GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Delitu fiskalen aurka utzikeria da nagusi


Atzo Gipuzkoako Auzitegiak partzialki onartu zuen Victor Bravo Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohi eta EAJko senatari ohiaren errekurtsoa, ogasun publikoaren aurkako hiru deliturengatik kondenatua, eta zazpi urtetik bi urte eta sei hilabetera jaitsi zuen zigorra. Bravok delituak egin zituen unean indarrean zegoen Zigor Kodea aplikatu zuen Auzitegiak. Epaileek, halaber, bidegabeko atzerapenen inguruabar aringarri «oso kualifikatua» aplikatu zuten.

Errudun orok eskubidea du bere kasua arretaz eta prestutasunez ikertzeko eta Zigor Kode mesedegarriena aplikatzeko. Justiziak ondo funtzionatu behar luke beti; hala ere, kargu publiko nabarmenak epaitzen diren kasu horietan, hain zuzen ere, prozeduraren atzerapenak metatu egiten dira, instrukzioa luzatu egiten da, eta azkenean, epaia ematen denean, atzerapena inguruabar aringarri gisa aplikatzen da. Gainera, zigorra hain nabarmen murrizten denez, badirudi funtzionario publikoari edo kargu politikoari delitua, kasu honetan iruzurra, ia doan ateratzen zaiola. Izan ere, funtzionario publikoak tartean dauden kasu horietan izapidetu behar lirateke arreta gehienez, iritzi publikoan funtzionario publikoen artean halako korporatibismo bat gailentzen den sentsazioa geratzerik nahi ez bada. Oro har, eskularru zuriko delituei ezartzen zaizkien zigor txikiek, batez ere delitu fiskalen kasuan, zigorgabetasunaren pertzepzioa uzten dute gizartean, eta horrek erakunde publikoen ospea, kasu honetan Ogasunarena, murrizten du. Horrek kezkatu egin behar luke, batez ere, edozein aitzakia baliatzen duten indar politikoek erakundeen defentsa itxia egiteko.

Oso larria da funtzionario publiko batek bere kargua baliatzea aberastasun pertsonalerako, baina 2007an, afera ezagutu zenean, ez zen kondena askorik entzun. Enpresak Sustatzeko Sozietateak erabili egin zuen saihesbideez beteriko tresna. Hala ere, inork ez zuen zerga-figura hori desagerrarazi, EH Bilduk 2013an egin zuen arte. Erabaki horrek gehiago egin zuen erakundeen ospearen alde, diskurtso huts eta itxurazko askok baino.