GARA
BILBO

Urtasun ministroaren kritikekin haserre azaldu da Pradales

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiari «kezkagarriak eta mingarriak» iruditu zitzaizkion Ernest Urtasun Kultura ministro espainiarrak Urdaibaiko Guggenheimi egindako kritikak.

Imanol Pradales, urtarrilean Durangon egindako ekitaldi batean.
Imanol Pradales, urtarrilean Durangon egindako ekitaldi batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia haserre agertu zen atzo Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroak Guggenheim Urdaibairi egindako kritikarekin. Urtasunek adierazi zuen proiektuak «arazo larriak» sortzen dituela ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspegitik, baina euskal erakundeei dagokiela erabakia.

Pradalesek nabarmendu zuen «proiektu garrantzitsua» dela, batez ere kontuan hartuta Busturialdeko eskualdeak «bultzada» behar duela. Gogoratu behar da EAJ buru duten erakundeek «stand by» jarri dutela proiektua.

Pradalesek berretsi zuen Ernest Urtasunek esandakoa «kezkagarria» dela, eta planteatu zuen «ez ote den kontraesana Kultura ministro batek ingurumenaz eta hirigintzaz hitz egitea», eta adierazpenen «helburu bakarra» ote den «euskal eskumenen eta euskal proiektu baten inguruko zarata mediatikoa bilatzea».

«Eta ez hori bakarrik. Kultura ministro batek ezagutza handiagoa izan behar luke Urdaibaiko Guggenheimi buruz hitz egiten duenean, proiektu kultural bat delako eta berezitasuna artearen eta naturaren arteko harremana delako», gaineratu zuen.

VIDARTERENTZAT PROIEKTUA «JASANGARRIA» DA

Biboko Guggenheim Museoko Juan Ignacio Vidarte zuzendari nagusia ere kontu honetaz aritu zen. Ministroari eskatzen duen informazio guztia emateaz «pozik» egongo liratekeela ziurtatu zuen, eta zehaztu zuen ez dakiela zer informazio duen, «ez baitu guregana jo».

Hala, nabarmendu nahi izan zuen Urdaibain museoa handitzeko proiektua «museoaren iraunkortasun estrategian erabat txertatuta» dagoela eta «oso lasai» dagoela horregatik.