XOLE ARAMENDI
ASTIGARRAGA
Interview
SANDRA FDEZ. AGUIRRE
Aktorea, titiriteroa eta kantaria

«Barruan zeozer mugitzea da gakoa, kontzientziak astintzea»

Sandra Fdez. Aguirrek (Barakaldo, 1980) proiektu berria du. “Atearen bestaldean” da Hika Teatrorekin ondu duen lana. Familia osoari zuzendutako obra da eta gaur ikusiko du argia Astigarragako Erribera Kulturgunean. Dramática Erranteren “Yerma”n azken emanaldiak ditu. Zineman pertsonaia eder bat egitea du amets.

(Asier CAMACHO)

Hiru hitz, denera, 50 minutuz luzatzen den emanaldian. Musika, bi gorputz eta gurpil gainean doan atea. Ez dago besterik “Atearen bestaldean” Hika Teatroren antzezlanean.

Zuzendaritzaz, dramaturgiaz eta espazio eszenikoaz Agurtzane Intxaurraga arduratu da. Agertoki gainean Sandra Fdez. Aguirre eta Unai Celaya ikusiko ditugu. «Agurtzane eta biok elkarrekin inprobisatzen hasi ginen. Atea bat itxi eta bestea irekitzen duzunean zer aurki dezakezun irudikatzen. Pertsonaiak hasieran bizi duen bakardadea eta une horretan duen erresilientzia bilatzen. Nahiz tristura izan, indar handia du aurrera ateratzeko, beste mundu batzuk irudikatu eta aurrera jarraitzeko», esan du.

Ondoren Unai Celaya gehitu zitzaien. Musika sortu du eta biolina jotzen du zuzenean Proyecto Villalacreren sustatzaileak. «Bera da nire pertsonaiaren arima, musikaren bidez ahotsa jartzen diona. Hiruron artean pieza osatu genuen; gustura geratu gara», azaldu du.

Dramática Errante konpainiaren “Yerma” obran ikusi dugu Aguirre azken hilabeteotan, Ane Pikazaren ordezko lanetan. Jokatuko duten pertsonaiak interpretazio-arku ahalik zabalena izatea da aktore guztien ametsa. Ezin esan “Yerma”ko protagonistak ez duenik. «Hasieratik oparia izan da. Banekien denbora tarte baterako zela. Lana gustagarria izan da. Bidaia emozional oso potentea dauka pertsonaiak».

Bidezidor berriak aurkituz doa pertsonaiak osatzerakoan: «Estereotipoetan oinarritzen nintzen nire buruan lantzerakoan, eta nola ibili edo nola barre egin zezaketen bilatzen nuen. Orain pertsonaiak entseguetan hazi daitezen uzten dut. Ahalegina egiten dut testua ondo ikasten, publikoa aurrean dudanean hori ahaztu eta unean unekoa bizitzeko».

ENPATIA

Berehala enpatia sentitzen du egokitzen zaizkion pertsonaiekiko eta euren mundu emozionalarekiko. «Emozionala naiz eta erraza egiten zait eromenarekin edo etsipenarekin konektatzea», aitortu du.

Emakume baten desioaz idatzi zuen Federico Garcia Lorcak. Gaur egunera ekarri dute Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak. «Lorcak sortutako pertsonaiaren esentzia ezin hobeto ekarri dute gaur egunera. Lorcak 1934an idatzi zuen obra, eta garai hartan ezin zuen Yermak bere bikotearengandik banatzea planteatu ere egin. Gaur egun emakume askok bizi duen errealitatea da. Eta baliabide ugari dituzte ama ezin direla izan onartu arte. Amatasun berriak, ernaltze artifiziala... Baina hori horrela izan arren, batzuetan ez da gertatzen. Garai hartan landa eremuko Espainian bizi zuten egoera hartan obra uztea arraroa litzateke orain», dio. Bi hamarkadako ibilbidea egina du Aguirrek. Gorputzetik eta keinuetatik egindako antzerkia eta testua oinarri duena, biak landu ditu. Azken bi proiektuak horren adibide dira.

Bere ibilbidea zein puntutan ikusten duen jakin nahi dugu. «Konpainia askotatik deitzen didate lanerako. Oso eskertuta nago. Baina antzerkia hobeto ordaindua izatea nahi nuke. Lan asko egin behar duzu bizirauteko. Prekariotasunari lotuta dago jarduera artistikoa. Hasten zarenean, bohemioa eta iraultzailea bezala ikusten duzu, baina 20 urte pasatu direnean....», adierazi du.

La Enana Naranja konpainia sortu zuen 1999an kide batzuekin, eta Laressistens etorri zen 2001ean. Argi dio: «Helduentzako antzerkia saltzen zailagoa da, eta horrez gain, osagai soziala badu, are gehiago. Entretenimendua ondo dago, baina antzerkiak zerbait irakatsi behar digu. Askeago egiten gaitu. Ate berriak irekitzen dizkigu, ez irudimenaren aldetik bakarrik, beste errealitateak ikusi eta hausnarketa eginarazten dizu. Barruan zeozer mugitzea da gakoa, kontzientziak astintzea». Aurrera begira zer? «Nahi nuke antzerkian sentitzen dudan errekonozimendua ikus-entzunezkoetara zabaltzea. Zineman paper eder bat egitea da nire ametsa», esan du.