GARA Euskal Herriko egunkaria

Kilometroen urteko egitaraua antolatu dute Azpeitian: «Kultur izpiak»


“Kultur izpiak” programa aurkeztu zuten atzo Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako ordezkariek.

Kilometroak «jai handiaren» aurretik izango diren ekimenak biltzen ditu programa horrek. Kilometroak 2024ren hiru ardatzak kontuan hartuta antolatu dituzte ekintzak: euskara; kulturartekotasuna eta aniztasuna; eta herrigintza.

2024ko Kilometroak Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba antolatzen ari da. Urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jai handia. Eguzkilorea du iruditzat, eta “Izpiz izpi” leloa. Otsailean hasi eta irailean amaituko den egitaraua aurkeztu zuten.

URTE OSOKO LANKETA

Alaitz Epelde Azpeitiko Ikastolako Kontseiluko kideak esan zuen Kilometroak ez dituztela egingo «orain arte egin diren bezala», nahiz eta urriaren 6a festa eguna izango den. «Baina aurten -esan zuen-, egun horri bezainbesteko indarra eman nahi diogu Kilometroen urteari, eta urte guztiak zehar landu nahi ditugu hiru ardatz nagusi».

Gorka Artola koordinatzaileak, «ekintza xumeak, eta helburu handiak» izango dituztela aurreratu zuen; «ekintza xume horien programa da kultur izpien bidez aurkeztu dena».

Ikasleek protagonismo berezia hartuko dute. Haiek ari dira ikasle topaketak antolatzen.

Apirilaren 19a izango da gazteen hitzordua: «Ikasle topaketak egin nahi ditugu Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak elkartuz, eta jai giroan, gure intereseko gaiak landu eta ondo pasatzeko bidea eginez», adierazi zuten Mattin Arakistain eta Miren Iturzaeta ikasleek.