GARA Euskal Herriko egunkaria

«Suizidio bakoitzeko 25-50 saio daude; segurtasun faltsua dugu»

EHUk argitaratutako ikerketa baten arabera, harrera zentroetan dauden nerabeetako laurden bat bere buruaz beste egiten saiatu izan du. Psikologian doktore Alexander Muela da lan horretan parte hartu duen ikertzaileetako bat.

Gazte batzuk, Irungo harrera zentroan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Alexander Muela EHUko ikertzaile eta Psikologian doktoreak NAIZ Irratian azaldu zuenez, suizidio baten aurretik 25 eta 50 saiakera artean izaten dira, desberdina delako suizidio jokabidea eta suizidioaren ondorioz hiltzea. Horregatik ez dago Euskal Herrian, ezta Estatu espainolean ere, suizidioaren aurreko prebentzio planik, heriotzak gutxi direlako. Eta orduan «segurtasun oso faltsua daukagu». Zentroetan lan egiten duten profesionalek gazteekin gaiari nola heldu ez dakitela deitoratu zuen.

Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako harrera zentroetan dauden nerabeetan ardaztutako ikerketa bat dela medio, Alexander Muela NAIZ Irratian izan zen atzo. Joan den astean argitara eman zen ikerketa lan honen arabera, elkarrizketatu zituzten 25 zentroetako 185 nerabeetatik %26,5 bere buruaz beste egiten saiatu da noizbait.

Azaldu zuenez, egoera zaurgarrian dauden pertsonetan eta gizataldeetan suizidioa eta jokabide suizida «askoz ere eraginkorragoa da» edo gehiago ematen da, probabilitate handiagoa dagoelako. Zentro hauetan dauden nerabeen kasuan, gainera, autolesioa ere gertatzen da.

Ikerketa prozesuari buruz Muelak nabarmendu zuen argitzea garrantzitsua dela, uste duelako gazteei ez zaiela galdetzen zentroan egon diren denboran suizidio saiakerarik egin ote duten, baizik eta historian noizbait egin ote duten.

Ikerlanaren arabera, inoiz saiatu diren nerabeen artean erdiak uste du ezin duela inorengana jo laguntza eske. Muelak dioenez, ez da ez dutela inorengana jotzen, baizik eta ez dutela espero laguntza horrek benetan mesede egingo dienik. Orduan, antzeko egoeran dauden beste gazte zaurgarriengana jotzen dute laguntza eske; «jokabide desegokia», Muelaren arabera. «Hasieran sostengua sentituko duzu, baina gerora begira kontrako joera izaten da», azaldu zuen. Autolesioak egiten dituen gazte batek, adibidez, egiten ez dituen batengana jotzen badu, «litekeena da ikaskuntza soziala ematea», ohartarazi zuen.

«Aldatu behar da norengan bilatzen dugun laguntza, eta hori landu egin behar da eskolan ere. Suizidio jokabidea antzematen denean baliabideak jartzen baldin baditugu, berandu goaz, prebentzio unibertsala egin behar baita. Bestalde, suizidioa bizitzarekin lotuta dago erabat, eta jendeak pentsatzen du heriotzarekin bakarrik lotuta dagoela. Hortaz, non sartu behar dugu bizitzaren zaintza? Eskoletan», adierazi zuen Muelak.