Asier ROBLES
BILBO

Aberri Egunaren bezperarako ekitaldia antolatu du Euskal Herria Baterak Bilbon

Aberri Egunaren bezperan, martxoaren 30ean, Euskal Herria Baterak ekitaldia gauzatuko du Bilboko Campos Eliseos antzokian. Euskal Herria nazio gisa aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei zuzendu zaie, eta etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitu du.

Euskal Herria Batera ekimenaren agerraldia.
Euskal Herria Batera ekimenaren agerraldia. (J.FONTANEDA | FOKU)

Beste urte batez, Euskal Herria Batera-k ekitaldi bateratua antolatu du Aberri Egunaren bezperarako. Mireia Epeldek, Xabier Euzkitzek eta Estitxu Garaik aurtengo ekitaldiaren berri eman zuten atzo Bilboko Campos Eliseos antzokian egindako agerraldian.

2020ko Aberri Egunaren testuinguruan esparru ezberdinetako pertsonek sortutako ekimen herritarra da Euskal Herria Batera. Aberri Eguna baliatu nahi du nazio gisa berresteko, euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko eta jendarteari, erakundeei eta eragileei euskal nazioarekiko konpromisotik jardun dezatela eskatzeko.

Pandemiaren testuinguruan jaio zen egitasmoa, eta Aberri Eguna, Euskal Herri osoan, aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu zuen. 2022tik aurrera, pandemia atzean utzi ondoren, alderdi abertzaleek beren ohiko mobilizazioak berrartu zituzten eta nork bere deialdia egin zuen. Aitzitik, Euskal Herria Baterak bateratasunean jarri zuen indarra eta, horretarako, urteroko ekitaldi bateratua Aberri Egunaren bezperara eramatea erabaki zuen.

Aurten, ekitaldi bateratua martxoaren 30ean Bilboko Campos Eliseos antzokian izango da. Bi kultura-lan uztartuko dira: Lehena, Euskal Herriko fundazio nagusiek osatu duten narrazioa da, zeinak euskal nazioa munduan aurkezten duen. Bigarrena, Jon Maiaren gidoipean osatutako ekitaldi antzeztua, nazioa egunerokoan azalduko duena.

Euskal Herria aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei parte hartzeko deia egin diete: «Batera aritzeko garaia dela uste dugu. Batera, krisi ekonomikoak eta larrialdi ekologikoak sortzen duten zalantzen aurrean, gerrek sortzen duten ezegonkortasunean eta globalizazio testuinguruak burujabetza osorik gabeko euskal komunitateari ekartzen dizkion erronketan. Batera, lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean. Batera, gure nazioaren erabakitzeko gaitasuna sakondu dadin».

Bestalde, Aberri Eguna «batera aritzeko eta nazioa garela ospatzeko» eguntzat hartzen dute, eta, horregatik, etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitzen dute.

«Modu bateratuan zein ahal eta ofizialtasun gehienarekin euskal lurralde guztietan ospatu dezagun bagarela eta munduaren aurrean azaldu, bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula. Nazioak nazio izango badira, besteak beste, euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugulako», adierazi zuen Epeldek atzoko agerraldian.