GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA

Cerro Torreko hego-ekialdeko ibilbidearen lehen igoera femeninoa iritsi berri da

Maud Vanpoulle, Fanny Schmutz eta Lise Billon frantziarrek hiru egun behar izan dituzte mendiak duen bide ospetsuenetarikoa eskalatu ahal izateko. Hirukote horrek iaz egin zuen ekinaldi bat.

Vanpoulle, Schmutz eta Billon frantziarrek arrakasta handia lortu dute Cerro Torren. (Lise BILLON)

Patagoniak ez du inor epel uzten. Argentinako orratzei dagokienez, El Chaltenera hurbiltzen den bakoitzak berezko eskarmentua eta bizipenak izaten ditu. Hurrengo protagonistei ere gauza bera gertatu zaie. Orratz eta mendi estetiko horien hormak lehen aldiz ikusi eta haien sarean erori ziren. Eta horien guztien artean bada bat erakarpen berezia duena: Cerro Torre.

Bada, Maud Vanpoulle, Fanny Schmutz eta Lise Billon frantziarrek historia egin dute hego-ekialdeko ibilbidea eskalatu ondoren. Marra horri hainbat urtez “Compresor” deitu diote, eta, hain zuzen ere, alpinista eta mendi-gidari horiek bide horren lehen igoera femeninoa erdietsi berri dute. Sei aste itxaron ondoren, otsailaren amaieran, leiho on bat iritsi eta 23tik 25era arrakasta lortu zuten.

Hori guztia aurreratu ondoren, Billonek berak Cerro Torrek sortzen duen miresmenaren eta erpin horretan lortutakoaren inguruan honako hausnarketa egin digu: «Niretzat Cerro Torre eskalatzeak esanahi berezia du. Duela hamaika urte bisitatu nuen Patagonia lehen aldiz. Garai haietan dena ezberdina zen. Ni batez ere! Hango mendiak nola ikusi nituen eta nola mugitu nintzen berezia izan zen oso. Baina nire oroitzapenik ederrena da alderdi horrek sortu zidan sentimendua. Banekien niretzat berezia izango zela. Eta onartzen dut mendi horiekin maitemindu nintzela. Gogoan dut ere Cerro Torrek nire begietan zein bihotzean leku berezia hartu zuela. Inoiz ez dut ikusi hain dotorea eta ikaragarria den mendi bat. Perfektua da!».

Hori esan eta gero, argi geratzen da Billonek Cerro Torrerekin amets egin duela beti. Azken hamaika urteotan helburu izan du, eta, azkenean, bere bi sokakideekin amets hori egia bihurtu du. Vanpoullek eta Schmutzek ere erronka zuten, eta iaz hirurak elkarrekin saialdi batean murgildu ziren.

Iragan otsailaren amaieran, berriz, alpinista frantziar horiek saria jaso zuten. Billonek dio merezi izan duela hamaika urte itxaroteak: «Aurtengoa urte ona izan da. Prest nengoen, eta Cerro Torre hego-ekialdeko ibilbidetik igotzeko kide egokienak nituen. Une hori noiz iritsiko ote zen itxaroten egon naiz. Eta, agian, azken bidaia honen giltza hori izan da. Pazientzia izan dugu; izan ere, sei asteko itxaronaldia izan da. Baina leiho ona iritsi eta ondo aprobetxatu genuen. Bazirudien arrakasta lortzeko den-dena lerrokatuta zegoela».

Nortasun handia duen jarduera horretan, jakina, zalantzak alde batetik eta bestetik azaldu ziren. Baina hirukotea oso motibatuta zegoen, eta sendo ekin zioten lehen urratsari: «Baldintzak ez ziren oso perfektuak. Hotza egiten zuen, eta hurbiltzeko bidean bezperan botatako elurra genuen. Orokortasunetik at ibili gara. Horrekin esan nahi dut orainean zentratu ginela. Luze bat, gero bestea… Hori ere giltza izan da. Une honetan hirurok ala hirurok sinatu dugun eskaladaren inguruan dugun sentimendua etxean baino ehun aldiz handiagoa da. Uste dut oraindik ez dugula lur hartu. El Chaltenen zoriondu digute, eta hori gertatu den bakoitzean emozionatu gara».

TALDE SENDOA

Irakurtzen den bezala, hiru protagonistok oraindik ia ez dute sinetsi Cerro Torren lortu duten arrakasta. Baina batez ere Billonentzat ukitu berezia du; izan ere, bi egoera oso ezberdin bizi izan ditu. Bere lehen bisitan Jerome Sullivanekin ekinaldi bat egin zuen. Eta hori ezbehar batekin amaitu zen; hain zuzen ere, Billonek berak izan zuena. Hamaika urte beranduago zirkulua ixtea lortu du.

Patagonian elkarrekin zenbait espedizio egin dituztenez, frantziarrok ez zuten zalantzarik iaz bezala Cerro Torre izango zela helburu nagusia: «Batzuek galdetu digute zergatik ez dugun bide samurrago bat aukeratu. Adibidez, “Ragni”. Baina mendiaren ekialdeko horma eta goiko sekzioak duen elur-perretxikoa ikusten badituzu, ingurumari hartako beste orratzekin eta bideekin ahantzi egiten zara. Horregatik, hego-ekialdeko ibilbidean sartu ginen. Iazko eskarmentuak asko lagundu digu. Badakigu erronka oso handia zela. Pixka bat beldur ginen, baina bagenekien ez duela konpromiso oso handia. Eta hori diogu igotzen zaren lekutik rappelatzen duzulako».

Inork ez du zalantzan jartzen hiru eskalatzaile hauek tematiak izan direla. Sei aste El Chaltenen ia ezer egin gabe egotea ez da batere erraza. Batez ere haizeteek eta elurteek ez zuten zirrikitu txikiena uzten saialdi bat egiteko.

Baina, zorionez, leiho on txiki bat iragarri zieten. Eta gehiegi pentsatu gabe, Cerro Torrera abiatu ziren: «Leiho hori espero genuen baino txikiagoa izan zen. Ekinaldia hasi aurretik, Niponinora tresneria garraiatu genuen. Ondoren, ezer gutxi egiteko aukera izan genuen. Gure helburura abiatu ginen lehen egunean elur asko zegoen, eta Paciencia izeneko lepoa, hots, bidea hasten den lekua ez zegoen baldintza egokietan. Ez zen batere segurua handik ibiltzea, eta horregatik saialdi bat egitera irten ginen. Sentsazio bera izan genuen bigarren egunean. Artifizialeko sekzioak denbora asko eskatu zigun. Alabaina, presiorik gabe eskalatzen ari ginen. Eta pixkaka Cerro Torreri metroak kendu genizkion. Egun horretan, adibidez, hamabosgarren luzean bibaka egin ordez, hemeretzi garrenean egin genuen. Edonola ere, oso pozik ginen eginiko lanarekin. Eta horrek motibatu gintuen biharamunean gailurra lortzeko».

Leiho on txiki hori ere beste sokada batek aprobetxatu zuen. Eta, hortaz, hirugarren eskalada eguna frantziarrek Scott Bennett eta Tyler Allen estatubatuarrekin partekatu zuten. Azken sokada horrek asko animatu zituen: «Alabaina, hasieran lehia txiki bat izango zela pentsatu genuen; batez ere, bibaka egiteko lekuan lehenak izateko. Izan ere, hain goian oso toki egoki gutxi daude. Mamu hori burutik kendu eta onartu behar dugu elkarrekin ondo konpondu ginela. Giro ona, alegia. Gainera, sokada bat baino gehiago han goian egoteak segurtasun handiagoa ematen du».

Eskalatu duten bideari dagokionez, Billonek adierazi du ederra dela, beste mundu bateko mistoko egiturak, izotzean luze ikusgarri bat eta sona handia duen headwalla eskalatu zituztelako.

Horretaz gain, Cesari Maestrik bide hori zabaltzerakoan paretan bertan zintzilik utzi zuen zulagailuari aipamena egin nahi izan dio: «Maestri asko kritikatzen dugu izan zuen jokabidearengatik, baina, hala ere, tresna handi hori hara eramatea ez da txikikeria bat. Uste dut garai haietan egin zutena benetan handia izan zela! Gure igoeran eskuin aldera jo genuen artesi batzuetara igarotzeko. Baina jaitsierako rappeletan gure oinak iltze horien gainean jarri genituen».