Imanol CARRILLO
ATHLETIC

Ordubete gutxiago Las Palmasen eta hiru puntu gehiago Bilbon

Guruzetak ireki du markagailua lehen ordu erdia betetzean, Nico Williamsen erdiraketa itxi bat buruz baliatuz; eta Cocok, bere atean, bigarren gola eman die zuri-gorriei bigarren zatian, Vivianekin lehian zela. Athleticek bi puntura du laugarren postua.

Gorka Guruzeta, Las Palmasen Athleticen lehen gola ospatzen, ondoan erdiraketa egin zuen Nico Williams duela.
Gorka Guruzeta, Las Palmasen Athleticen lehen gola ospatzen, ondoan erdiraketa egin zuen Nico Williams duela. (AGENCIA LOF)

Hiru puntu gehiago poltsikora! Athletic bolada oso onean dago, eta hori zelaian ikus daiteke, bai joko aldetik, bai emaitza aldetik ere. Kopako finala pixka bat alboratuta -baina ez ahaztuta-, orain zuri-gorriek Europa dute helburu. Eta pauso handia eman zuten atzo Las Palmasi irabazita eta larunbatean Cadizen aurka 2-0 galdu zuen Atleticori hiru puntu murriztuta. Laugarren postua, Txapeldunen Ligakoa, orain bi puntura dute bizkaitarrek.

Gran Canaria zelaian espero zen partida ikusi zen. Las Palmas baloia atzetik ateratzen saiatzen zen bitartean, baloia ukitu eta ukitu, Athleticek goi presioa mantendu zuen. Ernesto Valverderen jokalariek eroso jokatu zuten lehen zatiaren parte gehiena, atzean arazorik izan gabe. Nico Williamsek 12. minutuan ezkerretik erdiratu egin zuen bere eskuin hankarekin, itxita, eta baloia atezainaren eskuetara joan zen. Lehen abisua.

Bi minutu geroago, Beñat Prados izan zen saiatu zena. Area kanpotik, alderatze bat aprobetxatuz, jaurtiketa egin zuen, ahal zuen moduan, baina Valles atezainaren eskuetara joan zen.

Lehen ordu erdia iritsi zenean sartu zuen gola Athleticek, Nico-Guruzetaren konexioari esker. Williams anaia txikiak ezkerretik erdiratu zuen berriz ere, eskuin hankarekin itxita eta baloiarekin goxo jolastu ondoren, eta bigarren zutoinean buruz pikatuta gola egin zuen aurrelari gipuzkoarrak. Partidak itxura bera mantendu zuen, baina Las Palmasek urrats bat aurrera egin zuen Sandro Ramirezen bidez, eta hor izan zituen etxeko taldeak aukerarik garbienak berdindu ahal izateko.

ONDO MANEIATUTAKO PARTIDA

Etxekoek, kontuan izanda gauza gehiago zituztela jokoan, hobeto hasi zuten bigarren zatia. Hala, Kirianen jaurtiketa, ezkerretik egindako erdiraketa batean, kanpora joan zen oso gutxigatik. Baina pixkanaka Athletic berriro ondo ezarri zen zelaian, eta bigarren gola egin zuen. Vivianen burukada saio bat bere atean sartu zuen Saul Cocok 66. minutuan.

Dena ez zen positiboa izan Athleticentzat. Yurik zelaia utzi behar izan zuen izterrean min hartuta, eta kanariarrek beldur pixka bat sartu zieten zuri-gorriei. Ordura arte arratsalde nahiko lasaia izandako Unai Simonek geldiketa bikaina egin zion, lurretik eskuineko oinarekin, Las Palmasko aurrelari bati, baloia kornerrera bidaliz. Hortxe amaitu ziren etxekoen aukera guztiak. Athleticek oso ondo maneiatu zituen azken minutuak, hiru puntu lortzeko eta Europa gertuago ikusteko.