GARA Euskal Herriko egunkaria

Aldaketa klimatikoa


Gustura entzuten ari nintzen Gorka Urbizuren bakarkako diskoa; arratsalde osoa kaka ematen ibili zitzaidan euli bat, gupidarik eta arma kimikorik gabe garbitu nuenean. Laugarrena bi egunetan. Urtarril amaiera zen eta kanpoan ekaitza bortitz ari zen zuhaitzak zentrifugatzen. Agidanez, euliak ez ziren horretaz ohartu. Ustekabean, neguak hortzak erakutsi zituen, eta neuk, lau euli astun, lerdo, akabatu nituen... bi egunetan. Ez dagoela aldaketa klimatikorik? Ja!

Argiago ikusten hasi nintzen, handik aste pare batera, eltxo bat bere hegaldiekin soinu ekarpena gehitzen hasi zitzaionean Anariren ‘‘Ez zara Vesta Vilovich’’ lelo indartsuari. Kantaria irratian; infernuko dronea, berriz, gelan, otsail erdialdean... Anarik disko berria, eta intsektuak... Zer esanik ez, kalera begiratu, eta gazte bat praka motxetan eta kamiseta tiradunarekin pasatzen ikusi nuenean, Ruperrek “Alberto Caeiroren bisita”-ri egin dion berrirakurketarekin gozatzen ari nintzela. Begiak igurtzi behar, bitan. Eta gaur gosariarekin, irakurri dut Jabier Muguruzak diskoa kaleratu duela... Martxoak 6 egun baino ez ditu eta dagoeneko estreinatu dira urtean zehar zeresan gehien emango duten diskoetako batzuk. Adi ibil daitezela Gerediagakoak, badirudi klima aldaketa iritsi dela euskal musikagintzara.