GARA
DONOSTIA

Donostiako Udalaren ostatuen moratoria «antzua» dela uste du Bizilagunekin-ek

Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman dio ostatu erabilerei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari, eta Udal Batzarrera eramango du behin betiko onarpenaren erabakia.

Aldaketa honekin ostatu eta establezimendu turistikoen ezarpenari buruz urtebetez indarrean egon den moratoria beste bi urtez luzatuko du. Bizilagunekin, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma, ez dator bat moratoria horrekin. «Salbuespenez betea eta urria» dela salatu du. «Erabaki antzua da, azken urteotan turistifikazioari eman zaion bultzada kontuan hartuta, sortutako kalteak leheneratzeko».

Ohar baten bidez nabarmendu du, Plan Orokorrean txertatutako aldaketaren ondoren, ostatu eta establezimendu berriak ireki daitezkeela Aiete / Miramon, Altza, Amara, Amara Berri, Añorga, Bidebieta, Egia, Igeldo, Intxaurrondo, Loiola, Martutene, Morlans, Loiolako Erribera, Txomin-Enea eta Zubietan bizitegi lurzati gisa izendatuta ez dauden eremuetan. Adierazi dute «zirrikitu legalak» utzi dituztela, «bizitegi eremuetan ere lizentziak baimentzeko».