DONOSTIA
Interview
LARRAITZ UGARTE
Abokatua eta Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun diputatu ohia

«Diru publikoaren erabilera desegokia salatzeagatik ondorioak jasan genituen»

Duela hamarkada bat baino gehiago azaldu zen «Bidegi auzia». Gainkostuak antzeman zirenean, Bilduko Larraitz Ugarte abokatua zen Azpiegitura eta Mugikortasun diputatu Gipuzkoan. Aferak «kostu pertsonala» izan zuela aitortuz, garai hartan ikusi zuenaren lekukotasuna ekarri zuen NAIZ Irratira.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Hamarkada bat baino gehiago pasatuta, «Bidegi auzia» behin-behinean artxibatzeko agindu zuen Azpeitiko epaile batek. Handik aste batzuetara, oraindik ere salatutako afera ebazteke zegoela adieraziz, EH Bilduren helegitea onartu eta auzia berrirekitzeko agindua eman zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, 80.000 eurora arteko ikerketa eskatuz.

Eta guztiaren erdian, erantzuteke dagoen galdera bat. Zer dela-eta izan zen AP1 errepideko Gipuzkoako obren zati batean halako gainkostua? Epai irmorik gabe halakorik zehaztea «ausartegia» litzatekeela uste du Larraitz Ugartek, argi du ordea ezker subiranista Gipuzkoako Foru Aldundira heldu ostean, sakoneko aldaketak izan zirela obren finantzaketa eta kontratazio ereduetan. «Gu egon ondoren obrak modu efizienteagoan likidatzen dira», nabarmendu zuen, eurena ondasun publikoekiko kezkak bultzatutako salaketa izan zela ziurtatuz, eta ez auzi politiko bat, beste alderdi batzuek salatu bezala. «Egin genuen uste dugulako diru publikoa ondo erabili behar dela eta zor geniela gipuzkoarrei», adierazi zuen.

Ikerketa

Lehen eskutik ezagutzen du afera Ugartek, bera baitzen Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun foru diputatua, AP1 errepideko Arlabango Gipuzkoako tartean gainkostuak detektatu zirenean. Hala, kronologia txiki bat eginez, «garaiko testuingurua kontuan hartu behar dela» azaldu zuen. Izan ere, 2004 eta 2011 artean obra asko egin ziren Gipuzkoako errepideetan.

«Lehengo gauza ikusi genuena izan zen obra horietan izugarrizko gainkostuak izan zirela. Beti egon daitezke gainkostuak, baina betiere portzentaje batzuen mugetan. Muga guzti horiek gainditu egin ziren, eta konturatu ginen obra askotan %45etik gorako gainkostua zegoela», ohartarazi zuen abokatuak.

Ondoren, 2013an, Bergara inguruan obra egiten ari zirenean, lur horiek depositatzeko toki bat behar zutela gogoratu zuen, baina ez zuten aurkitzen. «Kasualitatez, teknikariek aipatu ziguten bazegoela Aretxabaletan deposito huts bat. Hasi ginen dokumentazioa begiratzen, eta sorpresa zen aurreikusten zela beteta egon behar zuela, baina toki asko zegoela», adierazi zuen.

Momentu horretan detektatu zuten «ordaindu zirela 900.000 metro kubiko lur eraman gabe zeudenak, hutsik zegoelako biltegia». Dokumentazioa begiratu ondoren, ohartu ziren hau puztu egin zela, gehiago ordaintzeko enpresa eraikitzaileei. «Hor hasi genuen ikerketa eta konturatu ginen milioi dezenteko zuloak zeudela», esan zuen.

Afera kudeatzeko hartu zuten bidea azalduz, Ugartek nabarmendu zuen Gipuzkoako Aldundiko «gainontzeko gobernukideen babesa» izan zuela eta lehenengo kereila aurkeztu zutela, «salatuz bazeudela 14 milioi euro ordaindu zirenak eta justifikatu gabe zeudenak», aipatu zuen.

Ibilbidean aurkitutako oztopoen inguruan, Ugartek «epaitegiek dituzten mugak» aipatu zituen, eta Ertzaintza eta UCOren ezetza jaso zutela ikerketa bat abiatzeko. «Ez zegoen bide publikoen bitartez ikerketa hau baieztatzeko modurik», gehitu zuen.

Eraso politiko eta mediatikoa

EAJk egin duen gaiaren erabilera politikoa eta mediatikoa kritikatu zuen Ugartek. «Kontuan hartu behar dugu aurretik Gobernuan egon zirenen partetik zer nolako eraso politiko eta mediatikoa egin zuten gure kereilaren aurrean».

«Herri honetan, gaur-gaurkoz, diru publikoaren erabilera desegokia egin delako salaketa bat jartzeagatik eta egia ezagutzeko ibilbide bate egiteagatik ondorio pertsonal eta profesionalak jasan daitezke. Mehatxuak ere esplizituak izan ziren», azpimarratu zuen.