GARA Euskal Herriko egunkaria

Askapena


Mendebaldean ez gaude gizon zisgenero heterosexualak, batez ere kargu politikoren bat duten horiek, publiko aurrean negar egiten ikustera ohituta. Genero kontuetan “aurreratuago” gabiltzala uste dugu. Baina, gizontasunari dagokionez, zenbait uste erabat errotuta daude gizartean. Publiko aurrean negar egiteak ahul bihurtzen du gizona, aginteak dakartzan arduretarako ezgai. Negar egin zuen, hala ere, Kuwaitek Herbeheretan duen ordezkariak, Ali Al-Thefeerik Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaz eta epistemizidioaz hitz egiterakoan. «Zergatik aurkezten da biktima hiltzailea balitz bezala?», galdera erretorikoa bota zion Auzitegiari, orain arte nazioarteko botereek harturiko jarrera azaltzerakoan.

Palestinako gizonek ere negar egiten dute, kameren aurrean zein kamerarik ez dagoenean. Beren mina, ordea, ez da aintzat hartzen. Agintariaren kasuan bezala, “terrorista” izendatutakoaren karguaren kontra doa negar egitea.

Palestinako mugimendu feministak kargu hartu dio biktimak sailkatzeko joera sexistari, eta gizon palestinarrak ere, emakumeak eta umeak bezala, Israelen indarkeriaren biktima direla azpimarratu du. Askapenik ez da, harik eta denen askapena lortzen den arte, horra beren leloa. Berriz ere gizatasunean lezio bat eman digu Palestinak.