GARA
ERRIBERRI

Maria Chivitek Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko presidente kargua hartu du

Urkullu, Chivite eta Rousset, Erriberrin.
Urkullu, Chivite eta Rousset, Erriberrin. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Maria Chivitek hartu du Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko presidentetza. 2026. urtean amaituko da bere agintaldia. Ordura bitartean hiru bazkideen artean lortutako mugaz gaindiko lankidetzan sakonduko da, garrantzi bereziko arloetan, hala nola euroeskualdeko herritarren garapenean, lurralde kohesioan eta «garapen berritzaile, lehiakor, inklusibo eta iraunkorrean».

Erreleboa atzo gauzatu zen, Erriberrin, Euroeskualdearen Urteko Batzarrean. Bertan, Alain Rousset Akitania Berriko presidentea, Maria Chivite Nafarroako lehendakaria eta Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakaria, hiru lurraldeetako gobernuetako arduradunak, izan ziren.

Bilera horretan, Alain Rousset presidenteak Maria Chiviteri pasatu zion Europako taldearen buruzagitza irudikatzen duen makila, Erriberriko paradorean egindako ekitaldi instituzionalean.

Chivite presidente berriak adierazi zuenez, bere agintaldian Nafarroak «euroeskualdearen gaitasunak sendotzearen eta zabaltzearen alde» egingo du, «lankidetzarako tresna baita, gure espazio komuna lehiakorragoa eta solidarioagoa izan dadin laguntzen duena». Halaber, nabarmendu zuenez, «Europa proiektu erabilgarria da Batasun osoko herritarrentzat»; izan ere, «giza balioen defentsarako gotorlekua da, desberdintasunak murrizteko aukera ematen duena, eta benetan konprometituta dago gizateria kolokan jartzen ari diren erronkekin, hala nola klima aldaketarekin eta aro digital berriarekin».

Urkullu, berriz, honela mintzatu zen: «Harreman sareak josten eta gure gaitasunak garatzen jarraitu behar dugu, une honetan, Makroeskualde Atlantikoa instituzionalizatzea lortzeko. Eta lortuko dugu». Azken urteotan, hiru gobernuetako kideek egindako lana aintzat hartu eta eskertu zuen.

Populismoa, demagogia eta autoritarismoa indartzen ari direlako kezka agertu zuen Urkulluk, baita nazioarteko liskarren aurrean Europar Batasunaren «gaitasun faltagatik» eta migrazio politikak «gogortu izanagatik» ere.

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea lankidetza tresna bat da, eta hiru lurraldeen mugaz gaindiko, tokiko eta Europako garapena sustatzen du. Lurralde horietan 8,7 milioi lagun bizi dira. 2011n sortu zen, eta Nafarroa 2017an batu zen.

Bilera hasi baino lehen, agintariak heldu zirenean nekazari talde batek protesta egin zuen Erriberriko jauregiaren aurrean.