AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

Gatazka handien atzean dauden bizipenak bildu ditu Bea Salaberrik

Mikrohistoria asko kabitzen da «gatazka handien» gerizpean. Horietako zenbaiti forma eman die Bea Salaberrik ‘‘Mesfida zaitez’’ (Txalaparta) eleberrian: ETA erakundearen laguntza sarean aritu diren emakumezkoen «historia domestikoa» kontatu du.

Bea Salaberri, Txalaparta etxearekin argitaratu duen eleberria eskuartean.
Bea Salaberri, Txalaparta etxearekin argitaratu duen eleberria eskuartean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asko idatzi izan da ‘‘euskal gatazka’’ izendatu denaz, letra larritan betiere. Eta gutxi, gutxiegi oraindik, gatazkak utzi dituen orbainez. Batez ere emakumezkoenez. Hor jarri du fokua Bea Salaberri donamartiriarrak, ‘‘Mesfida zaitez’’ (Txalaparta) eleberrian.

Ideia lagunarteko solasaldi batean sortu zitzaiola kontatu du: «Preso egona zena, presoaren senidea... batu ginen lagunartean. ‘‘Patria’’, Saizarbitoriaren ‘‘Martutene’’... sortu ziren garaia zen, eta esaten genuen: nork kontatuko du guk bizi izan duguna?, azken 40 urteotakoa? Beldurra, ezinegona, askatzeko gogo bat... Hor bada beste egia bat, balio duena besteak bezainbeste, eta ez dena agertuko historia liburuetan».

Alta, urteak eman ditu ‘‘Mesfida zaitez’’ izango zenaren oinarriak finkatzen. Irakurri ditu gatazkarekin lotutako hainbat eleberri, saiakera eta dokumentu, eta jaso ditu lekukotasunak, iheslarienak, preso egondakoenak, senideenak. Ardura sentitu du gaiarekiko. «Interesa beti izan dut borroka armatuaren gaiarekin. Atxilotuak, engaiamendu muturrekoa izan dutenak egon dira lehen lerroan, eta baziren entseguak gaiari buruz, eleberri batzuk... Horiek irakurtzean konturatu nintzen jende xehea, batez ere emazteak, geratu direla bigarren planoan». Literaturak gizonezkoak eman ditu lehen lerrora, eta, gainera, emakume militanteen inguruan zenbait klixe eraiki dira, «badirudi zuzenean inplikatu direla nahi gabe edo emazte maiteminduak dira bestela, erabiliak». Adibide modura, Saizarbitoriaren ‘‘100 metro’’ aitzindarian hiru protagonista daudela ekarri du gogora, «bat hila, bigarrena atxilotua eta hirugarrena emaztea. Beti pentsatu zer gertatu zen berarekin, zein ziren Michele Manasseren motibazioak».

Ideia horiek buruan hasi zen eleberria lantzen, protagonista nagusi bat eraikitzen, Laurendia izenez ernatuko zena. Baionara lekualdatutako baxenabartar gaztea da Laurendia, euskaltzaletasunetik militantziara sartu eta ETA erakundearen laguntza sarean parte hartzen hasten dena. Kontzientziatik, libreki. Salaberrik bildu dituen testigantzen ispilu da neska gaztea, eta honen inguruan badira zenbait pertsonaia osagarri, gizarte txiki bat; «iheslariak, munduaren beste aldetik itzuli direnak, sasitarrak... Euskal Herri hori nahi nuen kontatu, etxeetan gertatzen dena».

Xehetasun horiek biltzea izan da, donamartiriarraren hitzetan, zailena. «Pertsonaiak anitzak dira, eta pertsonaien iturriak ere anitzak izan dira. Jendea hitz eginaraztea izan da zaila; jendeak ez du hitz egin nahi bere engaiamenduaz, xehetasun gutxi ematen du», nabarmendu du, orbainen sakona agerian utziz, eta, beraz, pertsonaiak osatzeko iturri ezberdinetatik edan eta zenbait xehetasun «osatu edo asmatu» dituela aitortu du.

LIZARRA-GARAZITIK ARMAGABETZERA

Nobelak bi atal ditu. Lehenak Lizarra-Garazi akordioaren garaira darama irakurlea (1995etik 2005erako tarte hartzen du) eta bigarrena armagabetzearen inguruan kokatzen da (2014tik Luhusoko armagabetze zibilera artekoa). Salaberriren aburuz, bi garaiok «biziki aberatsak» izan ziren. Lizarra-Garazik «ilusio handia» piztu zuen, baina berekin etorri ziren, baita ere, hainbat «okertze»: «Atxiloketa masiboak izan ziren, ‘‘Egunkaria’’-ren itxiera... egun bat denek atxikiko duguna». Bigarren atala armagabetzearen aitzineko fasean kokatzen da, «non berriro ikusten diren hainbat traba». Eleberria bi garaiotan kokatzeak beste bide bat ere ireki dio Salaberriri: «Lehenengoan bilatzen da [erakundean] sartzea, eta bigarrengoan, hortik ateratzea».

Eszenatoki nagusia Baiona Ttipia da, bertako kaleak, «eta batez ere tabernak». Giroan «indarra egiten» ahalegindu dela dio, musika erreferentziak ere topatuko dituela irakurleak, baita ezagun zaizkion kokalekuak ere. Horretarako, memoria lan «domestikoa» egin du: «Ostatu batzuen lekuak desagertuak dira, nire belaunaldiak ere ahaztua du hor egon zirela. Hor dago memoriaren problema: lekuak, kontuak ahazten baditugu hamar urteren buruan, horiek ekarri behar dira literaturara, iraungi ez daitezen», ohartarazi du.

Laburpen modura, eleberri honetan «zerbait fidela» eman nahi zuela zehaztu du, jakinik «egiak duen problema dela ez dela bakarra: bi pertsonak gauza bera kontatzen dutelarik, oso ezberdina da. Denek ez dute irakurketa berdina egingo liburuaz, errealitateaz ere egiten ez dugun bezala».