GARA Euskal Herriko egunkaria

M3 Memoriagunea Fundazioaren sorrera, biktimarik gabe sinatua

Lakuako Gobernua, Arabako Aldundia, Gasteizko Udala eta Apezpikutzak eratu zuten atzo Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa. Notario baten bulegoan izan ziren ordezkariak, hedabideentzat ateak itxita izan zituen ekitaldi batean. Biktimak ere ez ziren egon.

Lakuako Gobernuak “Irekia”-ren bitartez zabaldutako irudia. (IREKIA)

Hiru urte luzeren ondoren, erakundeek eratu zuten atzo Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa. Tamalez, erabilitako moduak ez ziren bat etorri egunak zuen garrantziarekin.

Lakuako Gobernuko ordezkariak, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Maider Etxebarria eta Juan Carlos Elizalde gotzaina hiriko erdigunean dagoen notario baten bulegoan bildu ziren. Banaka iritsi ziren bertara.

Lakuatik hedabideei ohartarazi zieten ezin izango zutela barruko argazkirik hartu, ezta galderarik egin ekitaldia amaitutakoan. Iturri bakarra “Irekia”-n zabaldutako oharra izango zen. Hala, bulegotik irten ziren banaka, sartu bezala.

Hitz egin zuen bakarra gotzaina izan zen. Honek aitortu zuen fundazioa eratzeko prozesua «zaila» izan dela, «baina pozik gaude gertatutakoaren memoria objektiboari bidea ireki zaiolako, gertatu ziren tokian bertan, San Frantzisko Elizan, eta berme guztiekin».

Etorkizunari begira, hurrengo urratsak «automatikoak» izango direla azaldu zuen.

Nolanahi dela, aitortu zuenez, ez dira datak ezarri. Gotzainaren esanetan, biktimekin lanean arituko dira, baina ostegun honetako ekitaldian ez ziren egon.

ERRESPETU FALTA

Polemika duela bi aste sortu zen, fundazioaren eraketa otsailaren 15ean izango zela iragarri zenean. Nahiz eta patronatuan egon, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek prentsaren bidez jakin zuten data.

Nerea Martinezek NAIZ Irratian egindako adierazpenetan azaldu zuen egoerak «haserre eta harrituta» utzi zituela elkarteko kideak. Hauek sareen bidez salatu zuten erakundeen «errespetu falta».

Egoerak hobera egin zuen hurrengo egunetan, eta asteazken honetan sinatu zen Gogora Institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko hitzarmena, bi urteko atzerapenez.