GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Euskal Selekzioak Uruguairen kontra jokatuko du San Mamesen

Marcelo Bielsa argentinarrak zuzentzen duen selekzioaren aurkako norgehiagoka datorren martxoaren 23an, larunbata, jokatuko da, iluntzeko 20.00etatik aurrera. Gizonezkoen Euskal Selekzioak hiru urte baino gehiago daramatza partidarik jokatu gabe.

2018an Venezuelaren aurka Mendizorrotzan jokatutako partida da zaleek zuzenean ikusi ahal izan zuten azkena. (Endika PORTILLO | FOKU)

Euskal Selekzioa bueltan da. Azken asteetan bolo-bolo zebilen zurrumurrua atzo eguerdian baieztatu zuen Euskadiko Futbol Federazioak, eta Uruguairen kontra neurtuko ditu indarrak. Hain zuzen ere, martxoaren 23an, larunbata, jokatuko da norgehiagoka iluntzeko 20.00etatik aurrera San Mamesen. Datozen egunetan zehaztuko dira sarreren salmenta eta partidaren inguruko xehetasunak.

Hiru urte baino gehiago igaro dira gizonezkoen Euskal Selekzioak azken aldiz jokatu zuenetik. 2020ko azaroan izan zen, Costa Ricaren aurka Eibarreko Ipurua zelaian (2-1). Pandemia zela-eta, ez zen zalerik egon harmailetan. Iker Muniainek eta Unai Nuñezek egin zituzten garaipena eman zieten golak. 2019ko udan, berriz, Panaman jokatu zuten (0-0), eta 2018ko udazkenean Venezuela menderatu zuten Mendizorrotzan (4-2).

Aurkari indartsu eta erakargarria izango da Uruguai. Elkarren kontra jokatzen duten hirugarren aldia izango da. Euskal Selekzioak 5-1 irabazi zuen 1998an Anoetan, eta 2003an 2-1 gailendu zen San Mamesen. Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldea 11. postuan dago FIFAko zerrendetan, eta bi Munduko Kopa eta hamabost Amerika Kopa irabazi ditu. Entrenatzaile argentinarrak Qatarren jokatutako txapelketaren ostean hartu zuen selekzioa joan den denboraldi amaieran, eta dagoeneko garaipen garrantzitsuak lortu ditu. 2026ko Munduko Txapelketako sailkapen fasean Brasil eta Argentina menderatu ditu, eta bigarren postuan kokatu da ligaxkan.

Uruguairentzat udan ospatuko den Amerikako Kopa prestatzeko partida izango da. Bielsa taldea eraberritzen ari da, eta jokalari berriak sartu ditu Cavani, Luis Suarez eta halako beteranoak apurka-apurka ordezkatzeko. Bestalde, Euskal Selekzioaren deialdia osatzen denean ikusi beharko da Athletic eta Reala Kopako finalerako sailkatuz gero nola eragiten duen. Izan ere, apirilaren 6an jokatuko litzateke Sevillan, bi aste beranduago, eta ziur asko bi klubak jokalariak lesionatzeko arriskua ekiditen saiatuko dira. Asteburu horretan ez da ligako jardunaldirik egongo Lehen Mailan; Bigarren Mailan bai, ordea. Beraz, Eibar eta Amorebietako jokalariek ezingo dute jokatu.

OFIZIALTASUNA?

Euskadiko Futbol Federazioa 90eko hamarkadan hasi zen gizonezkoen euskal selekzioaren partidak antolatzen eta sekulako arrakasta lortu zuen, festa eta aldarrikapenaren urteroko hitzordua bilakatuz. Emaitzak bikainak izan ziren, baita zaleen babesa ere. Gorabeherak eta desadostasunak agertu ziren ofizialtasunaren bidean, eta 2010etik aurrera zaleen artean indarra galtzen joan zen ekimena. Pauso berriak eman beharra zegoela ondorioztatu zuen Euskadiko Futbol Federazioak. Hala, UEFAn eta FIFAn onartuak izateko eskaria bideratzea erabaki zuen.

2020ko abenduan egin zuten saiakera, eta ezezko erantzuna jaso ostean, zuzendaritza berriak epaitegietan helegitea aurkezteari uko egin zion. 2022ko irailean hildako Luis Mari Elustondoren zuzendaritzak eman zuen pausoa, baina 2021eko martxoan egindako hauteskundeen ondoren Javier Landeta buru duen taldeak ordezkatu zuen, eta ofizialtasunaren aldarria itzalita geratu da azkenaldian.