarian eros daitezke, eta hurrengo egunetan salmenta-puntu fisikoetan ere egongo direla baieztatu zuten. Aurkezpenean esan zutenez, sare sozialen bidez emango dute hurrengo egunetan salmenta-puntu fisikoen eta bonuen zein eguneko sarreren prezioen berri.