Maddi TXINTXURRETA
ZIZURKIL

Tortura gainditzeko bitartekoak eskatu dituzte Arregiren oroimen ekitaldian

Zizurkilen Joxe Arregi omentzen duen monolitoa krabelinez apaindu dute beste urte batez Egiari Zor-ek antolatutako ekitaldian. Joan den asteartean 43 urte bete ziren Carabanchelgo kartzelan hil arte torturatu zutenetik, eta «sekula zigortu gabeko krimen sistematiko» hori aitortzeko eta erreparatzeko bitarteko gehiago eta azkarragoak eskatu dituzte.

Joxe Arregi zizurkildarra omendu eta oroitzeko ekitaldiko irudia.
Joxe Arregi zizurkildarra omendu eta oroitzeko ekitaldiko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Joxe Arregiren gorpu ubelduaren irudiak ez du inoiz ikusi duenaren burutik ihes egiten. Haren oinak, Xose Lois Fernando Gonzalez GRAPOko preso ohiari «sumendi baten kraterra» begitantzen zitzaizkionak, nekezak dira ahazten. Kartzelan pasarazi zioten tormentuak deskribatzeko erabili zuen esaldi laburra ez da ahanzturan iraungi. «Oso latza izan da», esan zuen. Eta hil egin zen.

Memoria egiteko, baina, ez da aski shockaren oroitzapena gordetzea. Memoria partekatu, eraiki eta erabili egiten da, 43 urte geroago, zerbait berriro gertatzea nahi ez duen herri baten ziurtasuna atxiki dezan. Horregatik, urteurrenero bezala, Egiari Zor-ek Joxe Arregiri gertatutakoaren memoria suspertu zuen atzo Zizurkilen, hil arte torturatu zutenetik 43 urte bete berri direnean.

Arregiren kasua, bere krudeltasun eta zorigaiztoko amaieragatik, enblematikoa da, nahiz eta, berez, milaka diren; zehazki, 5.379. Euskal Herrian orain arte ofizialki dokumentatutako tortura-kasuak dira, Egiari Zor-ek antolatutako ekitaldian gogoratu zuenez. Gehiago direla badakite, hala ere; hasteko, Estatu espainiarrean torturatu dituzten Ipar Euskal Herriko herritarrak falta dira zenbaketan. «Denok dakigu torturaren benetako dimentsioak zenbaki horiek gainditzen dituela», nabarmendu zuten.

Kasu horiek guztiek erakusten dute «sekula zigortu gabeko krimen sistematiko baten aurrean gaudela, urte luzez aurrera eraman dena Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren komisaldegietan», esan zuten.

«Inpunitatez» jardun dute azken hamarkadetan «kolore» guztietako poliziek, edozein izan dela ere agindu duen alderdi politikoa, salatu zutenez. Eta inpunitate hori indarrean dago gaur ere; izan ere, «ez da alderdi politikorik, ez gobernurik, ez Estatuko zein euskal erakunderik, eragindako kaltea onartzeko adierazpenik egin duenik», gaitzetsi zuten.

Inpunitatea amaitzeko bidea, beraien ustez, Kriminologiaren Euskal Institutuak ondu zuen txostenetik hel daiteke. «Txostenean agertzen den erradiografia gordinak akuilu izan behar du torturaren eragin osoarekin amaitzeko, eta horrek bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen du», aldarrikatu zuten.

Asko dago egiteko, hala ere, torturaren aitortza eta erreparazioaren bidean. Eta lehentasunezko neurri batzuk zerrendatu zituen Egiari Zorrek: torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegitea; parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratzea eta bizirik suertatu ziren torturatuen banakako eta taldeko konponketa integralerako baliabideak martxan jartzea, besteak beste.

Euskal herritarren kontrako tortura kasuak ofizialki aitortzeko egun martxan dauden legezko mekanismoak emaitzak ematen ari direla adierazi zuten, baina prozesu hau «motelegia» izaten ari dela uste dute.

PARTE HARTZEKO GONBIDAPENA

Ez zuten aipatu gabe utzi joan den asteartean, torturaren aurkako egunean eta Arregiren heriotzaren urteurrenean, Bilbon aurkeztu zen Euskal Herriko Torturatuen talde sustatzailea. «Torturatuok eragile aktibo bilakatzeko eta gure hausnarketatik abiatuta agenda, bide-orria eta aldarrikapen propioak marrazteko asmoa du», adierazi zuten. Hori dela eta, Zizurkildik deia egin zioten torturak jasan dituzten herritar guztiei, egitasmo horretan parte har dezaten.