IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Lagun batek esan dit», Jabier Muguruzak Iñaki Irazuri egindako «omenaldi diskoa»

Jabier Muguruzak helduentzako disko berri bat aurkeztu zuen atzo goizean Donostian, “Lagun batek esan dit”. Azken hiru hamarkadatan Iñaki Irazuren poemetan oinarrituz sortutako 32 kantuetatik 11 hautatu ditu eta, «errebisio» bat eginez, abestiok bandarekin batera moldatu ditu diskoan. Hiru bat zuzeneko egingo dituzte.

Muguruza eta Irazu, diskoaren aurkezpenean, Donostiako Udal Liburutegian.
Muguruza eta Irazu, diskoaren aurkezpenean, Donostiako Udal Liburutegian. (Jon URBE | FOKU)

Azken urteetan haurrentzako musikan buru-belarri aritu ondoren, helduentzako disko bat aurkeztu du Jabier Muguruzak, Iñaki Irazu poetak egindako poemekin: ‘Lagun batek esan dit’. «Iñakiri omenaldi moduko bat egin nahi nion», kontatu zuen musikariak atzoko aurkezpenean. Hiru hamarkadatan Irazuren 32 poema musikatu ditu Muguruzak, eta horietako 11 aukeratuta osatu du diskoa.

«Kantuen errebisio bat» egin du Muguruzak, izan ere, «aukeratutako kantuak puntako banda batekin grabatu» nahi zituen. Kaleratu berri duen diskoaren ideia Irazuren 32 poema musikatu zituela konturatu zenean bururatu zitzaion Muguruzari. «Ez da ohikoa musikari batek poeta baten hainbeste testu musikatu izana; zerbait indartsua eta sakona adierazten du horrek», esan zuen. Zer pentsatua eman zion musikariari 32 kantuen kopuruak, eta Irazuren hitzek zergatik erakartzen duten hausnartzera bultzatu zuen: «Gaiak eta giroak nire interesekoak ziren, eta Iñakik horiek islatzeko duen moduak liluratu ninduen; haurtzaroa, ezintasuna, bakardadea, kale bustiak, maitasuna, sexua, umore fina, barruko beldurrak…».

Muguruzaren ahotsa eta akordeoiari Mikel Azpirozen pianoak eta organoak, Jean Marie Ecayren gitarra elektriko eta akustikoak, Fernando Neiraren baxu elektrikoak eta Karlos Aranceguiren bateriak lagundu diote grabaketan. Aurkezpenean aitortu zuen hasieratik zituela «disko elektriko bat» egiteko gogoa eta asmoa. Gonbidatu bereziak ere izan zituzten grabaketan: Maite Larburu eta Mireia Otzerinjauregi. Mikel Azpirozek grabatu, nahasi, masterizatu eta produzitu zuen 2023 amaieran.

Estudioan elkartu eta dena batera grabatu zuten, «batasun bat» bilatze aldera. Banda on bat elkartu duela aurreratu zuen Muguruzak, aurreko diskoan ere haiekin lan egin zuen, eta «txundituta» amaitu zuela kontatu zuen.

HIRU HAMARKADAZ BIDELAGUN

Irazuk akorduan du noiz elkartu ziren Muguruza eta biak lehenbiziko aldiz: «Duela 30 urte Barakaldon, Xabier Leteren kontzertu batean izan zen». Muguruzak egun horretan eskatu zion kantuentzat letraren batzuk egiteko, eta ordutik «harreman hori berritu» izan dutela kontatu zuten Donostian.

Baina, atzera begiratuta, bi kontzeptu nabarmendu zituen Irazuk: presentzia eta bidelaguna. «Niretzat Jabier presentzia bat izan da, itxaro bat. Zerbait egiten nuenean banuen ustezko hartzaile bat, eta horrek eragin bat izan du nigan, norbaitek aintzakotzat hartzen ninduela sentitzen nuen. Eta hori gertatzean, norbait jaio egiten da, poema horietan agertzen diren pertsonaiek bizia hartzen dute».

Egile bezala ere «jaio» egin da Irazu, aintzat hartu dutenean; horrela bizi izan zuela kontatu zuen. «Nire poemak jaio dira musikarekin batera, zerbaitek behar bezala jaiotzeko musika batera bilduta jaio behar du», azaldu zuen. Eta bere poemetako pertsonaiek behar duten maitasuna kantuekin edo musikarekin lortu dutela uste du.

Muguruzaren lana ere goraipatu zuen. Alde batetik, beste letragile batzuen artean bere atea ere jotzeagatik, «besteen ondoan ikusita pelotoian nintzela sentitzen nuen». Eta bestetik, bere poemetara hurbiltzeagatik ere esker ona adierazi zuen: «Poemak ez dira hiltzen, hor geratzen dira, eta nire poemak han zeuden eta Jabier bihurtu da haiengana. Maitasun kutsu bat sentitu dut».