Jon ORMAZABAL
ERREMONTEA

Sufritzen ere ikasi duela berretsi du Imanol Ansak txapela defendatuta

Masterseko finalaren lehen erdian, Azpirozek oso estu hartu zuen sakean babestu zen Urnietako txapelduna, eta 12-16 ere aurreratu zen uitziarra, baina epailearen oker batekin kontzentrazioa galdu eta behera etorri zen aurkariaren mende ibiliz.

Imanol Ansak Masterseko bigarren txapela jantzi zuen jarraian.
Imanol Ansak Masterseko bigarren txapela jantzi zuen jarraian. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI)

Heltzea baino zailagoa izaten da maiz mantentzea, eta Imanol Ansak egungo buruz buruko erreferentzia nagusiena dela berretsi zuen atzo Galarretan, Azpirozi gailenduta, Masterseko txapelari eutsita. Lehiaketa honetan bertan eman zuen iaz aurrelari urnietarrak hainbeste bilatutako saltoa, Barrenetxeari irabazita bere lehen txapela jantzita, eta aurten ere bere ibilbidean aurrerapauso bat egin du, sufritzen ere badakiela erakutsiz, lanak eman zizkion Azpiroz on bat gaindituta.

Izan ere, azken emaitzari bakarrik erreparatuta, gipuzkoarrak garaipen eroso xamarra lortu zuela esan dezake finala ikusi ez zuen norbaitek, baina uitziarrak, batez ere finalaren lehen erdian, oso estu hartu zuen egungo buruz buruko txapelduna, 16-12 aurreratzeraino. Krudela da oso, ordea, buruz burukoa erremontean, despisterik onartzen ez duen modalitate horietakoa, eta atzelari nafarrak garesti ordaindu zuen une batez partidatik irten eta Ansa bezalako erremontista bati haizea ematea.

Partidako lehen atsedenaldira finala nahi zuen lekuan zuela heldu zen Azpiroz. Markagailuak erakusten zuen aldeaz harago, piloteoan gehiago zenaren sentsazioarekin eta partidari eusteko Ansa sakean babestera behartuta. Aurkaria kantxan mugiaraztearen ideiarekin irten zen Imanol Ansa kantxara, baina ez zuen pilota nahi bezala gurutzatu eta tantoa luzatzen zen bakoitzean urdin izaten zen.

Binakako finalean izan zen betekadarik gabe, Galarretak oso itxura ona aurkeztu zuen 862 ikuslerekin, baina presioa ez zen oztopo izan lasai irten zen Azpirozentzat. Ez dira finalak partida onak ikusteko egunik onenak izaten, baina zaleek gozatzeko modukoa izan zen Mastersekoa, lehen erdian bederen, denera bederatzi berdinketa izan baitziren, azkena hamazazpinakoa.

EPAILEAREN AKATSA

Atsedenaldiaren eta berdinketa horren artean egin zion, ordea, Azpirozi partidak ihes. Ondo itzuli zen uitziarra aulkitik, tanto on batekin partidako bere alderik handiena eskuratuta, baina konturatzerako egin zion alde. Lehendabizi berak partidako hirugarren pasa egin zuen saketik, eta jarraian, epailea erratu egin zen Ansak egindako beste bat ontzat emanda. Kantxan zegoen pantailak arrazoia eman izanak mesede baino kalte handiagoa egin zion Azpirozi -epaileak berak ere barkamena eskatu zion-, eta ordura arte horren ondo aritu zen atzelari nafarra partidatik irten zen pixka bat. Ansak ere, odola usainduz, ez zuen barkatu, eta hortxe atera zuen bere jokorik ikusgarriena.

Kalitateaz harago, fisikoki ere oso indartsu dago Imanol Ansa; kantxa asko bete zuen defentsan eta pilota ezker paretan arrimatzen ere asmatu zuen, Azpiroz desesperatzeraino. Ordura arte oso orekatua joan zen partida errotik hautsi zuen urnietarrak 18-3ko partzial batekin, tartean tanto ikusgarriak sinatuz. Txalotuena, ziurrenik 20-17koa izan zen, errebote zail bat eramanez lehendabizi eta aurrean bikain amaituz. Piloteoan ere, oso opari gutxi egin zituen, eta merezitako garaipena eskuratu zuen.

BIGARREN MASTERSA

2011n Koteto Ezkurrak txapelketa honetako palmaresa estreinatu zuenetik, 14 Masters jokatu dira, eta denera bost txapeldun desberdin izan dira: Ezkurra (2011 eta 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019 eta 2021), Uterga (2015 eta 2016), Barrenetxea IV.a (2020 eta 2022) eta Imanol Ansa azken bi urteetan; hau da, Javi Urrizaren atzetik, bigarren koskan jarri da urnietarra, aurrean oraindik ibilbide luzea duelarik.

Partidaren amaieran oso pozik agertu zen Imanol Ansa. «Sakearekin min handia egin dut eta hor egon da partidaren giltzetako bat. Konstantea izan naiz eta horrek ere asko laguntzen du buruz buruko partidetan. Ondo hasi ez naizen arren, azkenerako gozatu egin dut. Unerik txarrenetan mentalki eta fisikoki partidari eusteko gai izan naiz eta horrek garrantzi handia izan du. Orain dela gutxi arte finalak galdu egiten nituen, eta orain, aldiz, irabazi, eta ez dut gauza askorik aldatu; betiko taldearekin, baina detaile txikiek erabakitzen dituzte finalak, eta horretan hobetu dut».