GARA
DONOSTIA

Nanofabrikazio aurreratuko eta mikroskopia elektronikoko tresna berri bat aurkeztu du Nanogunek: CRYO Plasma FIB

Tresna berria aurkeztu zuten atzo Nanogunen, bakarrenetakoa Europan eta munduan.
Tresna berria aurkeztu zuten atzo Nanogunen, bakarrenetakoa Europan eta munduan. (CIC nanoGUNE)

CIC Nanogunek tresna berri bat ezagutarazi zuen atzo: CRYO Plasma FIB. Europan eta munduan dauden bakarretako bat da, eta berriki instalatu da Donostiako zentroan. Gainera, mikroskopia elektronikoaren euskal azpiegitura indartzeko akordioa sinatu zuten Biogune, Biomagune, Energigune eta Nanogunek, alegia, BRTA aliantzako ikerketa kooperatiboko zentroek, ikerketa taldeei eta industriako bezeroei mikroskopia elektronikoko soluzio integralak eskaintzeko.

CRYO Plasma FIB nanofabrikazio aurreratuko eta mikroskopia elektronikoko tresna berezi bat da. Ikerketa- zentroei eta industriari laguntzea du helburu; besteak beste, honako arloetan: tenperatura baxuko fisikarekin lotutako materialen zientzia, energiaren sektorerako litio-ioizko bateriak, eta zelula-tomografia krioelektronikoa.

Ekipamendua Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatu du.

«Normalean tresna bakar batean batera ikusten ez ditugun ezaugarriak konbinatzen ditu: materialen zientziaren arloko aplikazioetarako detektagailu-multzo zabal bat; baterien eta industriaren sektorera zuzendutako bolumen handiko erauzketa-aukera; eta aplikazio biologikoetarako erabiltzen den krio-aukera bat», azaldu zuen Andrey Chuvilin Ikerbasque ikertzaile eta Nanoguneko Mikroskopia Elektronikoaren taldeko buruak. Tescan enpresa txekiarrak fabrikatu duen tresna diseinatu dute, berariaz, orain arte euskal azpiegiturak erantzuteko gaitasun teknikorik ez zuen behar zientifiko eta industrial jakin batzuei erantzun ahal izateko.

Biogune, Biomagune, Energigune eta Nanoguneko ordezkariak bat etorri ziren honako honetan: «Mikroskopia elektronikoko euskal azpiegitura osatua geratu da, esparru akademikotik eta industrialetik datozen zerbitzu eskaera guztiei erantzun ahal izateko».