GARA Euskal Herriko egunkaria

Biolentziak aire garraioa eten du, Haitiko liderraren itzulera zailduz

Protestak eta ekintza biolentoen eztanda beteak harrapatu dute Haiti. Aireportuak geldiarazi dituzte, eta nazioarteko hegaldiak bertan behera utzi. Kenyako Armadaren parte hartzea Nairobin negoziatzen ziharduen lehen ministroaren itzulera trabatuta geratu da.

Port-au-Prince hiriburuko bizilagunak ihesean, beren ondasun urriak hartuta. (Clarens SIFFROY | AFP)

Haiti zeharo geldituta dago, larrialdi betean, etxeratze agindupean, ia erabatekoa den kaosean. Nazio Batuen Erakundearen eta AEBen kezkak areagotu dira, egoerak okerrera egingo duen ustean. Eskolak itxita daude, bankuek ez dute dirurik ematen, gutxi dira kalera ura, elikagaiak edo erregaiak erostera irteten ausartzen direnak. Eta bitartean, ezker-eskuin, nazioarteko erakunde eta agintarien kezkak biderkatu egin dira, denak egoera «monitorizatzen» ari dira. Besterik da herrialdearen alde neurri zehatzak hartu eta laguntza praktikoa bideratzea, hori denek geroratzen dutelako. Atzo tiroketak nonahi ziren Port-au-Prince hiriburuan, baita Toussaint Louverture aireportuan ere. Eta artean, Ariel Henry lehen ministroak desagertuta segitzen zuen, leku ezezagun batean. Biolentziak gora egiten duen heinean, desplazatuen kopuruak ere berdin egiten du, gaizkile talde eta Poliziaren arteko borroketatik ihesian korrika ateratzen direlarik.

LEHEN MINISTROA EZ DAGO

Gaizkile taldeen eraso koordinatu baten ondoren, iragan larunbatean herrialdeko bi kartzela handienetan 3.600 preso askatu zituztenetik, horien artean beren krudeltasunagatik ezagunak diren taldeetako liderrak, okerrera egin du egoerak, erabat deskontrolatzeraino.

Ariel Henry lehen ministroa, 2021. urtean mertzenario kolonbiarrek hil zuten Jovenel Moise presidentearen ondoren herrialdeko burua dena, ez dago Haitin. Inork ez daki non dagoen, nahiz eta gauza jakina den aste bukaeran Kenyan zegoela «segurtasun misio» bat negoziatzen, eta Nairobiko agintariek herrialdea utzi duela baieztatu duten arren. Honek biderkatu egin ditu zurrumurruak, eta ageriko sekretua baieztatu du: AEBetan omen dago, hango agentzien babespean, egoera zuzentzen denean, zuzentzen baldin bada, Haitira itzultzeko prest.

«IRAULTZARAKO» DEIA

Haitiko Gobernuak ez du Henry non dagoen ofizialki esaten, nahiz eta dagoeneko herrialdera bueltatua izan behar lukeen. AEBetako gobernuak, Mattew Miller Estatu Departamenduaren eledunaren hitzetan, adierazi du «oso inportantea» dela lehen ministroaren itzulera bermatzea, itzultzeko operazioan bere gobernuaren parte hartzea publikoki baieztatzeari edo ezeztatzeari uko egin zion arren.

Testuinguru bihurri honetan, lehen ministroa biolentzia armatua kontrolatzeko Kenyako militarrek osatuko zuten «nazioarteko segurtasun misioa» negoziatzen bidaia ofizialean zegoela baliatuz, Haitiko gaizkile taldeen buru indartsuenetarikoa den Jimmy Cherisierrek, "Barbecue" goitizenaz ezagutua, Henryren gobernuaren aurkako «iraultzaren hasiera» aldarrikatu du.