GARA
DONOSTIA

EAEko sektore publikoa euskalduntzeko dekretuak ez dakar «jauzi sendorik»

EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretuaren azken bertsioa baloratu zuen Kontseiluak. Urrats positiboak ere badakartzan arren, hasierako bertsioetatik atzerapauso nabarmenak eman direla uste du, oldarraldi judizialaren murrizketak islatuz.

Idurre Eskisabel Larrañaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.
Idurre Eskisabel Larrañaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. (Jon URBE | FOKU)

Atzo ezagutarazi zen Lakuak aurki onartzeko asmoa duen EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuaren azken zirriborroa. 1997ko dekretua ordezkatzera dator, eta hurrengo urteetan administrazio publikoan eta, oro har, euskararen normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia izango du. 140.000 langileri baino gehiagori eragingo die.

Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, «ez da egungo abagunea eta erronkak kontuan hartuta jauzi sendoa bultzatuko duen dekretua». Gainera, «oldarraldi judizialak nabarmen baldintzatu du».

Kontseiluak azpimarratu zuenez, azken dekretua onartu zenetik 27 urtera, herritarrek ez daukate bermatua instituzio publikoekin harremanean euskara modu askean eta albo kalterik gabe hautatzeko eskubidea; zer esanik ez, administrazioan euskaraz lan egiteari bagagozkio. Hori aski ez, eta areagotzen joan dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko neurriak baliogabetu dituzten epaiak, euskararen estatus ofiziala bera kolokan jartzen duen doktrina murriztaile bat ezarriz.

ALDE POSITIBOAK

Dekretu berri honek joera eta urrats positibo batzuk jasotzen dituela baloratu zuen Kontseiluak. Besteak beste, «eragin esparrua sektore publiko osora zabaltzea, euskarazko administrazio unitateak jaso izana, hautaketa prozesuetan azterketa euskaraz egin beharra ezarri ahal izatea, euskararen ezagutza maila azterketa bidez egiaztatzeko aukera eta, lanpostu bakoitzaren funtzioen arabera, hizkuntza-eskakizun asimetrikoak ezartzeko aukera».

Hala ere, aurrerapauso hauek «hainbat gabezia eta zalantza» dakartzate. Adibidez, Osakidetzan, Ertzaintzan eta Justizian 2033. urtera arte ez da indarrean sartuko dekretu berri honen aplikagarritasuna.

Horrekin batera, hizkuntza- eskakizun asimetrikoen ezarpena aurreikusten du dekretuak. Hala, lanpostu publiko baterako hizkuntza-eskakizunetan ahozko eta idatzizko maila desberdinak eskatu ahal izango dira. Neurri hau begi onez ikusten du Kontseiluak, betiere lanpostuari dagozkion funtzio eta betebeharren baitan ezartzen badira betekizunak. Hala ere, malgutasun honek badu arriskurik, esaterako, postuari dagokion baino ezagutza maila baxuagoa ezartzeko erabil baitaiteke.

Ildo beretik, langile batek euskara maila egiaztatzeko bide berriak zabaltzen ditu dekretuak. Aitzitik, azterketa euskaraz egiteko aukera jasotzen du, ez betebeharra.

GABEZIAK ETA ATZERAPAUSOAK

Kontseiluaren ustez, dekretuaren gabezia nagusietako bat da ez duela berariaz jasotzen administrazioa euskalduntzeko betebeharra gauzatzeko epemugarik. Beste hutsune bat hizkuntza profilen eta derrigortasun indizearen eskema ez gainditzea da. Hirugarrenik, euskara zerbitzu-hizkuntza izatetik lan-hizkuntza izateko jauzia jasotzen badu ere, ez du behar adinako baliabide eta bermerik eskaintzen.

Atzerapausoen artean nabarmenena euskararen ezagutza meritu gisa mugatzeari dagokion neurria da. Irudi instituzionalean euskarak «lehentasunezko tokia» izatea ezartzen zuen artikulua ere moldatu da, bere «ikusgarritasuna bultzatuko» dela adieraziz. Lehen hitza euskaraz izateko aukera ahalbidetzen zuen atala bertan behera geratu da. Eta euskarazko hizkuntza-eskakizuna duten langileek euskara «ere» erabili beharko dutela jaso da.