GARA Euskal Herriko egunkaria

Manifestazioak martxoaren 16an, «Osakidetza desegitearen» aurka

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren aldeko Plataformen koordinakundeak manifestazioak deitu ditu hiru hiriburuetan martxoaren 16rako. «Kalitatezko osasun publiko baten alde. Osakidetzaren desegiteari ez. Pribatizazioari ez» izango da leloa.

Osasungintza publikoaren aldeko eta murrizketen kontrako mobilizazioa, iragan azaroan Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

OPA Herri Plataformak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak biltzen dituen antolakundeak, martxoaren 16an kaleak hartzea adostu zuen joan den larunbatean Barakaldon egindako asanbladan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatuko dituzte mobilizazioak, “Osasun publiko eta kalitatezko baten alde. Osakidetzaren desegiteari ez. Pribatizazioari ez” leloarekin.

«Herri plataformek kalera ateratzeko deia egiten dugu, osasun publikoa defendatzeko. Osasun arreta publiko, unibertsal eta kalitatezkoa jasotzea oinarrizko eskubidea da. Baina eskubide hori nabarmen urratzen ari dira EAEn, bereziki Lehen Arreta kaltetuz Lakuako Gobernuaren murrizketa eta pribatizazio politikekin», adierazi zuten atzo. Neurri horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun arreta «egoera kritikora» eramaten ari dira, koordinakundeak salatu zuenez.

«Osakidetzaren desartikulazioak, pribatizazioak eta murrizketek ondorio penagarriak dituzte, arretaren kalitatea izugarri txikitzen da eta, gainera, ezin dute pertsona guztiek jaso, batez ere egoera zaurgarrienetan daudenek», azaldu zuen ohar batean.

MEDIKURIK GABE

Testuinguru horretan, duela hilabete Laudion gizon bat hil zela oroitu zuten, «medikurik ez zuen arreta jarraituko puntu batean». Herri plataforma hauek Lakuako Exekutiboari leporatu zioten «osasun sistema publikoa indartzeko jendartearen eskaerei entzungor egitea».

Azpimarratu zutenez, momentuz jaso duten erantzun bakarra osasun publikoa «ahultzen eta desegiten jarraitzea da, osasun pribatua sendotzearen mesedetan».

Lakuako Gobernuak joan den astean iragarri zituen inbertsioei ere egin zien erreferentzia OPA Herri Plataformak prentsa oharrean.

Azpiegitura berriak eraikitzeko asmo horretaz, hala idatzi zuten plataformek: «277 milioi euro eraikinak, obrak eta adreiluak altxatzeko; ez, ordea, plantillak indartzeko, ezta beren murrizketen ondorioz desegindako Lehen Arreta berreskuratzeko ere, nahiz eta horiek diren osasun publikoaren arazo nagusiak, benetakoak eta premiazkoak, herritarrek egunero lehen pertsonan sufritzen dituztenak».

Atzo ateak zabaldu zituen Donostiako Parte Zaharreko osasun-etxe berria aurkezteko egindako bisitan, hauteskunde aurreko giroan, Iñigo Urkullu lehendakariak 277 milioi euro horiekin Galdakao, Basurtu eta Donostiako ospitaleetako kanpo kontsulten eraikin berriak egingo dituztela jakinarazi zuen.