XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Mari Paz Jimenez eta Julen Iztuetaren lanak, elkarri hizketan Ekain galerian

XX. mendeko euskal artearen panoraman lehen emakumetakoa izan arren, ezezaguna da oraindik Mari Paz Jimenez. Haren lanei irakurketa berria egin die Julen Iztuetak, ohikoa duen gisan generoa eta identitatea ardatz hartuta. Jimenezek bere bizitzaren azken etapan -1966tik 1974ra- sortutako margoen eta Iztuetak ondu berri dituen collageen arteko elkarrizketaren lekuko dira Ekain galeriako paretak apirilaren 13ra arte.

Atzean, Mari Paz Jimenezen margoak. Aurrean, Julen Iztueta, bere collageen artean.
Atzean, Mari Paz Jimenezen margoak. Aurrean, Julen Iztueta, bere collageen artean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mari Paz Jimenezen (Valladolid, 1909-Donostia, 1975) eta Julen Iztuetaren (Anoeta, 1987) sorkuntza lanak elkarri konpainia egiten aurkituko ditu bisitariak Ekain galerian. Martxoaren 2tik ikusgai daude Jimenezen margoak, eta joan den ostegunean iritsi ziren Iztuetarenak. Apirilaren 13ra arte daude han bi sortak.

Belaunaldi hain desberdinetakoak izanik, komunean dituzte hainbat puntu. Horiek ikusita gonbita egin zion galeriako arduradun Rita Unzurrunzagak Iztuetari. «Jimenezen lanak Iztuetarenekin ondo ezkontzen direla iruditu zitzaidan, azken honek erabiltzen duen hizkuntzarengatik». Jimenezen -Mari Paz bezala ezaguna giro artistikoan- artelanak berrirakurtzea, horixe zen proposamena.

ABSTRAKZIO POETIKOA

Jimenezen lanek hartu dute galeriaren areto nagusia. Mihise gaineko olioak dira ia denak. Bat salbu, egur gainean egina. «Azken garaiko lanak dira, 1966tik 1974ra. Mari Paz handik urtebetera hil zen. ‘Abstrakzio poetikoa’ deitutako garaiari dagozkie», zehaztu du Unzurrunzagak.

Bigarren aldiz zapaldu dute galeria Jimenezen koadroek. «2010. urtean Ur taldekoei -Alejandro Tapia, Javier Arocena, Jose Gracenea eta Carlos Bizcarrondo- erakusketa egin nien. 89 urterekin azken hau bakarrik geratzen da bizirik. Mari Paz Jimenezen, bere amaren obraz hitz egin eta etxera joatera gonbidatu ninduen. Erabat txundituta geratu nintzen. 2016an sei bat koadro erakutsi nituen galerian, eta harrezkero galeriako fondoan beti daude bere lanak», kontatu dio GARAri. Orain jaso dituenak ez ditu egoera onenean aurkitu. «Artelanak gordetzea da beti zailena, hezetasunak kalte egiten die-eta. Kamera hiperbarikatik pasa ditugu, pipia kentzeko», azaldu du.

Erakusketa bada Euskal Herriko artegintzan oraindik ezezaguna den emakume bati fokua jartzeko bidea. XX. mendeko euskal artearen panoraman lehen emakumea izan zen, baina inor gutxik daki bere berri. San Telmo Museoak 2021ean sustatutako “Baginen bagara” erakusketan bazen bere margorik. Emakume artisten ikusezintasunaren logikak aztertu zituzten proiektu hartan Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak.

«ARGIA ILUNERA»

Gurasoak ijitoak zituen. Sei urterekin iritsi zen Donostiara haiekin batera. Oihalen denda izan zuten. Arteari emana bizi izan zen. 1936an Argentinan babes hartu zuen Alfredo Bizcarrondo -Bilintxen biloba- senarrarekin batera. Buenos Airesen bizi izan ziren 1945. urtera arte, eta han egin zuen bakarkako lehen erakusketa.

«Donostiara bueltan, argia ekarri zuen garai ilun hartara. Inspirazio iturria izan zen Mari Paz garaiko intelektualentzat. Gaur taldearen erakusketetan ez zuen parte hartu emakumea zelako, baina taldetik kanpokoetan parte hartu zuen egile handi haiekin», esan du galeristak.

Jorge Oteizaren laguna, Euskal Herriko garaiko artista nagusiekin harreman estua izan zuen. Eskulturagile oriotarra desiratzen egoten omen zen Jimenezen etxean berarekin hitz aspertuan aritzeko, beti hizpide zuelako intereseko gairen bat. Paris, Madril, Bilbo eta Donostian erakusketa ugari egin zituen Jimenezek. Estilo asko jorratu zituen margolariak. Pariserako etengabeko bidaiei esker, korronte berritzaileetara hurbildu zen eta hasierako estilo surrealista eta fantastikoak espresionismo kubistara eboluzionatu zuen. «Pigmentuen, hondarraren eta hautsaren erabilpenaren bidez materiari eman zion garrantzia. Kutsu eskultoriko handia daukate», Unzurrunzagaren esanetan. Plano zabalak, leunak, ia monokromatikoak, ñabarduraz beteak eta bere hasierako surrealismo mistikoarekin bat egiten dutenak ditu ezaugarri erakusketan ikus daitekeen Jimenezen obrak. Pitzadurak, zuloak, tolesturak eta gorputzari egindako erreferentziak ere suma daitezke.

«Kolorea, forma, poesia eta abar, helburu bat lortzeko bitarteko teknikoak baino ez dira; nire kasuan, irteera bat, ihesbide bat, pitzadura bat edo espazio-espetxeko zulo bat, gainditu ahal izateko». Jimenezek esana da.

Bere obren pitzadura eta hutsuneekin lotura sentitu du Iztuetak. «Ohiko lan moldeetatik urrundu eta sorkuntza bide berrietan barna ausartu naiz. Artistaren egoa alboratu eta Mari Pazen ondarean murgiltzea izan da», aitortu du anoetarrak.

Modako aldizkariak erabiltzen dituenez, gorputzean zentratzen da. «Aldiz, proiektu honetan inguruko espazioaren kolore eta hutsuneekin lan egin dut. Modu horretan berarengana hurbildu naiz. Gordeta izaten dudan paper bilduman lehenengo koloreari dagokionez, Mari Pazen lanen antzekoak direnak aukeratu nituen. Eta ondoren, gorputza kendu. Oso poetikoa izan da. Mari Pazen lanak ere irudikatzen du nolabait gorputza, abstrakzioraino eramaten du. Lan egiteko modu berri hau nirekin geratu da».

Prozesuaren hasieran artistarengana hurbildu da, ondoren bere bidera itzultzeko. «Hutsuneak sortu eta, behin bion obran erlazioa zegoela ikusi nuenean, nire aldera ekarri nuen, gorputza berriz erdigunean jarriz», azaldu du.

Liburu zaharretako eta aldizkarietako irudiak berrerabiltzen ditu. «Edonoren eskura dagoen materiala da. Irudiz bonbardatuta gauden uneotan garrantzitsua iruditzen zait materiala berrerabili eta zerbait berria sortzea, irudiei esanahi berria ematea».

Bizirik dauden piezak dira bereak. Paper geruzak ez daude erabat itsatsita, airea uzten du tartean. Azpian zer dagoen deskubritzera gonbidatzen du ikuslea. «Arte galeria baten testuingurua ez da horretarako aproposena, baina nire obrak ez dira sakratuak, hartu eta atzealdea ikus diezaiekezu. Askotan bi kristalen artean sartzen ditut, bi aldeak agerian utziz», argitu du.

IDENTITATEA

Generoa eta maskulinitatearen gaiak landu ditu betidanik Iztuetak. «Ijitoa eta emakumea izanda, garai hartan arte sorkuntzara dedikatzea... Berarekin hitz egin nahiko nuke jakiteko bere identitatea nola osatu zuen testuinguru hartan», esan du.

“Espacialismo íntimo” izenburupean aurkeztu ditu lanak: «Lucio Fontanak sortu zuen espazialismoaren mugimendua. Zuloak egiten zizkion koadroari. Badago elkarrizketa horrekin».

Beste artistengan izan zuen eragina nabarmendu du. «Ohiko heziketa izan zuen, baina asko irakurritakoa zen. Inguruko artistei bultzada eman zien. Beste mugimendu artistikoen garaikidea izan zen, hurbila, baina distantzia batera mantendu zen», gogoratu du.