Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Cervino mendiak inork espero ez zuen neguko bide berri bat dauka

Stefano Stradelli, Marco Farina, Jerome Perruquet eta François Cazzanelli italiarrek Hegoaldeko Driedro Handia izeneko sekzioan “Una follia per Adriana” (M7, 6b, R4, 800 m) zabaldu berri dute. Lan horretarako bi ekinaldi behar izan dituzte.

Leo Perruquet, Cazzanelli, Stradelli eta Farinak bide berri bat zabaldu dute Cervinon.
Leo Perruquet, Cazzanelli, Stradelli eta Farinak bide berri bat zabaldu dute Cervinon. (Marco FARINA)

Bere estetikarengatik eta duen historiarengatik Mattehorn edo Cervino da ziur aski Alpeetako mendirik ezagunena. Piramide ikusgarri horretan alpinismoaren urrezko letrak idatzi dira; hots, historiarekin erabat lotuta dauden jarduera bikainak egin dira. Horrekin batera aipatu behar dugu, egun mendi ikoniko horren krokisak aztertzen baditugu, badirudi beste zirrikituren bat zabaltzeko ia tokirik edo aukerarik ez dagoela. Baina maiz gertatzen den bezala, ezustekoek indarra hartzen dute eta, ezinezkoa zirudien arren, laukote batek sorpresaz beste lan bat marraztu du.

Stefano Stradelli, Marco Farina, Jerome Perruquet eta François Cazzanelli alpinista italiarrek Hegoaldeko Diedro Handia izeneko sekzioan “Una follia per Adriana” (M7, 6b, R4, 800 m) ireki berri dute. Denok bezala, alpinistok ere ezusteko handia hartu dute, ukitu gabe zegoen ibilbide horretan jarduteko aukera izan dutelako. Eta Cazzanellik berak horri azpimarra egin nahi izan dio: «Gutariko inork ez zuen irudikatzen gure Cervinon bide bat sortzeko aukera izango genuenik. Bazirudien 500 metroko diedro hori gure zain zegoela. Agerikoa den marra bat da, eta mendiko eskiko irteera batean Stefanok eta biok lehen aldiz ikusi genuenean arreta sortu zigun, igo gabe zegoelako. Ni, bederen, zur eta lur geratu nintzen. Muzio mendia eta Fiori zutoinaren artean dago, eta diedroaren amaierak harkaitzezko bloke erraldoi bat du».

Igoera alpino berri bat Cervinon egiteko txinparta piztu bezain laster, makineriaren prozesua martxan jarri zen. Laukotearen arteko telefonoak sutan jarri ziren. Cazzanellik Farinari marra “perfektu” hori probatzea proposatu zion. Adostasuna erabatekoa izan zen. Ondoren, Stradelli eta Perruquet batu ziren taldera. Agian, baten batek esango du izaera horretako jarduera batentzat talde handia dela, baina Cazzanellik onartu du eskalada horren eiterik ia garrantzitsuena kidetasuna izan dela.

Laurak ala laurak oso motibatuta zeuden bikain ezagutzen duten etxeko mendi batean, Cervinon, ekarpen berri bat egiteko. Alabaina, lan horretan hasi aurretik hainbat arlo zehaztu behar zituzten. Hegoaldeko hormak dituen berezitasunak ondo aztertu behar zituzten; batez ere, murru horretan zeuden baldintzak: «Itxaron behar izan genuen ea onenak noiz iritsiko ziren. Hegoaldeko hormatzarrean mistoko marra bat zabaldu nahi genuenez, tenperatura oso hotzek berebiziko garrantzia zuten. Izan ere, eguzkiak murru hori ondo astintzen du. Egun lainotu batekin ere ados geunden. Goiko sekzioetatik izaten diren luiziak eta elur-jausiak saihestu behar genituen».

Bidearen ezaugarriei dagokionez, aurreratu behar dugu 500 metroko diedro handi hori giltza izan dela. Hots, “Una follia per Adriana”-ren zatirik esanguratsuena izan zen. Diedro horretara iritsi ahal izateko, lehenik eta behin 300 metroko elurrezko korridore bat eskalatu behar izan zuten: «Aurretik 500 metroko tarte izugarri bat genuen. Denera, hamar luze eskalatu genituen. Horietako bi arrokan (6b), eta besteak mistokoak (gehienez, M7) izan ziren. Oro har, diedro horretan eskalatu ditugun luzeak teknikoki ez dira oso zailak. Bai, ordea, ikaragarri ederrak eta zirraragarriak. Nolabait esateko, Cervinoko aldare bat da, baina mendi horrek dituen ezaugarriekin bat egiten duena. Cervinon metro horiek eskalatzea ez zen geure buruetan sartzen, baina han zeuden eta igo egin genituen. Bide batez, zailtasun teknikoei konpromisoa gehitu behar diegu. R4 maila jarri diogu; izan ere, geure buruak babestea ez zen batere samurra izan».

ESTRATEGIA

Negu honetan Cervinoko klima oso aldakorra izaten ari da. Hotza izan dute, baita egun bero eta epelak ere. Hori guztia ondo zehaztu eta aztertu behar zuten, jarduera horretan arrakasta lortu nahi bazuten. Eta aurreratu behar dugu eguraldiak asko baldintzatu duela italiarron lana. Horregatik, “Una follia per Adriana” biribiltzeko bi ekinaldi behar izan dituzte: «Ez genuen oso argi proiektua taktikoki nola bideratu. Gure arteko hizketaldietan esaten genuen agian eraginkorrena bibak bat egitea izango zela; hots, bi eguneko eskalada aurreikusten genuen. Baina eguraldiaren mende geunden, eta aurten gorabehera asko izan ditugu».

Urtarrilaren azken eguna oso egokia izan zen xede horretan lehen urratsa egiteko. Korridorea igo eta diedroaren oinarrian jarri ziren. Sekzio horretan zortzi luze eskalatu zituzten. Egun gogorra eta luzea izan zenez, erabaki zuten proiektuaren lehen zatiarekin amaitzea. Hortaz, jaitsi ziren: «Zabaltzen ari ginen bide horretan ez genuen ezer utzi; den-dena etxera ekarri genuen: sokak, tresneria… Horrekin batera esan behar dugu tresneria finkorik ez genuela jarri. Eta eskalatutako luze guztiak era askean sinatu genituen. Pozarren ginen eginiko lanarekin, baina batez ere ikusi genuelako goiko zatia egingarria zela eta marra berria bukatzeko zailtasun nabarmenik ez genuela izango».

Etxean zirela, alpinistok proiektuaren lehen etaparen hausnarketa egin zuten. Onartu dute diedro erraldoi hori aurreikusitakoa baino gogorragoa zela. Zabaldutako luzeak arratsaldeko lauretan amaitu zituztenez, etxera itzultzea erabaki zuten. Perruquet, Cazzanelli eta Farina izan ziren luze horietan sokaburu joan zirenak: «Lehen saialdi horretan gure estrategia ez zen oso argia izan, besteak beste, irekitzen ari ginen metroak nolakoak ziren ez genekielako. Ezuste handia hartu dugu diedro horrekin: zorrotza eta tentea da. Eta tarte batzuetan eroria du. Gainera, eskalatzen hasi bezain laster ohartu ginen bide honetan arrakasta izateko eguraldiak eta baldintzek oso espezifikoak izan behar zutela».

Zortzi egun geroago, otsailaren 8an, alpinista italiarrak prest ziren bigarren ekinaldia hasteko. Goizeko 6etan lanean jarri ziren. Aurretik eskalatutako luzeak ondo ezagutzen zituztenez, Cazzanellik dio erritmo azkarrean igo zirela: «Diedroaren puntu gorenera heltzeko, bost ordu bakarrik behar izan genituen. Lehen saialdian ez bezala, zabaldu genituen zortzi luze horien amaierara oso goiz iritsi ginen: goizeko hamaiketan. Ondoren, beste lau luze biribildu genituen. Lehen biak gogorrak eta ikaragarriak izan ziren. Hirugarrenean, berriz, zailtasun teknikoak lasaitu ziren, baina arroka oso txarrean nabigatzera behartu zigun. Leku arriskutsua zen, eta buruak lan handia egin behar izan zuen. Marcok, Jeromek eta hirurok luze horiek zabaldu genituen. Stefanok, aldiz, lan gogorrenaren ardura hartu zuen. Motxila astun batekin eskalatu zuen; hari esker, proiektuak arrakasta izan du. Gogoan dut oraindik sokaburu bezala eskatu nuen luze bat. Katu-oinak jarri eta offwidth erraldoi batean sartu nintzen. Nire oinetan egundoko hutsunea nuen eta, gainera, diedroaren barru-barrua erabat izoztuta zegoen».

Egun horretan baldintza oso egokiak izan zituzten, batez ere hotza egin zielako. Luze teknikoak gainditu ondoren, diedroaren amaieran dagoen bloketik igaro eta Fiori izeneko zutoinaren gailurrera iritsi ziren. Cervinoko gailurrera joan ordez, laukoteak bide berriaren amaieratik rappelatu zuen.