Beñat ZALDUA
2003

Hautsontzi hori bat, erre ez zutenaren lekuko

“Egunkaria”-ko langileak, itxieraren egunean Martin Ugalde Kultur Parkean.
“Egunkaria”-ko langileak, itxieraren egunean Martin Ugalde Kultur Parkean. (Jon URBE | FOKU)

Zaila da memoria mekanismoak aurreikustea. Ez dakigu zein objektuk, zein usainek, zein akordek ekarriko diguten azalera barruan gordeta daukaguna. Plakak eta oroitarriak inauguratzea garrantzitsua da, baina memoria intimoak, askotan, beste bide batzuk nahiago ditu. Igor Susaeta kazetariaren kasuan, hautsontzi bat da “Egunkaria”-ren itxieraren memoriaren ibilgailua. Hautsontzi hori bat.

2003an, “Egunkaria”-ko erredakzioan erre egin zitekeen, erretzea ofizioaren parte zela zirudien garai hartako erredakzio guztietan bezala. Susaeta aurreko udan bekadun ibili zen, eta ordurako ordezkapenak egiten zebilen. Berekin zeraman hautsontzi hori bat, otsailaren 20 hartan zeharo ahaztu zuena, jakina. Ez zegoen lanean, Leioako campusean baizik, artean karrera bukatzen ari baitzen. Urtebete beranduago, ‘‘Berria’’ martxan zegoela, itzuli zen Andoingo Martin Ugalde Kultur Parkera. Erredakzioa tokiz mugitu zen, erretzaileak zokoratzen hasiak ziren kafe makinaren bueltara, baina hantxe topatu zuen hautsontzi horia. Egunkariko mantxeta aldatua zen, indarrez, baina toki hark etxe izaten jarraitzen zuen.

“Egin” GARAren erredakzioan bezala, “Egunkaria”-ren presentzia sumatu daiteke “Berria”-n. Ez da memoria transmisio formal bat. Bekadun berriei ez zaie ongi etorria ematen iraganera begira, baina nahikoa da lankide zaharragoak apur bat ezagutzea, kafe baten bueltan ‘‘Egunkaria’’ derrepentean hizketagai bihurtzeko. Zauri gisa, batzuetan, baina pasadizo bilduma bezala ere bai, askotan. Horrela azaltzen dute bai Susaetak bai Oihana Elduaienek, orduan antzeko egoeran zegoenak eta gaur egun ‘‘Berria’’-ko kazetari izaten jarraitzen duenak.

Elduaien azpeitiarra da, eta hau ere ordezkapenak egiten zebilen 2003ko otsailean. Estitxu ahizpa lankide zuen erredakzioan. Amak eman zien abisua esnatu bezain pronto, irratian entzun zuen albistea, smartphonerik gabeko garai hartan. «Eta orain zer?», galdetu zuen ahizpak. «Nola zer? Jantzi eta goazen». Martxelo Otamendik beti kontatzen du itxieraren bezperan Azpeitian hitzaldi bat eman zuela, eta etxera bueltan jazarpen nabarmenak igarri zituela. Zerbait gertatzen ari zen. Ordu gutxi batzuk beranduago, Elduaien ahizpek arrapaladan gidatu zuten errepide beretik, Andoainera bidean. «Ez dakit nola iritsi ginen bizirik».

Ordurako atxiloturik zeuden Otamendi eta beste bederatziak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Luis Goia eta Xabier Alegria. «Inpotentzia, negargura, haserrea, malaletxea eta ‘shock’-aren arteko nahastea», aipatzen du Elduaienek ordu haiek gogora ekartzean. «Alde egiten ikusi genituen», jarraitzen du. Jakin gabe okerrena iristear zegoela, atxilotuetako bostek torturak salatu baitzituzten, Euskal Herria zur eta lur utziz. Torrealdai torturatu bazuten, nor zegoen salbu? Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarraren kontra torturak ez ikertzeagatik emandako epaietako bat Otamendiren kasuak eragin zuen.

BALDINTZAPEKO ELKARTASUNA

Kazetaritzaren arloan, proiektuaren jarraipena izan zen kezka nagusia atxilotuek Martin Ugalde utzi eta berehala. “Egunero” izan zen ‘‘Egunkaria’’ eta ‘‘Berria’’-ren arteko katebegia. Orduko gazteak, aurreko udan bekadun izan berri zirenak, bigarren lerro batean egon ziren, baina nork berea ez du ahazten. Elduaienek Azpeitiko elkartasun taldea dinamizatu zuen, eta Susaetak unibertsitateko mobilizazioak ditu gogoan.

Fakultatez fakultate elkartasun taldearen eta mobilizazioen berri ematen ibili zen Susaeta. Ez da gehienaz akordatzen, baina sekula ez zaio ahaztuko gaztelaniako Zuzenbideko lehenengo mailako irakasle baten erantzuna. Klasean sartu eta azalpenak eman zituzten, oztoporik gabe. Elkartasuna ere jaso zuten, baina baldintzapekoa, halako elkartasunik posible bada. Garaiko erradiografia ere ematen du, neurri batean, irakasle haren erantzunak: «Zuen kontzentraziora joango naiz, baldin eta zuek ETAren hurrengo hilketa kondenatzeko mobilizaziora etortzen bazarete».

ZAURI BATEN ARRASTOA

Hilabete batzuk beranduago, biak zeuden bueltan Martin Ugaldeko erredakzioan, eta bertan egin dute bidea urte hauetan guztietan. Zer arrasto utzi zuen itxierak? Antzeko erantzuna daukate biek ala biek. Batetik, mehatxua, ausartu daitezkeela egiaztatzeak sortzen duen mamua. Bestetik, konpromisoa.

Elduaienenak dira hitzak: «Kazetaritza egiteak, eta euskaraz egiteak, ardura bat bazekarren itxi aurretik ere. Konpromisoa existitzen zen, baina jaso genuen kolpearekin lehenengo, eta jaso genuen babes itzelarekin gero, handitu baino ez zen egin konpromiso hura: gure betebeharra kazetaritza egiten jarraitzea zen».



[1988] Filipe Bidart, Estatu frantsesaren obsesioa

Otsailaren 20 batean atxilotu zuten Bokalen, 1988an, Filipe Bidart, Iparretarrak erakundeko beste lau kiderekin, “Totte” Etxebeste larriki zauritu zuten operazioan. Parisek «etsai publiko nagusi» gisa izendatua zuen Bidart, eta atxiloketak bozkarioa eragin zuen Mitterrand buru zuen Gobernuan. Baina atxilotuta ere, obsesio izaten jarraitu zuen, 1993koa den ondoko argazkiak erakusten duen bezala. Poliziaz inguratuta Poitiers-eko epaitegietan Bidarteri Bob Edme argazkilariak ateratako irudi sortak hedapen ikaragarria izan zuen garai hartan.

Izan ere, atxilotu zutenerako, Bidart mito bihurtua zuten dagoeneko arerioek. Klandestinitatean igaro zituen sei urteetan curriculum luzea atondu zioten: 1982an Baigorrin hildako bi CRSen ardura egotzi zioten; urtebete beranduago, Popo Larre desagertu zen tiroketan ere kokatu zuen Poliziak; 1986an, Gabi Mouesca eta Maddi Heguy IK-ko militante presoen ihesaldiaren buru ere izendatu zuten... Urte berean, Argeles-Gazost udalerrian jendarmeek inguratuta omen zuten, baina alde egin zuen, mitoa handituz eta frantsesen amorrua areagotuz.