GARA Euskal Herriko egunkaria

Udaltzainei pistola eramatea behartzen dien dekretua onartu du Lakuak

Lekeitioko udaltzainak, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Lakuako Gobernuak “Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen armamentua eta bestelako baliabide teknikoak eta defentsakoak eta horien hornidura arautzeko dekretua” onartu zuen atzo. Dekretu horrek agenteek eraman beharko duten «oinarrizko ekipamendua» ezartzen du, besteak beste, su-arma laburra, munizioa, balen aurkako txalekoa, girgiluak eta borra. Gainera, herri bakoitzeko polizia-etxeetan segurtasuneko «gune hotzak» eta armaginak jarri beharko dira.

Araudi berriak bi luzamendu-aldi ezartzen ditu abian jartzeko: urtebeteko epea, dekretua indarrean sartzen denetik, toki-erakunde guztiek agenteei hornitu diezazkieten armak, munizioa, baliabide teknikoak eta defentsakoak, bai eta, bulegoetan aipatutako «gune hotzak» instalatu ditzaten ere; eta bost urteko luzamendua 5.000 biztanletik beherako udalerrietan.

DATURIK GABE

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, arauak aurreikusten du alkateek erabaki ahal izango dutela «armarik gabeko polizia-zerbitzu jakin batzuk ematea». Baina «bizitzarako edo osotasun fisikorako arrisku larririk ez dagoen zerbitzuetan bakarrik» egin ahal izango dute, hala nola bulegoko lanak egitean, irakaskuntza funtzioak betetzean, hitzaldiak ematean, eta ikastaroetara edo protokolo-ekitaldietara joatean.

Gainera, Lakuak hedabideei bidalitako dokumentazioaren arabera, «alkateak arrazoitu egin beharko du» armarik gabeko zerbitzua «Udaltzaingoaren burutzak txostena egin ondoren».

Poliziek armarik ez daramaten udalerrietan lan egiten duten agenteei buruz Lakuako Gobernuak daturik ba ote duen galdetuta, zehazki jakiteko ea zenbat kasutan pistolarik ez duten, udaltzaingoak izan diren bere bizitza edo osotasun fisikorako arrisku larria dakarren egoeran, Erkorekak aitortu zuen halako daturik ez duela.

Esan zuenez, bost udaltzainetik lauk arma daramate gaur egun EAEn. Sailburuaren esanetan, EAEko 42 udalerrietan pistola eramaten dute, eta 40etan ez.

EAEANREN EPAIA

Segurtasun sailburuak berretsi zuen Estatu espainoleko oinarrizko legeak eta EAEko Auzitegi Nagusiaren jurisprudentziak horrelako neurriak hartzera behartzen dutela, eta profil politiko guztietako udalak betetzera behartuta daudela.

Zentzu honetan, aipatu behar da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarri duela Zarauzko udaltzainek su-armak eraman beharko dituztela. Epaiak ErNE sindikatuaren eskari bati erantzuten dio, eta EAJ buru duen Udalak ez zuen errekurtsoa aurkeztu.

«MUTURREKO NEURRIA»

Dekretuaren arabera, udaltzainek «ezin izango dituzte armak erabili, salbu eta beren edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larria dagoenean, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoenean, proportzionaltasun printzipioekin bat etorriz».

Izan ere, «su-armak erabiltzea muturreko neurritzat hartuko da, eta ez dira erabiliko erresistentzia armaturik ez badago, edo norberaren edo hirugarrenen bizia arriskuan ez badago, eta beste neurri batzuen bidez erasotzailea atxilotu edo menderatu ahal bada». Era berean, «ezin izango da suzko arma larderiaz erabili airera tiroak eginez, ihesiari ekin dion pertsona bat atxilotzeko».