Jon GARMENDIA
Idazlea

Landu

Eztabaidak saihesten zituela, nekez adierazten zuela pentsatzen zuena, eta kosta egiten zitzaiola hitz egokiak bilatzen. Joxeanek xumeki aitortu zidan gatazka bizi zuela barrunbeetan, askotan gertatzen zitzaiola zerbait erran nahi eta ez jakitea nola erran. Inbidia pizten niola ere aitortu zidan, esaldiak jarraian formulatzen nituelako, baina, Nartziso momentuari uko eginda, askotan huts egiten nuela erantzun nion, ez nuela beti asmatzen. Nicolas Mathieu idazlea irratian entzun ondotik ekarri dut gogora Joxeanen pasartea. Goncourt saria irabazi zuenean egin zen ezagun Vosgeak departamenduan sortutako idazlea, baina urteetan ari izan da sare sozialetan iritzia ematen, eta ezkutuan zeraman maitasun istorio bati buruz ere idatzi izan du han; hauxe erabili du eleberri bat idazteko gai gisa, eta gauzak azaltzeko bere modu partikularra zuten ardatz irratiko elkarrizketan. Momentu batean entzuleek hartu zuten hitza, eta eskerrak ematen hasi zen lehena, berak ez zuela inoiz asmatu sentitutakoa adierazten, Mathieuk hitzak jarri omen zizkion berak bizi zuenari; beste batek idazleak bizitza salbatu ziola aitortu zuen; izan zen idazkera zuzen eta xinplea eskertu ziona, denok ulertzeko modukoa, eta hor, idazleak bere gorentasuna jo zuela ulertu nuen, komunikazio gisa literatura, besteen oinean jarrita mundua ulertzeko modurik zuzenena. Badut zer landu.