GARA
COLUMBIA

Trump erraz gailendu zaio Nikki Haleyri Hego Carolinako primarioetan

Donald Trump AEBetako presidente ohia aise nagusitu zitzaion larunbatean Nikki Haleyri Alderdi Errepublikanoaren primarioetan. Ia 20 puntuko aldea atera zion Haleyri, non eta azken hau jaio, hazi eta 2011 eta 2017 artean gobernadore izan zen lekuan, Hego Carolinan.

Hala, kasik aukerarik gabe utzi du aurkari nagusia zuena, honek jaio zen estatuan jarria baitzuen esperantza. Trumpek 29 ordezkari lortu ditu. Gainerako 21ak Kongresuko hauteskunde-barrutien emaitzen arabera banatuko dira, zazpi barrutietako bakoitzean irabazten duenari hiru ordezkari emanez.

Orain arte, Iowa, New Hampshire, Nevada eta Birjina Uharteetan egindako primarioetan, Haleyk 17 ordezkari irabazi ditu, eta Trumpek, berriz, 92. 1.215 behar dira izendapen errepublikanoa jasotzeko.

«Ez da sekula oraingo espiriturik egon», esan zuen Trumpek, jendetzak aupatzen zuen bitartean, hauteskundeak jarraitzeko festan. «Uste genuena baino lehenago izan da, eta garaipena espero genuena baino are handiagoa izan da», adierazi zuen.

SALBUESPEN BAT

Presidentea aukeratzeko Hego Carolinako primarioak garaiko lehiarik handiena kontsideratzen dira, 1980tik estatu honetan irabazi gabe alderdiaren buru izatea lortu duen errepublikano bakarra Mitt Romney izan baitzen, 2012an.

Emaitza txarrak izan arren, Haleyk presidente izateko bidean segituko duela hitzeman zuen.