GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruñeko euskalgintzak auzo guztietako haur eskoletan euskarazko eredua eskatu du

Hiriko auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua izatea du helburu Iruñeko euskalgintzak. Horretarako, udaberrian zenbait mobilizazio izango direla iragarri zuten.

Iruñeko euskalgintzaren agerraldia haur eskolak euskaraz aldarrikatzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

 

«Gure eskaria argia da: Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua»; hori izan zen Iruñeko euskalgintzak atzo egindako agerraldian azpimarratu zuen aldarrikapena. Kontatu zuten, orain dela 35 urte bezala, haur eskola euskaldun bakarrarekin jarraitzen dutela, eta hori aldatu beharra dagoela. Horretarako, iragarri zutenez, udaberrian mobilizazioak egingo dituzte.

«Egoera diglosikoan bizi diren herrialdeetan, berebiziko garrantzia du murgiltzeko irakaskuntza-sistemak: hizkuntza nagusia gizarteko esparru guztietan zabalduena izanik, eskolak lehentasunezko lekua ematen dio hizkuntza gutxituari», argudiatu zuten.

ALDERDIEKIN BILKURAK

Euskarazko haur eskolen gaiaz mintzatzeko azken hilabeteotan Iruñeko Udaleko alderdi politiko batzuekin bildu direla azaldu zuten; EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdiekin mintzatu ziren, hain zuzen ere, eta une horretan oposizioan zeudela zehaztu zuten.

Eskaintza zabaltzen hasteko hiru auzo proposatu zizkieten: Mendillorri, Arrosadia eta Donibane. Haur eskola gehiago behar direla ere azaldu omen zieten, «iaz eskaeren %80 plazarik gabe geratu baitziren».

«Jarrera irekia» agertu zuten, haien hitzetan, alderdi politikoek, «baina orain Gobernuan daudela hurrengo ikasturtean aldaketarik ez dela egongo adierazi dute», gaineratu zuten ondoren. «Guretzat ez dira berri onak izan. Hala ere, Asironek hau esan zuen: ‘Legealdirako helburua izango da Iruñeko edozein auzotan haurrek euskaraz ikasteko aukera edukitzea’. Adierazpenok itxaropena dakarte, baina estu jarraituko ditugu mugimenduak», esan, eta lanean jarraituko dutela ziurtatu zuten.