GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Bea Sever eta Elaxar Lersundi
Naizen elkarteko kideak

«Egun berezia da, Ekaik nahi zuena lortzeko bidean»

Gasteizen Trans Legea onartuta, «egun berezia» dela esan zuen Elaxar Lersundik, suizidatu zen Ekairen aitak, NAIZ Irratian. Legeak «urrats gehiago» eskatuko ditu, baina trabak kendu eta aitortza legala izatea «berebizikoa» da Naizen-eko Bea Severrentzat.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrean Trans Legea egun berezian onartu zuten; izan ere, atzo sei urte bete ziren Ekai Lersundi gazteak bere buruaz beste egin zuela. Elaxar Lersundik oso egun berezia zaiola aitortu zuen, Ekaik nahi zuena lortzeko oztopoak kentzen direlako eta atzetik datozenentzat gauzak erraztuko direlako. Alabaina, aitortu zuen gizartean oraindik lan asko dagoela egiteko: «Asko dira pentsatzen dutenak kapritxoa dela ume batek hori esatea. Ez gara inor esateko bestea nor den; norberak du bere burua nor den esateko eskubidea».

Horrekin bat egin zuen Naizen elkarteko Bea Severrek. Ekairen suizidioak islatu zuen pertsona hauentzat zer nolako oztopoak dauden; «ez dugu horrelakorik nahi», esan zuen. «Haurtzaroan transitoa egitea erabakitzen dutenek egoera normalizatzea beharrezkoa dute, gezurrak agertzea, errealitate hauetara gerturatzea. Oztopoak kendu eta eskubideak onartu behar dira lege bidez. Beste guztiok kasilla batetik ateratzen gara, eta hauek atzeragotik», esan zuen.

Legearen babes zabala Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk izan ezik, baiezko botoa eman zuten. Severrek esan zuen «kostatu» dela onartzea, hauteskunde ziklo ezberdinek atzeratu dutelako legearen onarpena. Aitzitik, lortutako babesarekin «oso pozik» mintzatu zen.

Azpimarratu zuen gaur egun egiten diren zenbait gauza jasota geratuko direla, esaterako, hezkuntza protokolo berritua. Dokumentazio trantsitorioa, izena eta sexu aldaketak, dekretuz jasota zeuden, baina ez lege bidez.

Halaber, garrantzitsutzat jo zuen osasun arretan psikiatrizazio eta patologizaziotik ateratzea eta erantzuna eta jarraipena lehen arretatik ematea. Bestalde, hezkuntza, osasuna eta administrazioko langileentzat formakuntzak egongo dira, eurek pertsonekin lan egiten dutelako.

Ez-bitarrik gabe Txaloka eta hunkituta hartu zuten lege berriaren onarpena Gasteizko Legebiltzarreko palkoak betetzen zituzten elkarte eta kolektibo desberdinetako kideek. Ikusgune Gasteizko LGTBI+ Behatokiaren eta Loratuz Lotu trans elkartearen izenean Claudia Ugartek eta Brayan Altimasberesek, hurrenez hurren, bereziki legearen izenaren aldaketa laudatu zuten, «trans aktibista askorentzat konnotazio patologizatzailea duen» ‘transexual’ hitzaren ordez ‘trans’ jarri dutelako.

Hala ere, genero ez-binarioarekin identifikatzen diren pertsonak «aitortzeko ausardiarik ez» dutela izan deitoratu dute. Hortaz, beharrezkotzat ikusten dute «lehenago edo geroago» arauaren hirugarren moldaketa bat. «Pertsona ez-binarioak sartzen ez badira, askatasun mugatuak baino ez dira», salatu zuten ekintzaileek. Eta beraien kolektiboetatik, zentzu horretan, lanean ari direla esan zuten.

Euskal LGTBI+ Behatokitik, pertsona ez-binarioak ez aitortzea «sentitzen» dutela adierazi zuten. Baina intersex pertsonen «beharrak ikusarazten eta aintzat hartzen hasi direlako» pozik agertu ziren, arauak genitalen mutilazioa debekatzen duelako. Aitzitik, «hutsune gehiegi, konpromiso zehatz gutxi eta gehiegizko ez-egiteak» dituenez, legea «zaharkituta» dagoela azaldu zuten.