GARA Euskal Herriko egunkaria

«Armarria ez da adierazpen politiko bat», dio Atarrabiako alkateak


Atarrabiako alkate Mikel Oteizak Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren ebazpenari buruzko gogoeta egin zuen atzo NAIZ Irratian, azpimarratuz Euskal Herriko armarria «gure nortasunaren adierazpide kultural bat» dela, eta «ez printzipio politiko bat».

Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak herriko frontoitik Euskal Herria kontzeptua eta zazpi herrialdeen armarria kentzeko agindu zuen, eta neutraltasun politikoa urratzen duela argudiatu zuen epaitegiak.

Oteizak ez du konpartitzen ebazpenaren argudioa. «Jarri genuenean, duela 12 urte, ez genuen posizio politiko bat bilatzen, adierazpen kultural bat baizik. Euskal pilota, gure herriaren tradizioekin bat egiten duen sinbolo bat jarri genuen».

Ebazpena irmoa izan bitartean, aurrera begira zer neurri hartu aztertzeari ekingo diote orain, eta gizarte mailan ere erantzuna eman beharko zaiola aurreratu zuen Oteizak. «Informe bat eskatu diegu gure zerbitzu juridikoei, baloratzeko zein aukera dugun. Sententzia oraindik irmoa ez denez, astia daukagu. Herritarren aldetik seguru zerbait egin nahiko dugula, gure sentimenduen kontra doan sententzia bat delako», adierazi zuen.