Ion SALGADO
GASTEIZ

AHT Gasteizko erdigunera heltzeko plana: lurrazpitik, baina datarik gabe

Lakuak atzo azaldu zuenez, AHTk lurrazpitik zeharkatuko du Gasteizko erdigunea, pantailen bidez eraikiko den 3,6 kilometroko tunel bati esker. Dena den, agintariek ez zuten eperik eman.

Gasteizko tren geltokia, artxiboko irudi batean.
Gasteizko tren geltokia, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak ostegun honetan iragarri zuenez, Espainiako Gobernuak onartu du Arkautiko lotunerako eta Gasteizen AHT sartzeko egin beharreko lanen ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Ministerioak argitaratutako oharraren arabera, trena pantailen artean sartuko da Arabako hiriburura, eta hiria zeharkatuko du Krispiña ingurutik Errekaleor ibaiaren gaineko bidegurutzeraino.

Europa Press agentziak argitaratu zuen zarataren kontrako babes hormen bitartez egingo dela sarrera. Baina informazio hori ez da zuzena. Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailetik GARAri atzo azaldu ziotenez, pantailen xedea ez da zaratari aurre egitea.

Sail horretatik zehaztu zuten lurperatzea aurrera eramateko eraikuntzan erabiltzen den teknika bat dela. 17 metroko hormak jarriko dituzte eta, ondoren, hustu egingo dute barruan dagoen lurra. Helburua da 3,6 kilometroko tunela sortzea teknika horren bitartez, Pedro Asua kaletik Salburuako Bulebarrera.

EPERIK GABE

Dena den, gasteiztarrek itxaron egin beharko dute gaur egun hirigunea zeharkatzen duen trenbidea desagertzeko. Izan ere, Espainiako Gobernuaren oharrean ez da eperik ezartzen lanak aurrera eramateko, eta Iñaki Arriola sailburuak ere ez zuen data zehaztu ostiral honetan bidalitako agirian.

«Horrelako obretan epeak luzeak dira, baina urrats sendoak ematen ari gara AHT Euskal Autonomia Erkidegoan errealitate bihur dadin», adierazi zuen, AHT «funtsezko azpiegitura» dela nabarmenduz.

Gasteizko alkatea den Maider Etxeberriak ere atzo argi utzi zuen agintariek ez dakitela noiz amaituko diren trenbidea lurperatzeko lanak.

«Epeak askoz ere laburragoak izatea gustatuko litzaidake. Izapideak benetan luzeak dira, baina erakunde gisa ezin dugu araua hautsi. Garrantzitsuena da AHT lehenbailehen iristea. Eta ingurumen inpaktuaren adierazpena oso pauso garrantzitsua da», adierazi zuen prentsaurreko batean.