GARA
DONOSTIA

Adineko emakumeak goraipatuko ditu erakundeen M8ko kanpainak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek «Zuetaz harro» leloa erabiliko dute martxoaren 8ra begirako kanpainan. Adineko emakumeek belaunaldi gazteagoak ahalduntzeko eta berdintasunaren alde egin duten ekarpena goratuko dute.

Aurkezpenaren irudi bat.
Aurkezpenaren irudi bat. (IREKIA)

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakundek, hiru aldundiek eta Eudelek martxoaren 8ra begira prestatu duten kanpaina aurkeztu zuten atzo. “Zuetaz harro” izango da leloa, eta adineko emakumeek belaunaldi gazteagoak ahalduntzeko egin duten bidea goratzea du asmo.

Esaldi luzeago batez lagunduta dator aurten martxoaren 8ko kanpainaren bueltan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde desberdinek erabiliko duten leloa. Hala dio: «Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da».

Kanpainaren itua, atzo goizez azaldu zutenez, adineko emakumeek gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatzea da. «Belaunaldien arteko harremanaren garrantzia, berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko papera eta adineko emakumeen balorazioa» nabarmendu nahi dute, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi zuenez.

Lau emakume protagonista ditu kanpainaren karteleko irudiak, eta horietako bakoitzak aurreko belaunaldietan egindako ekarpenak balioesten dituzte. Horrela, sailburuak aditzera eman zuen kanpainak adineko emakumeek egindako ekarpenean jarri nahi duela fokua, «haien eskubideak nabarmen mugatu dituztelako eta, hain zuzen ere, horregatik bihurtu direlako ahalduntzeko eragile».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak berretsi zuen “Zuetaz harro” kanpaina «belaunaldien arteko topagune» izatea nahi dutela, «emakumeen eskubideen aldeko balioak transmititzeko».

EKARPENA AITORTU

Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu Jone Berriozabalek «landa inguruneko emakumeen» lana azpimarratu zuen bereziki, «gizonen rol osagarriak bete gabe, aukera berriak zabaltzen ari diren jardueren dibertsifikazioaren alde egiten baitute».

Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendariak, berriz, erakundeek «politika feministak» bultzatu behar dituztela aipatu zuen.

«Gonbidapen polita da hau, gure amona, ama, izeba edo inguruan ditugun emakumeekin solasaldiak egiteko eta guztion ahalduntzean aurrerapausoak emateko. Emakume horiei eskerrak eman nahi dizkizuegu bihotzez», nabarmendu zuen, bere aldetik, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak.

Esther Apraiz Eudeleko presidenteak dei egin zien udalei, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerrietako emakumeen historia berreskuratzeko erantzukizuna eta aukera aprobetxa dezaten, «emakumeek eta borroka feministek berdintasunaren aurrerapenean egindako ekarpena aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita».