GARA
UAGADUGU

Katolikoen eta musulmanen kontrako eraso banak hildakoak eragin ditu Burkina Fason

Hainbat pertsona hil eta zauritu ziren igandean Burkina Fason egin ziren bi erasotan: eliza katoliko batean izan zen bata, eta meskita baten kontra bestea, atzo AFPk jakinarazi zuenez.

Dozenaka fededun musulman hil zituzten pasa den igandean, herrialdearen ekialdean dagoen Natiaboani hiriko meskita baten aurkako «eraso handi» batean.

«Biktima guztiak musulmanak dira, gizonak gehienak», esan zion AFPri bertako herritar batek.

«Terroristak goizean sartu ziren hirira. Meskita inguratu eta han eguneko lehen otoitzerako zeuden fededunen kontra tiro egin zuten, eta horietako batzuk hil egin zituzten; besteak beste, erlijio-buruzagi garrantzitsu bat», esplikatu zion informazio agentziari beste lekuko batek.

Iturri honen arabera, Destakamentu militarrari eta Aberriaren Defentsarako Boluntarioei ere eraso egin zien jende-saldo berberak.

Natiaboani Fada N'Gourma ekialdeko hiriburutik 60 kilometro hegoaldera dagoen landa-udalerria da.

ERASOA ELIZA KATOLIKOAN

Bestalde, egun berean, gutxienez 15 pertsona hil ziren Burkina Fasoren ipar-ekialdeko Essakaneko udalerrian, herrialdeak Mali eta Nigerrekin dituen mugetatik gertu, eliza katoliko batean talde batek eginiko erasoan.

Dori hiriko elizbarrutiko Laurent Bifure Dabire gotzainak hedabideei agertu zienez, igandeko meza egin bitartean izan zen erasoa. Elizgizon honen arabera, erasotzaileak motozikletetan iritsi ziren, eta kongregazioaren kontra tiro egin zuten. 12 pertsona hil zituzten momentuan, eta beste hiru ospitalean hil ziren, zaurien ondorioz.

«Egoera mingarri honetan, otoitz egitera gonbidatzen zaituztegu, fedean hil direnen betiko atsedenaren alde, zaurituak senda daitezen eta mindutako bihotzak kontsola daitezen. Gure herrialdean heriotza eta hondamena eragiten dutenen konbertsioarengatik ere otoitz egiten dugu», agertu zuen gotzainak komunikatu batean.

Antonio Tajani Italiako Kanpo Ministro ultraeskuindarrak erasoa gaitzetsi zuen eta biktimen senideei doluminak helarazi zizkien X sare sozialaren bitartez.