GARA Euskal Herriko egunkaria
TOLOSAKO POLIZIA KARGAREN ONDOREN

«Erantzunak eta erantzukizunak» eskatu dituzte Xuharren gertukoek

Ertzaintzak foam balaz zauritu zuen gaztearen familia Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari zuzendu zitzaion, hiru norabidetan erantzukizunak argitu ditzala eskatzeko: Tolosan kargatu zuen ertzain taldearenak, «indarkeriaz» kargatzeko agindua eman zuen ertzain buruarenak, eta sailburuarenak berarenak, bera baita Polizia autonomikoaren «arduraduna eta erantzulea».

Ehunka lagunek Tolosako Triangulo plaza bete zuten Xuharri elkartasuna adierazteko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Astelehen goizaldean Ertzaintzaren foam bala batek zauritu zuen Xuhar gaztearen senide eta lagunek agerraldia egin zuten atzo eguerdian Tolosan, 16 urteko gaztea lurrera bota zuen foam bala jaurti zuten lekutik hurbil. Bi norabidetara destatzeko baliatu zuten ekitaldia: batetik, babesa adierazteko Villabonako gazteari eta bere gertukoei eta, bestetik, Polizia autonomikoaren «indarkeria» seinalatu eta erantzukizunak eskatzeko. Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuarengana zuzendu ziren, exijitzeko zaldunita eguneko karga polizialaren ardurak hartu eta argitu ditzala. Gauzak aldatzeko garaia dela azpimarratu zuten; tartean, polizia eredua.

Ertzaintzaren kargaren ondorioz begia zaurituta duen Xuhar gaztearen lagunak eta senideak “Biolentzia polizialik ez. Bada garaia gauzak aldatzeko” idatzita zuen pankartaren atzean jarri ziren atzo; aurrean, beraiei eta bereziki 16 urteko billabonatarrari babesa adieraztera agertu ziren ehunka lagun. Hamar minutuko elkarretaratze isila egin zuten. Eta, ondoren, astelehen goizaldeko gertaera «bidegabeari» buruzko irakurketa zabaldu zuen familiak, jendez betetako Triangulo plazan.

Xuharrek ostiralean jaso zuen mediku alta, eta gaztearen egoeraren berri eman zuen lehenik Jon Pazos aitak. «Buruz oso izorratuta dago. Begian lesio latzak ditu, kolpe bortitza jaso zuen. Ez dakigu zein ondorio fisiko eta psikologiko eragingo dizkion», ohartarazi zuen. Hamabost puntu josi zizkioten eskuineko begian, askatuta du erretinaren zati bat eta «kezkagarria» izan daitekeen odolbildua begiaren barnean. Gogoratu zuenez, ez du ikusmena guztiz berreskuratuko, lauso ikusiko du. Astearte goizean egingo diote lehen ebakuntza erretinako lesioa zabaldu ez dadin.

Ez zen astelehen goizaldeko zauritu bakarra izan, gainera. Pazosek jakinarazi zuenez, Ertzaintzaren karga berberean adin bereko beste gazte bati sudurrean eman zion foam jaurtigailu batek. «Ez da bidezkoa», esan zuen, inauteriak ospatzen ari ziren gazteak halakorik sufritzea, «uniformatu batzuk Tolosako inauterietara etorri zirelako jai-giroan ospatzen ari zen jendearen eta gazteriaren kontra oldartzera».

«Ezin da onartu horrelako jarrerak dituen eredu polizial bat izatea. Nahikoa da! Ea behingoz aldatzen den hau guztia!», eskatu zuen.

Kasu honetan ardura duten agintariei zuzendu zitzaien Xuharren aita, «erantzunak» eta «erantzukizun guztiak» galdegiteko. Zalantzan jarri zuen, gainera, Ertzaintzak abiatu duen barne ikerketarekin Segurtasun Saila gardentasunez jokatzen ari denik, Josu Erkoreka sailburuak hala ziurtatu bazuen ere. Triangulo plazako talaiatik, Xuhar foam bala batek «lurrera bota zuen» lekutik oso gertu, hatzarekin seinalatu zuen kamera bat, «190 gradutan irudiak hartzen dituena», Beotibar kalean agenteek egin zuten kargaren irudiak grabatuta behar luketela esanez. «Hor dago egia guztia. Azaldu dezatela argi eta garbi», exijitu zuen.

Familiak eta lagunek aste honetan jasotako elkartasun oldea eskertu zieten gertu izan dituzten herritarrei eta gertatutakoa zabaltzen ari diren hedabideei. «Gertakari hauen ondoren euskal jendarte konprometitu bat altxatu da, desproportzionaltasunaren eta minaren aurrean elkartasuna eta maitasuna gailendu dira. Bejondeizuela!», esan zuten.

ERTZAINTZARI ETA ERKOREKARI

Bi eskaera zehatz, bi norabidetara, zabaldu zituzten Xuharren gertukoek Tolosan egindako agerraldian. Lehenengoa, ertzainentzat izan zen. «Trafikoan, salbamenduan, kalean edo ofizinan lan egiten duten agenteei: ez zaitezte isildu! Pentsatzen baduzue gazte baten bizitza ezin dela hankaz gora jarri, honelako kale batean hausnartu gabe eta basati kargatzeko erabakia hartzeagatik. Esan zerbait, altxatu zuen ahotsak, zuen gorputz polizialaren zilegitasuna jokoan dago», eskatu zieten.

«Kontrara -gaineratu zuten-, zuetako batzuk azken egunetan halako barrabaskeria justifikatzeko gai izan bazarete... segi etxera, ez zaituztegu nahi eta zaituztegu behar!»

Bigarren eskaria Erkorekarentzat izan zen. Gogorarazi zioten Tolosako karga «profesionala» eta «kirurgikoa» izan zela adierazi zuten Ertzaintzako Esan, Erne eta Sipe sindikatuen «arduradun eta erantzulea» dela. «Josu Erkoreka jauna, operazio kirurgikoak Osakidetzako zirujauek egiten dituzte, lente kristalino kaltetuak, lakrimal apurtuak eta erretina askatuen ebakuntzak zirujauek egiten dituzte, ez poliziek. Zer nolako ‘ekintza profesional kirurgikoa’ egin nahi du Ertzaintzak S.I.R. eta S.I.R.X. modeloetako jaurtigailuak erabiliz?», galdetu zioten.

Beste behin, «erantzukizunak» eskatu zizkioten Lakuako Segurtasun sailburuari. Erantzukizunak zaldunita gauean kale honetan indarkeriaz sartu zen ertzain taldeari, «indarkeriaz» sartzea agindu zuen ertzain buruari, eta erantzukizunak, zuzenean, Erkorekari. «Zuk ere bai, erantzukizunei aurre egin behar diezu, eta larriki kaltetua izan den familia honen aurrean arlo humanoan zein politikoan erantzun», ohartarazi zuten.

IKERKETAK

Momentu honetan bi ikerketa martxan daude Tolosako kargaren arrazoiak argitzeko. Ertzaintzak barne ikerketa abiatu zuen, baina artean ez du honi buruzko informaziorik zabaldu, EH Bilduk dokumentua erakustea galdegin bazuen ere. Elkarrekin Podemosek Erkorekaren agerraldia eskatu zuen, eta hilaren 28an agertu behar luke Legebiltzarraren aurrean, baldin eta Iñigo Urkullu lehendakariak ez baditu hauteskundeak apirilaren 21erako deitzen, kasu horretan Parlamentua deseginda egongo bailitzateke.

Beste alde batetik, Tolosako epaile batek ofiziozko ikerketa abiatu zuen, eta honetan akusazio partikular gisa aurkeztu zen gazte billabonatarraren familia.

Atzoko agerraldian, Xuharren lekuan jartzeko galdegin zuten senide eta lagunek. «Tiro batek ospitalera eraman eta 24-48 orduko epean, eskuineko begiko ikusmena galdu dezakeela jakin du. Ondorio atzeraezinak dituen egoeraren aurrean jarri du Ertzaintzak Xuhar, lagun talde bat eta familia oso bat», azaldu zuten.



Adierazpenak

«&esc;[Erkoreka], larriki kaltetua izan den familia honen aurrean arlo humanoan zein politikoan erantzun behar duzu»

«Ezin da onartu horrelako jarrerak dituen eredu polizial bat izatea. Nahikoa da! Ea behingoz aldatzen den hau guztia!»