Asier ROBLES
BILBO

Netanyahu epaitzeko ekimenak euskal abokatuen babesa jaso du

Gernika-Palestina ekimenak hainbat euskal abokaturekin egindako prentsaurrekoa.
Gernika-Palestina ekimenak hainbat euskal abokaturekin egindako prentsaurrekoa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gernika-Palestina deialdi herritarrak antolatutako “Elkartasun aktiboa” kanpainaren helburuetako bat Euskal Herritik PCHR, Al-Hacq eta Al-Meza palestinar erakundeek Nazioarteko Zigor Auzitegian (NZA) genozidioagatik jarritako salaketa laguntzea da, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaileen aurrera eramateko. Ekimen hori zertan den azaltzeko prentsaurrekoa eman zuen atzo Bizkaiko Abokatuen Elkargoan.

Agerraldian, Ane Mezo bozeramaileak, MunduBat GKEko kide den abokatu Carlos Alberto Ruiz Sochak eta Urko Aiartza abokatuak osatu den jarraipen taldearen dinamika aurkeztu zuten. Halaber, Nazario Oleaga, Amaia Izko, Aitzol Asla eta Iratxe Urizar abokatuak ere egon ziren bertan, egitasmoari babesa ematen.

Aiartzak azaldu zuenez, 2023ko azaroaren 9an giza eskubideen aldeko hiru erakunde palestinarrek idazki bat aurkeztu zioten Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzari Palestinan gertatzen ari diren nazioarteko krimen larrien inguruko ikerketa indartzeko.

Izan ere, honen inguruko ikerketa 2019tik abiatuta dauka Fiskaltzak. Palestinako Gobernua 2015ean gehitu zen Erromako Estatutura eta 2018an eskatu zuen ikerketa bat burutzea palestinarren lurralde okupatuetan gertatzen ari ziren balizko gizateriaren aurkako krimenen inguruan. Atzoko agerraldian azaldu zutenez, 2019ko abenduaren 20an fiskalak iragarri zuen «Fiskaltzak zuen informazio fidagarriaren ebaluazio zehatz, independente eta objektiboa egin ondoren, Erromako Estatutuan ezarritako legezko irizpide guztiak betetzen zirela erabakita amaitu zela egoera horren aurretiazko azterketa, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem eta Gazako Zerrendan gerra krimenak egin zirelako edo egiten ari zirelako ikerketa bat irekitzeko».

Hortik aurrera, ikerketa abian da, eta 2021ean gizateriaren aurkako krimenak gertatzen ari zirela esateko balizko elementuak bazeudela adierazi zuen Karim Khan NZAko fiskalak.

Aipatzekoa da Israelgo Estatuak debekatu egin diola Khani Israelen eta Palestinan sartzea.

Oraingo ekintza hau urteetan zehar egindako beste aurkezpen batzuen ildokoa da, 101 elkartek eta akademikok 2023ko urriaren 19an Fiskalaren Bulegoari aurkeztutako gutun irekia barne, baita beste lege-ekimen global batzuk ere, Israelgo Estatua eta funtzionario israeldarrak erantzule egiteko gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeen ekintzengatik, genozidioa bultzatzea barne.

Ruiz Sochak defendatu zuen Euskal Herritik ezin dela beste alde batera begiratu Palestinan eta, zehazki, Gazan gertatzen ari denaren aurrean: «Genozidio bat egiten ari dira, eta eskakizun moral eta politikoen mailan egon behar dugu. Horregatik, ekimen juridiko hori babestu behar da».

Horregatik guztiagatik, atzoko prentsaurrekoan izan ziren abokatuek ekimen honekiko konpromisoa agertu zuten eta euskal herritarrei parte hartzera dei egin zieten, ekarpen ekonomikoak eginez Laboral Kutxako kontu korronte honetan: ES0530350083240830140015.