Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Ikusi egiten dituzu

Paranoia bat sortu zaizu. Zaharragoek esaten dizute normala dela, pasako zaizula edo, gutxienez, ohituko zarela; gazteagoek erotu bazina bezala begiratzen dizute, diozuna ulergaitza dela dirudi; eta, adinkideek, irribarre triste bat egin eta sorbaldak altxatzen dizkizute.

Dena hasi zen herriko plazan haur bat bazterrak nahasten zebilela-eta baten batek esan zuenean: «Non daude ume horren gurasoak?». Orduz geroztik, gurasoak ikusten dituzu nonahi, zehazki aitatxoak. Larunbatetan, goizeko bederatzietan, edizio desberdinetako “Quebranta”-ko maillot pilaketak ikusten dituzu eta, zure baitarako errepikatu behar izaten duzu lasai egoteko, denak ez direla aitatxoak eta, haurrek zer ordutan gosaltzen duten ez badakizu ere, ziur ez dela ordu hori. Ez gaizki pentsatu, kontziliazioan katedratikoak egon badaude, ikusi izan dituzu bizikletaz dabiltzan bitartean umea karrotxoan garraiatzen eta zakurra paseatzen duten etxeko gizonak, deskuidatzen bazara bien bitartean asteko erosketak egiten dabiltzanak. Guraso ez diren kuadrillako lagunak ikusten dituzu, izaki txikia bularrean eramateko motxilatxoarekin, zertaz kezkatu ez balego bezala eta, aldi berean, bere bikotea begi bat erne 10 kilokoaren zaintzaren karga mentala begi-zuloetan antzematen zaiola.

Pozten zara, 16 asteko baimen ordaindua martxan jarri zenez geroztik %20 hazi baita gizonen baimen eskaera eta ziur zaude ardurari behar bezala heltzeko egiten dutela, hala sentitzen dutelako, lan-karga orekatu beharra ikusten dutelako. Ordainetan, astebete lagunekin (eta umerik gabe) landetxe batera joateko lizentzia hartuko dutenaren ideia ez dakizu nondik asmatu duzun. Diote gurasotasun baimena hartzen dutenen %15 direla gizonak eta %85 emakumeak. Adinekoak zaintzeko apenas eskatzen dute baimenik lehen taldekoek. Eta egia da! Ikusten dituzun aitatxo imajinario eta potentzial guztiak horrelakoak dira, haurra zaintzeko baimena eskatuko lukete inbertsio bat delako, baina aitona zaintzekoa… ejem, zera, nola esan. Paranoia bat sortu zaizu.