GARA Euskal Herriko egunkaria
NEKAZARIEN PROTESTAK

Donostiako hirigunera traktoreak eraman dituzte nekazariek

Ehunka nekazarik beren traktoreekin Donostiako erdialdea zeharkatu zuten atzo goizean. Hiru zutabetan abiaturik, gainerako herrialdeetan aurretik izan den mobilizazioa garatu zuten Gipuzkoan ere. Erakundeei eta alderdiei konponbide eske dei egin zieten ENBAk, EHNEk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak batera.

Traktoreak Donostiara iritsi ziren atzo, eta Kontxako pasealekua hartu zuten. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Lapurdin hasi zen nekazarien mobilizazioa Arabara pasatu zen gero, Bizkaian eta Nafarroan indarrez agertu zen jarraian, eta orain Gipuzkoara heldu da. Aurretik zenbait nekazarik beren kabuz ekimenak eginak zituzten, baina atzo batera aritu ziren ENBA eta EHNE sindikatuak zein Gipuzkoako Baso Elkarteak, beren aldarrikapenak barreiatuz. Hauekin batera, 38 eragile, elkarte eta enpresa.

Horretarako, Donostiako erdialdea zeharkatu zuten beren traktoreekin, Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitza helmuga izan zuen mobilizazioan. Irudi bitxia sortu zen Kontxako pasealekuan, traktorez osatutako ilarak, hiritarrek eta inguruko turistek bat egin zutenean.

Hiru zutabe osatu zituzten goizeko 9.00etarako, eta bat egin zuten hiriburuan: Goierri aldeko nekazari eta abeltzainek Legorretatik ekin zioten bideari; Urola aldekoek, Oriotik; eta Bidasoaldekoek, Errenteriatik.

Trafikoan eragina izan zuen; Villabona aldean bereziki, Irungo norabidean trafiko pilaketak eragin zituelako nekazaritza ibilgailuek eratutako tropelak.

HIRIRA IRITSIERA

Donostiako erdigunea zeharkatu ondoren, Miramon aldera jo zuten traktoreek, gorantz. Eta ekimenaren ekitaldi nagusia Batzar Nagusietako egoitzaren erdiko patioan egin zuten. Gipuzkoako arrantzaleen kofradien zenbait ordezkari ere hurbildu ziren bertara, nekazariekin eta abeltzainekin bat eginez.

Adierazpenean salatu zutenez, sektorea «gainbeheran» dago, eta bertan aritzen direnak «haserre». Izan ere, azaldu zutenaren arabera, lan burokratikoa pilatzen ari zaie eta «gainkostuak» gero eta handiagoak dira. Bestalde, azaldu zuten urteak daramatzatela lanean, «gelditu gabe eta gainbeheran», eta lehen sektorea izanagatik ere ez zaiela horrelako tratua eman behar salatu dute. Hala, lehen sektorea, elikagaien eta lehengaien ekoizlea izateaz gain, «lurraldearen gehiengoa» kudeatzen duen sektorea dela azpimarratu zuten, baina ez herritarrengandik ez eta instituzioetatik ez dutela adeitasunik jasotzen adierazi dute: «Ez zaigu proportzio berean lan hori aitortzen, eta ez da gure jarduera babesten, ezta lantzen ditugun lurrak eta zaintzen ditugun animaliak ere».

Hori dela eta, agintari politikoei «Nekazaritza Politika Bateratuak edo merkataritza askeko Europako itunek planteatzen dituzten arazoetatik harago joateko» eskatu zieten, bai eta Euskal Herritik bertatik baserritarren egunerokotasuna hobetzeko neurriak martxan jartzea ere.

BASERRITARREN BEHARRAK

Gipuzkoako ekimen honek Estatu mailan antolatutakoarekiko aldea nabarmentzen du. Berezko agenda dutela berretsi zuten atzo, bai aldarrikapen aldetik, bai eta mobilizazio egutegi aldetik ere. Izan ere, Espainia aldean «euskal baserritarren egunerokotasunarekin eta beharrizanekin zerikusirik ez duten gauza gehiegi nahasi direla» esan zuten.

Adierazi zutenez, «Gipuzkoako udaletan, Foru Aldundian, Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean edo Eusko Jaurlaritzan guztion ardura da lehen sektorearen jarduera sustatzea eta erraztea, bai boteretik, bai oposiziotik».

Azkenik, antolatzaileek Gipuzkoako herritarrei dei egin zieten «elkartasuna eta babesa» emateko, «lehen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean».

BASERRITARREN ESKAKIZUNAK

Bi hilabeteko epean lantalde bat eratzeko eskatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta sektoreko ordezkarien artean, prozedurak «arintzeko eta murrizteko» batetik, eta, bestetik, «azpisektoreetan errepikatzen diren auditoretzak, kontrolak eta izapideak murriztu eta bateratzeko».

Baserritarrek, halaber, NPBan 2023-2027 aldirako onartutako baldintzazkotasunean integratutako simaurra eta mindak arautzen dituen BCAM 10 kentzeko lan egitea eskatu dute, «kanoi edo mahukadun mindak aplikatzen direla bermatuz, lurralde menditsua eta belardi ugari direla aitortuz».

Beste eskaeretako bat da baserrien ekoizpena eraldatzen duten lantegien eta instalazioen baldintzak malgutzea, Europako beste herrialde batzuekin parekatuz eta «krisi egoerei aurre egiteko prozedurak» ezarriz. Horretarako, «beharrezko prozedurak eta funtsak aurreikusi behar dira, beharrezko erakunde guztien parte hartzearekin», gaineratu zuten protestariek.

Bestalde, energia berriztagarriak kokatzeko orduan, Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Planak aurreikusten duen bezala, «balio handiko lurretan eta malda arineko lur makinagarrietan ez kokatzea» eskatu zuten.

Eta baserrietako uraren kanona kentzea, PFEZaren egungo «forfaitari» izaera iraunkorra ematea eta «denboran finkatuko duen araudia onartzea» ere premiazkoak direla esan zuten atzo.

Azkenik, «lehen sektoreak gizarte osoari eskaintzen dizkion zerbitzu ekosistemikoak kapitalizatuko dituen» zerga araudia sustatzea eskatu zuten, baita «ehizak basurde eta orkatzen gainpopulazioari aurre egiteko duen zeregina aitortzea» ere.