GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Traktoreek arrastratu eta bultza


Traktoreek hiriak oztopatzea ikaragarri irudi indartsua da. Adar asko izango ditu, baina, txikia dela diogun gure herri honetan, bada oinarrian egon daitekeen faktore bat: hiria eta landa elkarrengandik urrundu izana. Ez dago, ez, garai bateko estigmarik, are, duela hamarkada batzuk baserritik herrira jaitsi ziren bezala, egun, badira eremu lasaiagoetara lekualdatu nahi dutenak; Xabi Alonso adibide. Baserritarren #MeToo-aren ideia ere zabaldu da, ez dut uste, baina, «zuek eta gu» dikotomia indartzeak taxuzko ezer lekarkeenik.

Aipagai izan nahi dudana da elikagaien ekoizpena eremu urbanotik urruntzen joan garela, lehenik, herri inguruetako lursailetara eta, ondoren, horiek industriako ekoizpenei opari eman dizkiegunean, muino magaletara (zenbaitetan, beste herrialde batzuetakoetara). Egunerokoan elikagaien ekoizpen gertukorik ez badugu, inpaktatuko ez gaitu, bada, etorbideetan traktoreak ikusteak? Habitatean arrotza den elementu bat sartzea da.

Eta bada beste aspektu enblematiko bat. Halako traste handi eta trakets bat hiriaren abiadura moteltzen. Bizitzaren mantsotzea nekazarien aldarrietan entzun den kontzeptua ez bada ere, haien erritmoen araberako goiza pasatzeak badu poetikotasun bat.

Traktoreetan, ordea, dena ez da eder, eta ez naiz administrazioei zuzendutako eskari tarteka kontrajarriez ari. Esku hutsez dabilen baserritar bukolikoa irudikatzea bezainbeste arrisku izan dezake nekazaria traktorean dabilena dela indartzeak, agian, agroindustriaren ikur John Deere-ak direlako, baita ere. Ukuiluan makrointentsiboki oilaskoak gizentzen ari denak, langilea den heinean, izango du bere protesta eskubidea, baina, ideologikoki, ez da hori defendatua izan dadin nahi dudan eredua. Etxalde txikietan ari direnak, agroekologian, sasoilari dabiltzanak, langile eskubiderik ez duten langileak, hurbileko komertzioetara edo zuzenean saltzen dutenak, komunitatea lantzen dutenak... horiek dira babestu nahi nituzkeenak, horienak dira hobetzea nahi nukeen baldintzak.