GARA
BARTZELONA

Tsunami Democratic-en aurkako jazarpena salatu dute agiri batean

Kataluniako, Euskal Herriko eta espainiar Estatuko kultura arloko 200 pertsona ospetsuk eta 150 erakundek «Protestar no es terrorisme» manifestua sinatu dute, Auzitegi Nazional espainola Tsunami Democratic-en «protesta kriminalizatzen» ari dela salatzeko.

Bartzelonan egindako aurkezpena.
Bartzelonan egindako aurkezpena. (ÒMNIUM CULTURAL)

Kultura eta politika arloko 200 pertsona ezagunek baino gehiagok sinatu dute Omnium Cultural-ek sustatutako “Protestar no es terrorisme” manifestua, espainiar Auzitegi Nazionalak Tsunami Democratic-en aurka egindako azken ikerketak direla-eta.

Kataluniako, Euskal Herriko eta espainiar Estatuko kultur arloko 150 erakundek baino gehiagok bat egin dute atzo Bartzelonan aurkeztutako manifestuarekin. Gemma Garcia, Jordi Baste, Monica Terribas, Laura Rosel eta Jordi Evole kazetariek eta Ana Polo umoristak irakurri zuten.

Testuak dioenez, Auzitegi Nazionalaren ikerketen helburua «protesta kriminalizatzea, oinarrizko eskubideak mugatzea eta disidentzia politikoa isilaraztea» baino ez da, eta gertakari horiek «izaera autoritarioko jardueratzat» jotzen dituzte, «printzipio demokratikoak eta zuzenbide-estatuaren printzipioak arriskuan jartzen baititu». «Kriminalizazio horrek disuasio-efektua du gizarte osoarentzat, era guztietako kolektibo eta erakundeek eskubideak eta askatasunak defendatzeko erabiltzen duten mekanismo nagusiaren aurka jotzen duelako», gehitzen du.

Hori dela eta, «mobilizazio sozialen eta oinarrizko eskubideen erabileraren aurkako jazarpen politiko berri batean justiziaren erabilera gelditzeko beharrezko neurriak hartzea eta terrorismo egozpenak kentzea» eskatzen dute sinatzaileek.

Besteak beste, David Fernandez, August Gil Matamala eta Albano Dante Fachin ekintzaileek; Lluis Llach, Cesk Freixas eta Feliu Ventura kantautoreek; Josep Miquel Arenas Valtonyc rap kantariak; Andrea Gumes, Anna Pacheco eta Carles Porta kazetariek; Quim Monzo eta Marius Serra idazleek; Carlos Cuevas aktoreak; Andreu Buenafuente aurkezle eta umoristak; Oleguer Preses FC Bartzelonako futbolari ohiak eta Elena Martin zuzendariak sinatu dute manifestua.

Euskal Herritik, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen eta Bartzelonan bizi den Amaia Arrazola ilustratzailearen izenak agertzen dira.

Manifestua sinatu dute, halaber, UGT Catalunya, CCOO Catalunya eta Unio de Pagesos sindikatuek, Omnium Cultural eta Assemblea Nacional Catalana entitateek, bai eta Teatre Lliure eta Cruilla eta Primavera Sound jaialdiek ere.