GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Patxi Zubizarreta
Idazlea

«Gehiago interesatzen zait deserosotasunetik sortzen den hori»

Urte emankorra izan zen 2023a Patxi Zubizarretarentzat. Haur eta Gazte Literatura sari espainola eta Euskadi saria ekarri zizkion “Zerria” lanak, eta bi eleberri argitaratu zituen: “Sakonean, itsasoa ikusten da” (Txalaparta) eta “Loak ezkutatzen duena” (Elkar). Horiek guztiak izan ditugu hizpide idazlearekin NAIZ Irratiko “Paraleloan” saioan.

(Jon URBE | FOKU)

Hasteko, zorionak. Hala sentitzen zara, zorioneko?

Neurri batean bai. Desio izandako sariak izan direlako, baina horrek denbora gutxi irauten du. Aztoramena etorri zen gehiago zoriona baino. Hala ere, zorionaren bila jarraitzen dut, gauza txikietan gehiago, gauza handietan baino.

Sariek sariaren funtzioa betetzen dute, zerbait apartekoaren balioa nabarmentzeko, edo sortzaileek beharrezko dituzue bizirauteko?

Egia esan, oraindik ere ez dakit. Mozkorraldi moduko bat da hau, baina egunerokotasuna oso urrun dago. Eta egunerokotasun horretan, askoz gehiago dira nire bizitzan jaso ez ditudan sariak: hau da, dei baten zain edo zerbaiten zain egon... eta bat-batean irratian entzun beste batek irabazi duela zuk irrikatutako sari hori, ezta. Beraz, oso erlatiboa da guztia. Eta gero, behin saria irabazitakoan ere, aitortu behar dut poz handia hartu nuela, baina espero nituen beste keinu batzuk batez ere Espainiako sariari begira, argitaletxeen partetik, keinu gehiago, eta ez dut apenas sentitu aldaketarik. Nik uste gure ametsik handienetariko bat dela gure obrak beste hizkuntzetara itzulita ikustea.

Egunerokoan baina, sortzaile batek, idazle batek kasu honetan, baditu eskura bere bizimodua aurrera ateratzeko beharrezkoak diren baldintza duinak?

Garbi esanda, ez. Egia esan, nolabait ere aipamen hauekin batera ekonomikoki ere goraipamen bat jaso badut ere, horrek ez du asko iraungo, urtebeterako edo urte eta erdirako asko jota. Ni autonomoa naiz eta hilabetero 300 euroko kuota ordaindu beharra daukat, eta askotan, batik bat udan, ez ditut jasotzen 300 euro horiek. Idazten dugunok badugu borroka bat gure autoestimuarekin; hau da, lan bat egin eta zain gaude lan horrek zer harrera izango duen. Askotan harrera hori ez da guk amestutakoa izaten. Sariak era askotakoak dira. ‘‘Zerria’’ bera, oharkabean egongo zen sariak etorri ez balira, erabat, eta bigarren edizioan dago, bada zerbait. Gauza txikia da, eta ekonomikoki ere %10arekin nekez egingo dugu aurrera... Orduan, gurea bada orekaren eta desorekaren arteko borroka bat, eta halako lilura bat izan dezakegu noizbehinka; borroka literarioa da, baina baita borroka ekonomikoa, soziala, eta existentziala ere esango nuke. Ez dago gaizki, era berean, uste dut ez dudala ere egon nahi erosoegi. Esango nuke gehiago interesatzen zaidala deserosotasunetik sortzen den lana, ezintasunetik; gehiago identifikatzen naiz horrekin.

«Zerria» nondik etorri zen?

Liluratik. Idazle baino gehiago irakurle sentitzen naiz eta gogoratzen naiz idazle frantses baten liburuan jakin nuela zerri batek sehaskako ume bat jan zuela. Zerri hiltzaile hori epaitu egin zuten eta urkatzera eraman zuten plaza nagusi batera, hildako haurraren gurasoak presente zeudelarik, hura ikustera behartuta. Han ziren epailea, borreroa... denak. Iruditu zitzaidan gure gizartea deskribatzeko metafora polita zela. Atzera jo nuen irudi horren bila, baina batez ere gaur egungo gizartea deskribatu nahi nuen: homo homini lupus [gizona gizonarentzat otsoa] esaten da, baina gehiago da homo homini porcus, esango nuke nik. Mundua nola zegoen ikusita, zeren XX. mendea ere izugarri odoltsua izan zen, eta XXI. mendean ere antzera goaz. Irudi literario bat baliatu nahi izan nuen autokritika eta kritika egiteko. Eta maila pertsonalean ere, testuinguruak asko lagundu zidan, glaziarrak, hotza... beharbada itogarria zaidalako egungo gizarte beroegi hau. Gainera, bidaia bat egin nuen Islandiara, glaziarrak-eta ikustera, eta bidaia horrek kontzienteago egin ninduen zer nolako gainbeheran goazen, zer nolako abiadan. Liburuaren kontrazalean Kafkaren hitzak gogoan diodan bezala, liburu batek aizkorakada bat eman behar du. Hori izan zen nire asmoa, gordin, poetikoki ere bai, baina gordin.

Altxor bat eskuan etorri zara, «Zerria»-ren eskuizkribua ekarri diguzulako; eskuz idazten duzu...

Eskola zaharrekoa naiz. Baina batez ere esango nuke eskuz idazteak tempus bat ekartzen didala. Luma berezi bat, paper berezi bat... beti oroitzen dut non erosi dudan paper hori. Ordenagailuan oso azkar idazten dut, eta paperak ematen dit moteltasuna, patxada, gero liburuetan erakutsi nahi dudana. Entzun nahi ditut idazten ditudan hitzak, eta entzun nahi dut luma paperaren gainean irristaka. Uste dut laguntzen didala, gero belarrira xuxurlatzen duen ahots hori topatzen.

«Loak ezkutatzen duena», 2022ko Agustin Zubikarai saria; nondik abiatu zinen lan honekin?

Gogoratzen naiz bi pertsonaia berezi sentitzen nituela nire baitan: bat liburuan agertzen dena eta udalek kontratatzen duten pertsona bat da. Ez da dotorea hirietan aitona-amonak bakarrik hiltzea, eta hil eta handik puska batera deskubritzea hilda egon dela, bizilagunak ohartu gabe. Pertsona hori berezia zitzaidan... Batzuetan pentsatzen dut Gasteizen, Floridan edo, bankuetan pertsonak ikusten ditudanean irakurtzen udalak kontratatzen dituela, zeren ez zait oso naturala iruditzen, nahiz eta oso ederra zaidan aldi berean. Eta lotaratzailearen pertsonaia misteriotsua bururatu zitzaidan. Gero egin nuen lotura gure tradizioarekin: salutadorearekin. Salutadorea izaten zen zazpi senidetan, zazpi gizonezko senidetan, zazpigarrena. Hark dohainak izaten zituen zakur amorratuaren hozkadak edo bestelako gaitzak sendatzeko. Hau da, fantasiatik datorren pertsonaia bat da, lo egiten laguntzen duen pertsona. Eta horrelaxe ekin nion, modu inkontziente batean beharbada, nahiz eta aurrez insomnioari buruzko irakurketa asko egin nituen, gaur egungo ezkutuko pandemia honi buruz. Hemen ere bada beharbada, ‘‘Zerria’’-ren kasuan bezala, iraganetik datorkigun zerbait gaur egungo egoera ulertzeko balio diguna.

Eleberri korala da...

Uste dut errealitateari begiratzeko oso modu desberdinak dauzkagula, eta begirada desberdinek osatzen dutela istorio bat, gero irakurleak osatu beharko duena, ahots, ikuspuntu horien bitartez. Badira beste pertsonaia batzuk, baina batik bat lau insomnek hitz egiten dute lotaratzaileari buruz duten ikuspuntu, misteriotsu, sentsualaz...

Etxe unipertsonal asko daude. Parisen, oker ez banago, etxeen erdiak baino gehiago dira unipertsonalak. Gero aitona- amona horiek bakarrik hiltzen dira, eta inork ez daki hil direnik. Inork ez ditu gogoan. Gustavo Martin Garzok esaten zuen bizitzan bereizi behar direla eguneko hitzak eta gaueko hitzak. Egunekoetan, Gazara begira gaude (nahiz eta han gauak oso latzak diren) burtsari begira, petrolioaren prezioari begira.... Baina gauekoak dira gure obsesioen hitzak, gure amesgaiztoenak... Hori guztia dago nolabait ahots desberdin hauek osatzen duten egitura horren baitan, istorio ordenatu horretan. Zeren berez loa anabasa da, eta lo-eza zer esanik ez.

Liburuak badu denbora bat, 10 egunetan garatzen delako istorioa, baita leku bat ere: Gasteiz.

Miguel Delibesek esaten zuen nobela batek hiru “P” izan behar dituela: pertsonaia, pasioa eta paisaia. Kasu honetan “P” Petrarena izan daiteke; Petrak ezin du lorik egin, kazetaria da eta bere pasioa lo egitea da, behingoz lo egitea. Non kokatu hori eta, Gasteizen, ez da kasualitatea. Pertsonaien hautua da beharbada interesgarriena, baina nik uste paisaiarenak ere, Pello Lizarralderen nobeletan bezala, izugarrizko garrantzia daukala. Nire Gasteiz ezezagun horren berri ematea da asmoa, paisaia arrunt horiek duintzea. Gasteiztarrek uste dut desberdin ikusiko dutela. Garrantzitsua da hiru “P” horien oreka. Gainera, Xabier Montoiak, Katixa Agirrek, Karmele Jaiok, edo Mikel Urdangarinek musikan, Gasteiz goraipatu badute ere, oro har euskal literatura identifikatzen da berdearekin, eta uste dut hori ere aldarrikatu behar dela. Ezer ez da debaldekoa, eta hautu horrek badarama beste zerbait barruan; hau da, oso gogoan daukat nola esaten zidaten bibliotekari batzuek euskal irakurleak joaten zaizkiela liburutegira eta eskatzen dietela erdarazko liburu bat. Arrazoia omen da euskal literatura oro har ilunegia dela, gogorra dela, drama, gai potoloak nagusi direla. Orduan, uste dut Gasteizek baduela herriaren eta hiriaren arteko askatasun hori; batzuetan oraindik herri handi bat iruditzen zait, eta ni askeago sentitzen naiz hor nire kezka sakonak modu arinean adierazteko, modu ia-ia dibertigarrian.

Miangolarratarren gorabeherak tarteko, memoria ariketa ederra proposatzen duzu berriz «Sakonean, itsasoa dago» lanean.

Uste dut hitz gakoa aipatu duzula; nire obran memoria ezinbestekoa da. Ni 64koa naiz, Francoren diktaduraren garaian jaio nintzen; beraz, hutsune handiak ditut. Gero ikasketetan ere irakatsi ziguten historia, gerora nik landu izan dudana... memoria oso presente dago. Era berean, erroak izan daitezke memoriaren metafora, baina hegoak ere behar izan ditut, batik bat mundu arabiarrera jotzeko. Beharrezko zitzaidan beste kromatismo hori, mundua begiratzeko beste begirada hori. Haiek arabieraz eskuinetik ezkerrera idazten dute, guk ezkerretik eskuinera. Hemengo irakurleek diote: ‘Aldrebes idazten dute!’. Badirudi gurea dela modu zuzena.

Erroekin batera bada irudi poetiko oso eder bat, nire ustez oso ondo adierazten duena memoria zer den. Irudi hori monarka tximeletari dagokio. Monarka tximeletak negua pasatzera Kanadatik Mexikora joaten dira, eta halako batean Superior lakua zeharkatzen ari direla, inolako ageriko arazo geografikorik gabe, kurba bat egiten dute. Zientzialariek ez dakite erantzuten zergatik; badirudi, baina, garai batean hor mendi bat eta glaziar bat egon zirela, eta beren geneetan gordetzen dutela eragozpen geografiko horren kokapen hori, eta inguratzen dute existitzen ez den mendi hori.

Lan hau ez zen berez atera zitzaidan zerbait, Joserra Senperena pianista lagunak egindako proposamen bat baino. Galdera bat zeukan bere baitan: non grabatzen zuten Laboak, Lourdes Iriondok... non grabatzen zuten Francoren garaietan? Lagun batekin egon zen, Eva Miangolarrarekin eta hark esan zion bere osabak grabatzen zituela. Osaba Tomasek Grosen etxe bat zuen, eta gainean beste pisu bat, eta Aurrera tabernan elkartzen ziren artistei zin egin zienez estudio bat egingo zuela hura atondu eta bertan grabatzen zituen. Liburuan 15 bat elkarrizketa daude, eta hasiera batean saiakera bat izan bazitekeen ere, azkenean ia modu nobelatu batean eraikiz joan zen. Euskal Herria erabat hondoratuta zegoen, eta Herri Gogoa diskoetxeak bizipoza ekarri zuen, ezkutukoa, klandestinoa. Baina konpromiso kulturala eta politikoa ere ekarri zituen. Kartzela, erbestea eta sufrimendua ere presente daude lan honetan. Hori da beharbada liburu honen ondorioetariko bat: alegia, garai hartan Euskal Herria noraezean zebilen, eta esango nuke gaur egun ere berriz mapa baten faltan gaudela.