GARA Euskal Herriko egunkaria

Erkoreka Xuhar «erruduntzat hartzeko kanpaina» egiten ari dela salatu dute

Erkoreka sailburuari erantzuteko prentsaurrekoa eman zuen Xuhar Herri Plataformak. (J.URBE | FOKU)

Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak Ertzaintzak foam balaz larriki zauritu zuen Xuhar gaztea «erruduntzat hartzeko kanpaina» abiatu duela salatu zuen atzo arratsaldean Xuhar Herri Plataformak Villabonan egin zuen prentsaurrekoan. Lakuako Segurtasun sailburuari «inpunitatearen apologia» egitea leporatu zion, eta galdegin Xuhar Poliziaren biktima gisa aitortu dezala.

Prentsaurrekoaren aurretik, Xuharrek eta bere gertukoek entzun behar izan dituzten esaldiak jasotzen zituzten kartelak ikusgai egon ziren plaza inguruan. Titular pare bat: «Erkorekak dio Tolosan Ertzaintzaren karga batean zauritutako gaztea ‘liskarretan parte hartzen ari zela’» eta «Erkorekak zalantzan jarri du Ertzaintzak Villabonako gaztea zauritu izana». Edo Ertzaintzaren %76 ordezkatzen duten sindikatuek emandako mezua, agenteek jokabidea «profesionala eta kirurgikoa» izan zela esanez.

«Gezur galanta, guztia», esan dute plataformako kideek, dozenaka lagunez inguratuta. Izan ere, astearte honetan Erkoreka sailburuak esandakoari erantzun diote atzoko agerraldiarekin, «sinesgaitza» baitzaie ordezkari publiko honen bertsioa.

Sailburuak biktimari egotzi zion gertatutakoaren errua, baieztatuz Xuhar inauterietako gau hartan sortu ziren liskarretan parte hartzen ari zela. «Zauritutako pertsona ez zegoen han kasualitatez, ez zegoen paseatzen. Istiluetan sartuta zegoen. Botilak, harriak, jaurtitzen zituzten eta aurpegiak estalita zituzten pertsonen ondoan zegoen bere grabazioa egiten», esan zuen prentsaren aurrean.

Honekin, «Hollywoodeko gidoilari onenei ere bururatuko ez litzaiekeen kontakizun sinesgaitza eraiki du Erkorekak», esan zuen atzo Xuhar Herri Plataformako bozeramaile Beñat Uribek.

Lakuako Segurtasun Saila «Xuhar erruduntzat hartzeko kanpaina» hauspotzen ari dela salatu zuen, eta gogora ekarri zuen foam balak lesio atzeraezinak eragin dizkiola gazte billabonatarrari eta, «biktima izaera ukatzeaz gain, errudun izaera ezarri nahi diotela» Lakuatik. Hori, argi adierazi zioten Erkorekari, «inpunitatearen apologia egitea da».

«Zaurgarri sentitzen gara gure segurtasuna behar duten horiek direnean, hain zuzen, gure giza eskubideak urratu eta larriki kaltetzen dituztenak. Umiliatuak sentitzen gara giza eskubideen urraketa horiek ekidin beharko lituzketen arduradunek biktima izaera ukatu eta erruduntzat jo nahi gaituztenean», esan zuten.