GARA
DONOSTIA
Interview
Lander Martinez
Sumar mugimenduko kidea

«Podemosen eztabaida amaitu da, ez du akordio bat betetzeko ahalmenik»

Hauteskundeei begira dituzten aurreikuspenez, Alba Garcia zerrendaburuaz, Podemosekin huts egindako negoziazioez eta bultzatu nahi dituzten politika sozialez bere irakurketa eskaini zuen NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, EAEn Sumar Mugimenduko buruzagietako bat den Lander Martinezek.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

 

Sumar mugimendua nahiko berria den arren, espazio honen atzean daudenek eskarmentua dutela eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako testuinguru politikoa lehen eskutik ezagutzen dutela esan du Lander Martinez diputatu bizkaitarrak. Asko, Martinez bera besteak beste, Podemosen espazio politikotik datoz, nahiz eta orain bide ezberdinak hartu dituzten.

Martinez NAIZ Irratian izan zen atzo, eta, esan zuenez, eztabaida hori «bukatuta» dago eta, bere ustez, Sumarrek, Ezker Anitzak eta Equo-k «dagoeneko osatzen dute hautagaitza zabal bat». Azaldu zuenez, «konfiantza falta dago, akordio hori betetzeko ahalmena ez dago. Podemosek ez du ahalmen juridiko hori».

Galizian jasotako emaitza txarrak ere izan zituen hizpide, baina EAEko egoera «desberdina» dela uste du. «Emaitzak txarrak izan ziren eta ikasketa asko hartu ditugu Galiziatik. Baina azterketa politikoa askoz sakonagoa da. Banaketaren asuntoa, botoak batzen baditugu, ez da arazo nagusia. Beste arazo batzuk daude. EAEko kasuan desberdintasun handiak daude. Sumarren gaudenok badugu gure denbora euskal politikan, zinegotziak, batzarkideak, parlamentariak... Existitzen da estruktura bat, espazio bat, botante naturalak dituena».

Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoan «aldaketa ziklo» bati ekiteko beharrezkotzat jotzen dute euren burua. «Espazio honi ez badoakio ongi, hauteskundeetan aldaketaren zikloa ez da guztiz materializatuko. Jende askok du argi hori».

Hala ere, euskal gizartean «azken hauteskunde ziklotik, sakoneko aldaketak» gertatzen ari direla nabarmendu zuen Sumarreko kideak. «EAJ hegemonia galtzen ari da. Politika zaharkitu bat dela-eta. Epe luzeko lana da aldaketak lortzea EAEn, baina EAJ eta PSEren arteko aliantzak ez du kapazitaterik erronkei aurre egiteko», esan zuen Alba Garciaren hautagaitza babestuz.

ETXEBIZITZA LEGEA

Aktualitateko gaien inguruan, etxebizitza euskal jendartearen kezka nagusietakoa den jakitun, Lakuari zuzendu zitzaion Lander Martinez, Etxebizitza Legearen aurka helegitea jarri duela-eta. «Ulertezina eta arduragabekeria da horrelako helegite bat aurkeztea».

«Jendearen arazo handiena etxebizitza da. Gure hirietan gora doan arazoa da. Hiru hiriburuetan dago etxebizitza lortzeko arazoa. Hori jakinda, etxebizitza politika aktiboak behar direla, Lakuak beti esan duela ezin zituztela alokairuak mugatu legerik ez zegoelako, nola okurritzen zaie helegitea jartzea holako lege bati?», gehitu zuen.

Ildo horretan, PSOEk «bi paper» jokatzen dituela adierazi zuen. «Bat espainiar Gobernuan eta bestea Eusko Jaurlaritzan. Azken honetan, hor egotea baina influentzia gutxirekin. Ez dute konfrontazio irekirik izango».